Eskubideen alde, borrokak elkartu

Jesus Mari Aranzegi eta Manu Odriozola
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Pasa den urtea greba orokorrarekin hasi genuen Hego Euskal Herrian. Langile mugimendua ilusioz eta konfiantzaz bete zuen mobilizazioa izan zen. Arrakasta itzela eman genion eta aurrerapauso benetan garrantzitsua izan zen, azken hamarkadan kendutako eskubideak berreskuratzeko borroka bateratzea planteatzen baitzuen.

Ilusioa eztabaidarekin elkartu zen: «Greba ondoren zer?». Gure planteamendua oso konkretua izan zen: ezin dugu atzerapausorik eman, bide honetatik jarraitu behar dugu, greba komiteak zabalduz eta indartuz, greba orokor gehiago eginez, eta horri eutsi behar diogu gure aldarrikapenak lortu arte.

Osasun krisiaren oztopoen gainetik, greba orokorra altxa zuten borrokek, funtsean, aurrera jarraitzen dute,ez baitago beste alternatibarik. Pentsiodunak, hezkuntzako eta osasun alorreko langileak, zerbitzuen sektore pribatizatuak (jantoki, erresidentzia, etxez etxeko laguntza…), administrazioan prekaritatean dauden 50.000 langileak… eta baita itxierak eta kaleratzeak egiten ari diren enpresetako langileak ere. Baina borroka horiek guztiak banan bana zatiturik planteatu dira.

2020a oso urte mingarria izan da langileentzat. Pandemiaren ondorioak oso gogorrak izaten ari dira, milaka eta milaka kutsatze eta heriotzarekin. Baita ABEE aldi baterako enplegu erregulazio zaparradarekin eta horien eskutik datozen erregulazio txosten eta kaleratzeekin, batez ere kontratu prekarioan zeuden gazteen artean. Bistakoa da gobernu zentralaren zein EAEko eta Nafarroako gobernuen neurri eta politikek porrot egin dutela. Arrazoia oso konkretua da: ukatzen jarraitzen dute osasun sistema publikoak blindatzeko behar dituen milaka milioi euroak, ez dute hezkuntza publikoa erreskatatzen eta geletako ratioak murrizten, adinekoen egoitzen eta beste hainbat zerbitzuren pribatizazioarekin negozio handia egiten jarraitzen dute.

Argi dago, benetan mantendu nahi dutena enpresarien irabazi ekonomiko izugarriak direla, enplegua suntsituz, zor publikoa handituz eta murrizketa gehiago eginez.

Borrokaren gorakada berri bat gertatu da azken hilabete hauetan Tolosaldean: pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak eta manifestazioak jarraipena izan dute; emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren aurkako ekintzak egin dira; presoen eskubideen alde eta eskubide demokratikoen alde mobilizazioak egin dira; hainbat gazte antolakundek okupatutako guneen defentsan jardun dute; Sahara eta Palestinako herrien aldeko elkarretaratzeak egin dira. Gaur, inoiz baino gehiago, arrazoi gehiago ditugu eskualderako ospitale publiko bat aldarrikatzeko. Botikinaren garaipenak erakusten du borrokak fruituak ematen dituela.

Sobera baldintza eta arrazoi daude greba orokorraren bideari berriro eutsi eta borrokak bateratzeko. Haserrea langile klasearen zainetan bor-bor egiten ari da. Argi dago bide bakarra langile klasearen kaleko borroka dela. Konfiantza eduki behar dugu gauzak aldatzeko dugun indar ikaragarrian. Egoera larria bada, are sendoagoa izan behar du borroka horrek. Beharrezkoa da borrokak koordinatzea eta kaleko mugimendu sozial guztiarekin bateratzea, greba orokorraren bideari berriro helduz.

Urtarrilaren 30ean manifestazio benetan garrantzitsua egin zen Gasteizen. 7.000 pertsonatik gora izan zinen enplegu duinaren alde kaleak bete zituztenak, borrokan ari diren 50 bat enpresa-batzorde eta hainbat kolektiboen deiari erantzunez. Jarraitu behar dugun bidea erakusten du.Hori posible da, eta horren erakusgarri da Gasteizen egin zen mobilizazio ikusgarria. Greba orokorra behar dugu Euskal Herrian eta Estatu osoan. Langileok gizartea eraldatzeko boterea eta indarra baitugu.

Batu ditzagun indarrak! Gora langileen borroka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.