Eskola eta euskara: gela bereiztuak?

Amelia Barquin, Leire Diaz de GereƱu
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Aspaldian, eskari honen aldarrikapena zabaldu da euskara eta eskolatzearekin lotuta: lehen eskolatze-mailetan familia-hizkuntza euskara duten ikasleak ez bereiztekoa eta gela desberdinetan ez banatzekoa, hain zuzen.

Gure ustez, ulergarria eta zentzuduna izan daiteke eskaria. Behin baino gehiagotan ikusi dugu ikasle euskaldun gutxi batzuk bi edo hiru gelatan sakabanatzen, partekatu behar den baliabide moduan kontsideratuta. Baina ez dirudi oso errealista pentsatzea sakabanatuz gero gainerakoen euskalduntzean modu esanguratsuan eragingo dutenik, bereziki zenbait testuingurutan. Eta, aldiz, ikasle horiek gela berean mantentzeak ez luke aparteko arazorik ekarri behar eta lagungarria izan zitekeen, beste faktore batzuen artean, euskaraz komunikatzen jarraitzeko. Hala ere, estrategia hori orokortzeak, eta, adibidez, ikasle euskaldunentzako gela bat eta ikasle ez-euskaldunentzako beste bat sortzeak (horrenbeste ikasle dagoenean eskola berean), ondorio sozial garrantzitsuak izan ditzake. Eta ondorio horiek aurreikustea eta aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Ez dugu uste etxetik euskaldunak direnak aparteko geletan bereizte hutsak (ez eta kontrakoak ere) euskarak gaur egun eskolan dituen erronka ugariak konponduko dituenik. Jakina, lehentasunezkoa da etxeko hizkuntza euskara duten ikasleentzat euskararen erabilerak erraztuko dituzten estrategiak bilatzea. Baina, era berean, etxeko hizkuntza euskara ez duten ikasleengan erabilera sustatzea ere halabeharrezkoa dugu, nor bere abiapuntutik. Euskara familia-hizkuntza izan ala ez, inguruneak eta euskararekiko jarrerek eragin handia dute batzuen zein besteen erabileran, eta askotariko eragileak ditugu egun etxetik euskaldunon euskara erabileran eragiten dutenak.

Halaber, familia-hizkuntzaren arabera bereiztu diren ikasgeletako esperientzien gainean dagoen ikerketa faltak zaildu egiten du irizpide zehatz eta fidagarriekin erabakiak hartzea, eta norbere intuizioaren menpe geratzen da eztabaida. Bitartean, euskal hezkuntza-sistemaren aukera orokorrena da etxeko hizkuntza ezberdinetako ikasleek gela partekatzea.

Bi aukerek orientabide didaktiko desberdinak dituzte, eta, euskararen egoera hain zaurgarria izanik, aukera bakoitzaren arrakastarako baldintzak aztertu eta ikertu beharra dago. Nolanahi ere, egungo egoerak ikasgelan ikasleen hizkuntza profilen aniztasunaz jabetzea eta hizkuntza-eskakizun bakoitzaren beharrei erantzutea eskatzen digu.

Familia euskaldun ugarik kezka dute, jakina, beren seme-alaben euskararen erabilera murriztuko den, eta, bestetik, familia ez-euskaldun batzuek bidegabekeria eta diskriminazio sentimendua gara dezakete familia hizkuntzaren araberako eskolatzea gertatzen bada. Horri gaineratzen badiogu euskal eskola-sisteman klase eta jatorriaren arabera dagoen segregazioa, bada, gaiak ez du aterabide onik. Egungo testuinguruan, familia-hizkuntzaren araberako eskolatzea segregaziorako beste ardatz bat bihur liteke, eta ondorio soziopolitiko nabarmenak ekar ditzake. Zer mezu helarazten die estrategia horrek ikasle askori, tokiko nortasunaren eta euskal kultura eta hizkuntzaren parte izatearen sentimendua garatzeko orduan? Horrek ez al luke eraginik izango ikasle horien euskararekiko jarreretan eta ikaskuntzan?

Joaquim Dolzek 2021eko urriaren 28ko Eskola Hiztun Bila jardunaldietan gai honi buruz egindako adierazpenetan esan bezala, garrantzitsua da ikasleen hizkuntza profilaren araberako ikaskuntza-prozesuak bereiztea, baina ez da gauza bera hori eta gela ezberdinetan bereiztea. Aniztasuna aintzat hartuta, aterabide ziurragoa ikusten dugu hizkuntzen didaktikari eta euskararen ahozko erabilerari (bai ikasgelan, bai eskola-testuinguruan) zentraltasuna eta lehentasuna ematea.

Esperientzia luzea dugu askotariko ikasleen euskalduntzean, baina egungo baldintzetan ikasleak hiztun aktibo bilakatzea erronka nagusi dugu. Gizartea aldatuz doa etengabe, eta euskararen egoeran horrek eskatzen du ikertzea, birpentsatzea eta epe erdirako eta luzerako ondorioak irudikatzea, gizarte euskaldunago eta bidezkoago bat lortzeko estrategia eraginkorrak bilatzekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.