Argi eta ozen, denak etxera!

Mikel Mundiñano eta Fran Balda
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Badakigu azken hilabeteotan herriz herri, auzoz auzo egiten ari den lanak oinarri sendoak jarriko dituela, eta horrek aukera emango duela aurrerago dinamika are indartsuagoa abian jartzeko, horretarako garaia da eta. Euskal presoak eta haien familiartekoak eta lagunak pairatzen ari diren eskubide-urraketaren aurrean, euskal gizarteak maiz erakutsi du prest dagoela mobilizatzeko eta konponbidea eskatzeko.

Horrek argi uzten du norabide onean ari garela, gero eta jende gehiago inplikatzen ari baita Sarek proposatzen dituen dinamiketan. Gizarte honek konponbidearen bidea eraiki nahi du, preso eta iheslariak etxera bueltatzeko bidea, bizikidetzara eta bakera daraman bidea.

Azaroaren 21ean berriz aterako gara gure herri, auzo eta hirietako kale eta plazetara, egun horretarako deitu ditugun hainbat ekimenetan parte hartzera. Ikusten duzuenez, ez gara gelditzen, ez dugu gelditu nahi. Eginahal guztiak egiteko prest gaude sufrimendu honi amaiera emateko, gure herrian behar-beharrezkoa dugun bizikidetza eta bakerako oztopoa delako. Lerro hauen bidez animatu nahi ditugu herritarrak, bidearen parte izan nahi duten guztiak, azaroaren 21ean kalera atera daitezen beste behin ere. Berrogei mobilizaziotik gora eginen dira gure herrialdeko luze zabalean, eskualde gehientsuenetan. Bat nabarmentzekotan, Iruñerriko mobilizazioa aipa dezakegu, arratsaldeko bostetan Sarasate pasealekutik abiatuko den manifestazioa, eta ondoren mosaiko batekin Foruen plazan amaituko dena.

Helburua presoak eta iheslariak etxera itzultzea da. Eta horretarako, urratsez urrats, bidea egiten jarraituko dugu. Aurrera begiratu eta aurrera egin nahi dugu.

Espainiako eta Frantziako gobernuei borondate politikoa eskatzen jarraitu behar dugu, eta horrekin batera salatu oraindik ere ehunka preso daudela etxetik urrun, kilometro askotara. Euskal presoen %40 etxetik 800 kilometrora daude, batez beste. 800 kilometro joateko, beste horrenbeste itzultzeko. Bestalde, %20 etxetik 500 kilometrora daude, batez beste. Azken hilabeteetako mugimenduekin ez da urruntze politika bukatzen, ez eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko politika ere. Urteetako sufrimenduari behin betiko soluzioa emateko borondate politikorik ez dagoen bitartean, horiek adabaki hutsak izango dira. Dudarik gabe, askoz hobea da edozein familiarentzat etxeko presoa hurbilago izatea, Algecirasen baino, Dueñasen edo Burgosen egotea. Askoz hobea da, jakina! Baina guk urruntze politika behin betiko amaitzea eta preso guztiak etxera etortzea nahi dugu. Argi eta ozen diogu: etxera.

Azken finean, egungo espetxe politikak ahalbidetzen du oinarrizko eskubideen urratze larriak gertatzea. Horrek agerian uzten duen ankerkeria amaierarik ez duen zigor erantsia da, ezin bestela ulertu. Horrexegatik, berriz ere, justizia eta salbuespen-erregimenaren bukaera eskatuko ditugu, biak ukatzen ari zaizkielako euskal presoei. Espetxe politika honen aplikazioaren alderik larriena da, larritasuna neurtzerik badago, ez duela legezkotasunik eta ez dituela errespetatzen presoen oinarrizko eskubideak, preso egoteagatik galtzen ez diren arren. Izan ere, zenbait eskubide ezin zaizkie epai batekin kendu preso daudenei. Eta kentzen ari zaizkie.

Azkenik, aldarrikatu nahi dugu euskal presoak eta haien senideak ez daudela bakarrik eskubide-urraketa horien aurrean, kalean gero eta gehiago garelako haien duintasunaren, haien eskubideen eta haien etxeratzearen alde borrokan.

Segi dezagun lanean orain arte bezala. Unea iritsi da. Gehiengo politiko, sindikal eta sozialak ere hala eskatzen du. Ezin da betikotu egoera hau; benetan bizikidetzara daraman bidean aurrera egin nahi badugu, espetxe politika krudel hau amaitu eta preso eta iheslariei etxerako bidea zabaldu behar diegu. Helburua lortu arte, urratsak ematen jarraitu behar dugu. Eta gelditzen bagara, indarrak hartu eta berriz ekiteko gelditu. Segi dezagun bidea egiten, izan gaitezen bidea. Bidea gara, bidean gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.