Beharrak beharra ereiten du

2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Duela egun gutxi, EITBko zuzendari jaunaren elkarrizketa bat entzun nuen; eta bihotzean min sentitu nuen. Euskal Irrati Telebistako zuzendari jauna jardunean, eta euskaraz aritzeko nahiko lan. Nire aburuz, gure herrian euskarak gaur egun ikus-entzunezkoetan duen lehentasuna neurtzeko guztiz esanguratsua izan zen elkarrizketa hori.

Poza eman zidan duela pare bat aste politikari bati entzun nionean euskara dela euskaldun egiten gaituena. Berehala, ordea, zera otu zitzaidan, agian etxean bertan hasi beharko lukeela argitzen bere tesia.

Oraintsu bete berri ditu berrogei urte EITBk. Ospakizuna ikusi ahal izan dugu; eta hari buruzko ika-mikak ere bai: etxean bertan oso entzutetsuak izan diren langile ezagun batzuk, guztiz erreferentziazkoak, sareetan kexu azaldu dira ospakizunak izan duen kutsuagatik. Nire zalantza da ospakizuna bakarrik ote den sumindura horien arrazoi. Norberak egin dezala interpretazioa.

Gogoratzen naiz, ondo gogoratu ere, nire belaunaldikoentzat ETBko euskarazko katea zela erreferente, telebista eta kate hori sinonimo zirela. Pentsaezina egiten zitzaigun marrazki bizidunak edo telesailak erdaraz ikustea, eta, egokituz gero, guztiz arrotz egiten zitzaigun. Egun, jakitun naiz gazteen artean errealitatea bestelakoa dela, baina askotan otu izan zait ea behar duen lehentasuna ematen ari garen gaiari, hurrengo belaunaldiek nahikoa erreferente euskaldun izan ditzaten.

Oker egon naiteke, baina, irakurri eta ikusten dudanaren arabera, badirudi gero eta erreferentziazko film, telesail, marrazki bizidun... gutxiago ekartzen direla euskarara. Egun, ez al luke alderantziz izan behar? Egun, dugun eskaintza zabala kontuan izanik, gure kate publikoan ez al luke izan beharko lehentasuna eduki gehiago, eguneratuagoak eta kalitatezkoak eskaintzea, gazteek euskaraz kontsumi dezaten?

EITB bere lehen pausoak egiten hasi zenean, helburuetako bat, denon kate publikoa izateaz gain, euskararen ezagutza eta erabilera hedatzea zen. Gaur egun, ez nago ziur pausoak aurrera edo atzera egiten ari den. Berrogei urteren ondoren, ETBko euskarazko kateari benetako lehentasuna emateko urratsak egiten hasi beharko genukeela uste dut. Esango nuke gaztelaniazko euskal kateari baliabide gehiago eta garrantzi handiagoa eskaintzen zaizkiola. Eta hori, audientziaren izenean? Agian egon litezke beste arrazoi batzuk ere.

Imajinatzen al duzue egoera berdina Katalunian? Ezinezkoa, han jada bertako katea guztiz katalanez baita. Badirudi, gainera, bertako kate erreferentea izaten jarraitzen duela, nahiz eta erabat katalanez izan. Nahiz eta esan dut, baina hala esan beharko nuke?, edo agian horixe da benetako arrazoia? Beharra bezalakorik ez omen dago ikasteko.

Aditu eta hizkuntzalariez gain, gazte asko ere badirudi kezkatzen hasiak daudela gure hizkuntzaren erabileraren egoerarekin, sortu berri den Gazte Euskaltzaleen Sarea ekimena horren adibide, eta egin berri den manifestazioa Donostian, euskalgintzaren hamaika eragilek babesturik. Ikus eta ikas dezagun, beraz; beharrak asetzen has gaitezen, berandu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.