Sarean euskaraz bizitzeko prest

2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Teknologiak pertsonen arteko komunikaziorako modu berriak ekarri ditu gurera; besteak beste, Telegram, Twitter, Instagram eta Whatsapp erabiltzen ditugu gure egunerokotasunean elkarren artean komunikatzeko. Euskaraz hitz egiten duen ahobizi bat sarean eskubizi dela esan genezake mezuak edo txioak euskaraz idatziz gero; eta, euskaraz aritzeko gonbita botatzen duen eta entzuteko prest dagoen belarriprest bat sarean begiprest bezala identifika genezake euskaraz idatziz ari denari irakurtzeko prestutasuna erakutsiko balio. Sareak bi norabideetarako komunikazioan ahozko zein idatzizko komunikazioa ahalbidetzen ditu. Beraz, ahobizi, eskubizi, belarriprest eta begiprest izan gaitezke sarean, aipatutako definizioen arabera.

Definizio horiek, ordea, entzumen, ikusmen, ahoskera zein psikomotrizitate gaitasun konkretu batzuk ditugunoi begira zuzenduta daude. Esaterako, ikusmen-arazoak izanez gero, igorleak bidalitako testu-mezua belarriprest moduan jaso lezake, ordenagailuak edo mugikorrak testua automatikoki ozen irakurriko balio; edo, mezu-hartzaileak, entzumen-arazoak izanez gero, igorleak bidalitako ahots-mezua automatikoki testu bihurtuta jasoko balu, belarriprest izatetik begiprest izatera pasako litzateke, ahots-mezua begietatik helduko balitzaio. Beraz, bakoitzak egiten duen hautua adierazteko aldaera desberdinak egon daitezke norberaren gaitasunen arabera, baita saretik kanpo ere; izan ere, braillez idatzitako testu bat irakurtzen duena eskuprest dela esan liteke.

Baina, itzul gaitezen hasieran aipatutako eskemara, hau da, alde batetik, ahoz hitz egin eta belarriz entzun, eta, beste alde batetik, eskuz idatzi eta begiz irakurri. Esan bezala, sarean biak erabiltzen ditugu elkarren arteko komunikazioan. Baina, euskaraz hitz egiteko hautua hartzen duen ahobizi oro euskaraz idazteko hautua egiten duen eskubizia al da? Era berean, euskaraz dakienari euskaraz hitz egiteko gonbita egiten dion belarriprest bat sarean euskaraz idazteko gonbita egiten duen begiprest irakurlea litzateke? Eta euskaraz tutik ez dakien bat izan al daiteke belarriprest? Eta begiprest?

Gaur egun, teknologiak testuen itzulpenean aurrerapen handia egin duenez, lasai asko imajina dezaket euskaraz tutik ez dakien begiprest bat nik idatzitako txioak irakurtzen, itzultzaile automatikoa dela medio. Teknologiak hizkuntzaren komunikaziorako eskaintzen dizkigun abantailez balia gaitezen euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzeko. Hizkuntza osasuntsuagoa izateko, ahobizi, eskubizi, belarriprest eta begiprest gehiago behar ditugu, bai kalean bai sarean.

Euskaraz lasai aritzeko ariguneen bitartez, ahobizioi zein eskubizioi lasaitasunez euskaraz hitz egin eta idazteko eskubidea bermatzen zaigu. Baina euskaraz irakurtzeko hautua egiteko baldintzak ez dira betetzen gaur egun, ezta euskaraz entzutekoak ere; izan ere, gizarte honetan begibizi edo belarribizi izateko bide luzea egiteke dugu.

Bestalde, ariguneetan euskaraz lasai aritzeko bermea dugu, euskaraz egiteko gonbita egiten duten belarriprest eta begiprest direnek, hurrenez hurren, entzuteko zein irakurtzeko prestutasuna agertzen dutelako ere. Horietako batzuk lasai asko izan zitezkeen ahobizi edota eskubizi; beste batzuen kasuan, aldiz, pauso hori ematea ez da berehalakoa; izan ere, hizkuntzaren garapen-prozesuan ahobizi izateko hautua egiten denean ahoprest egoera batetik egiten da salto, eta eskubizi izateko, idazteko, eskuprest egoeratik. Ahoprest eta eskuprest horiek —sarean eta saretik kanpo— aktibatuko bagenitu, ahobizi eta eskubizien multzoa zabalduko litzateke, eta euskaraz bizitzeko aukera gertuago izango genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.