Beharrezkoa dena egin dezagun

Koldo Zarate Onaindia - EHEko kidea

2020ko urriak 16

Durangoko Plateruena kafe antzokiak abenduan ateak itxiko dituela ezagutu berri dugu. Zinez albiste tristea urteotan Plateruenako erabiltzaile izan garenontzat. Baina bereziki albiste kezkagarria euskararentzat eta euskal kulturarentzat. Plateruena ixtearekin euskarak arnasgune erreferentziala galduko du eta euskal kulturak azpiegitura oso garrantzitsua.

Baina Plateruenaren itxieraren gertaera espezifikotik harago, itxiera hau sakonagoko korronte kezkagarrien adierazle da. COVID-19aren pandemiak areagotu dituen baina lehenagotik datozen egiturazko eraldaketa sozial, kultural, teknologiko, ekonomiko eta politikoen adierazle da. Bestelako mundu batera eramaten ari gaituzten eraldaketak.

Plateruenaren itxiera, eraldaketa horiei aurre egiteko herri gisa eta hizkuntza-komunitate gisa beharrezkoa dena egiten ari ez garelako sinboloa da. Oraindik ez da berandu, baina atzeratuta gabiltza, zalantzarik gabe.

Euskararen normalizazio-prozesua ez doa ondo. Ez, ez doa ondo. Hamarkada daramagu bidegurutzetik atera nahi eta ezinean. Asko da aurreratutakoa, bistan da, baina bertan ditugun garai mehatxagarriek dakartzaten erronkei aurre egiteko beste dimentsio bateko neurriak behar ditu euskarak. Euskararen normalizazioan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eragingo duten erabakiak hartu behar dira epe motz batean. Zama guztia herritarren bizkar utzita eta errealitatea desitxuratu nahi duten mezu «positiboen» lilurara mugatuz gero, euskararenak egin du. Plateruena bezalako arnasguneetan euskarak eutsi ahal izango dio epe batez, baina jauzi hori egin ezean, arnasgune horiek euskaldunen erreserbak bilakatuko dira, eta lehenago ala beranduago, horiek ere erdaren ozeanoan desagertuko dira.

Era berean, euskal kulturgintzaren egoera zaurgarria dugu guztiz. Aurrez kezkagarria zena, pandemiak kinka larrian utzi du euskal kultur sortzaileen eta kultur azpiegituren egoera. Instituzioen laguntzak huskeriara mugaturik eta limosna kutsuarekin; kultur azpiegiturak biziraun ahal izateko etengabeko borroka nekagarrian (Plateruenarekin ikusi dugun bezala); euskarazko kultur sorkuntzak hedabideen ikusezintasuna pairatu beharrean, salbuespenak salbuespen, bereziki kezkagarria izanik hedabide publikoetan duen presentzia eskasa; hori gutxi ez eta globalizazio uniformizatzailearen enbatak bere aurpegi kulturala ere badu, mundu osoan kultur adierazpide bakar batzuk eta kultura jasotzeko modu bakar batzuk gailentzen ari direlarik. Hori guztia, mota guztietako bertako botereen (instituzional, ekonomiko zein mediatikoen) bedeinkapen eta utzikeria osoarekin.

Horregatik, instituzioei exijitzen diegu behingoz gure hizkuntzaren eta kulturaren aldeko neurri estruktural eraginkorrak har ditzaten. Ez da hitz politen edo eraginik gabeko neurri sinbolikoen garaia. Euskalgintzarekin eta kulturgintzarekin parez pare eseri, diagnostikoa partekatu eta egoerak eskatzen dituen tamainako neurriak adosteko garaia da. Euskararen alde egotetik euskararen alde beharrezkoa dena egitera igarotzeko unea da. Euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko garaia da.

Hori lortzeko, euskaltzaleok altxatu eta kalera ateratzeko garaia dugu. Instituzioak presionatzeko, eta herri eta hizkuntza-komunitate gisa galbidera garamatzaten joera linguizida eta uniformizatzaile horiei aurre egiteko. Beste garai batzuetan egin bezala, euskaltzaleok gure hizkuntza euskara eta euskal kulturaren defentsan aktibatzeko unea dugu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Debatea

Debatea

Kirmen Uribe

Trumpen eta Bidenen arteko lehiari begira jarri da Kirmen Uribe ere, aste honetako New Yorkeko munduak podcast-ean.

 ©Malen Amenabar Larrañaga / Txakur Gorria
Itziar-Ondarroa
Hamabostaldia Mexikon

Hamabostaldia Mexikon

Kirmen Uribe

Berezko dudan baikortasun, ezen ez xalotasun, honek traizionatu egiten nau batzuetan. Gaztetan maite nuen Emil Cioran-en ezkortasun beltza, baina orain, zer esango dizuet, nahiago dut Bertrand Russell-en inkonformismo bizizalea. Uste genuen abuztuaren bukaeran gauzak hobeto egongo zirela Covid-aren kontuarekin, Europa eta Estatu Batuen arteko mugak zabalduko zituztela eta ez genuela arazorik izango New Yorkera itzultzeko. Baina ez da izan horrela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna