Amore ematea ez da aukera

2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da Pedro Sanchezen gobernuaren jarrera Sahararekiko aldatu zenetik. PSOEren tradizioari jarraikiz, PSOEren traizioa, bertze bat. PSOE eta Pedro Sanchez bera behin baino gehiagotan sahararrek duten autodeterminazio eskubidea defenditzetik Marokok eskainitako autonomia sahararrek onartu beharko luketela esatera igaro dira, norabide-aldaketa lotsagarria emanda. Deitu aldaketa, deitu traizioa, nahi duzun gisara deitu, baina iritzi aldaketa horren benetako arrazoiak ez dira ezagunak oraino, ezta ze negozio edota negoziaketa egin ziren gordean ere norabide aldaketa nabarmen hori justifikatzeko. Ez dirudi kasualitatea denik garai bertsuan atzematea Pegasus espioitza programak ministro zenbaiten eta are Sanchezen beraren sakelakoan; Marokoko Inteligentzia Zerbitzuek zer duten gorderik, batek daki.

Sahararen aldeko ekintzaile Maider Saralegik, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik itzuli berriak, hango egoera latzaren berri eman du: sahararrak zapuztuta daude, gero eta gehiago, gero eta haserreago, gero eta abandonatuago. Errefuxiatuen kanpamentuetako egoera gero eta zailagoa da, eta azken urte honetan okerrera jo du nabarmen. Bizi baldintzak gero eta makurragoak dira, urteak aurrera egin ahala gero eta estuago bizi direlarik.

Beste ekintzaile euskaldun batek, Koro Azkonak, ikusi berri du Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako errealitateak iraunkortasuna bermatzeko eginak direla, osasunaren eta hezkuntzaren inguruan eraikiak eta 47 urtez iraun dutenak; horregatik Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan alfabetatze-tasa biziki handia da, %97koa, SEAD zapaltzen duen Marokoren tasa baino hagitz handiagoa. Bistan da, ez dago esaterik errefuxiatu kanpamentuetan ongi daudenik, baina duintasunean oinarritutako errefuxiatu kanpamentu bakarrak dira munduan eta, tamalez, azken hamarkadetan errefuxiatu kanpamentu gehiago sortu dira han-hemenka mundu osoan zehar, baina ez daude Saharako errefuxiatuen kanpamentuak bezala antolatuta; egia da elikagaien prezioak garestitu direla izugarri—hemen igo badira, pentsa han!—, baina ez dezagun ahaztu gosea pasatzen ari badira, neurri handi batean, besteak beste, Estatu Espainolaren erruz dela. Gosea eta diru beharra baino gehiago, larriena da asperdura, ahaztuak sentitzea, hainbeste urte iraganda egoera latz horretan; Nazio Batuen Erakundeak agindutako erreferendumaren zain.

Esperoan eta desesperoan, ez da harrigarria, beraz, ezkortasuna nagusitzea—Marokoren uztarri peko zonaldean, baita kanpamentuetan ere—, poliki-poliki itxaropena higatzen omen. Baina ezin da galdutzat eman, sekula ez; eutsi behar zaio goiari —eta beheari eta erdikoari, behar izanez gero—. Historiak erakutsi digu lehenbizi zapalduen gogoa puskatzeko ahaleginak egiten dituztela zapaltzaileek, eta behin amore emanda, zapalduen bizitzak puskatzen dituztela. Horregatik amore ematea ez da aukera.

Iruñerrian bizi eta ikasten dabilen Salma Mohamed neska gazteak dioenez, «Sahara betidanik eta betiko izanen da haren seme-alabentzat, Saharan sortu eta bizi direnentzat, Sahararen alde borrokatu eta haren askatasunaren alde bizia eman zutenentzat, bakea lortzearren amore eman ez zutenentzat, hamaika aldiz Sahara libre! oihu egin, egiten eta eginen dutenentzat».

Idazki hau bukatzeko, sahararrentzat hain berezia den ramadana hasi berria izanik, Ramadan mubarak, zorioneko hilabetea izan dadila zuentzat eta zuen senideentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.