Eskolarako bide seguruak? Abusu polizialak stop!

Hafsa Tahir eta Aitor Alustiza Nazabal
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Goiz atera gara gaur etxetik, behingoagatik garaiz iritsi gaitezkeeskolara. Goizeko bederatziak dira Gasteizko Alde Zaharreko Fray Zacarias kalean eta Ertzaintzaren furgoneta batek zeharkatzen du Landatxo kiroldegia. Eskolaz kanpoko ekintzetatik atera gara, arratsaldeko seiak dira Alde Zaharrean eta Ertzaintzaren bi furgoneta daude eskola kalean, bi gazte dituzte Landatxo parean paretaren kontra. Igandea da, Rafa plazan ohi baino haur gutxiago daude jolasean, munizipalen kotxea pasa da hirugarrenez kontrako norabidean eskolakokaletik, lau gazte daude solasean parkeberriko gradetan eta haiengana doaz dokumentazio eske. Badirudi gure seme-alabek panorama hau normaltzat jotzen dutela dagoeneko, kezkatzekoa da.

Duela hilabete atxilotu zituzten gaztetxeko soinu teknikaria eta auzoko okina, bortizki biak, antza, ageriko arrazoirik gabe. Horrela daude gauzak gure auzoan azken hilabeteetan, eta ez, auzo militarizatu batean ez gara seguruago bizi...

Haur txikiak eskutik zintzilik daramatzagula, patineteekin harrapaketan edo ezkutaketan ibiltzea gustuko dutenekin gabiltzala, ez dugu segurtasun sentsaziorik poliziaz betetako kaleetan. Ez da auzo seguruagoa, larritasun egoera etengabean jartzen gaituzue, tentsio etengabean. Eta beldurra zabaltzen dute, bizilagunen arteko beldurra. Batzuetan gelditu egin izan gara begira, eta laster etortzen da harrokeriaz ertzain bat galdezka, horrek deseroso jarriko balu bezala... Benetan beharrezkoak dira hamabi polizia 17 bat urteko gazte bi identifikatzeko?

Esan dezagun argi: gure auzoan poliziak identifikazio eta jazarpen arrazistak eramaten ditu aurrera egunero. Eta ohitu egin gara; askotan, komunikabideen zalapartak hauspotuta, justifikatu egiten da gazte magrebtarren kontrako ehiza bortitz hau. Trapitxeoan ibiltzen dira, diote batzuek. Badakigu hori ez dela arazoa, San Markos kantoian ez da larunbat gau batean Mateo Moraza kalean baino droga gehiago kontsumitzen. Arazoa pobreak direla da eta arrazializatuak... hori da hauspotu nahi den beldurra. Gaztea eta magrebtarra izatea delinkuentziarekin berdindu nahi dute. Eta hori... hori ez dizuegu erosten, auzo honetan hamarkadak daramatzagu bizikidetza auzokideon artean eraiki nahian eta jakin badakigu auzokideon arteko beldurra dela horren etsai nagusienetako bat.

Desberdintasun sozialak areagotu ahala, gatazkak areagotzen dira, guk ere horiek bizi ditugu, ez ditugu ukatzen, ez ditugu ezkutatzen. Arazoak izaten ditugu, elkarbizitza arazoak. Eta bestelako planteamendu batzuetatik aurre egin nahi diegu, elkar ezagutzatik, elkar aitortzetik, loturak sortzetik. Halaxe ikasi dugu egiten Gasteizko Alde Zaharrean, altxorra diren bertako kale hezitzaileekin, Goianekin, auzo elkartearekin, norbanakoekin... Askotan ez dugu asmatu, eta berriz arazoak, berriz gatazkak. Ez ditugu formula magikoak, baina argi dugu gure kaleak seguruak izango direla elkar zaintzeko eta elkar aitortzeko gai diren bizilagunez betetzen ditugunean. Horretarako martxan jarri izan dira harrera planteamenduak, Ongi Etorri Alde Zaharrera programa, elkar laguntza sareak... eta oraindik ikasten jarraitzen dugu.

Auzoa poliziaz betetzeak, planteamendu hauek guztiak oztopatzen ditu. Bizilagun bezala, poliziaren arrazakeria eta gehiegikeriak salatu nahi ditugu. Guraso bezala, ez ditugu gure haurrak beldurra eta bortizkeria nagusi diren kaleetan hezi nahi, ezta auzokideon arteko etsaitasunean ere.

Horregatik, hurrengo alkateari eskatu nahi diogu arduraz joka dezan. Polizia gutxiago eta gizarte zerbitzu gehiago nahi ditugu. Arrazismoa oinarri duten razzia polizialak eten ditzatela berehala eta auzoko eragileek dituzten planteamendu sozialak balorez eta finantzazioz hornitu ditzatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.