Negarra

Isabel Canales Arrasate eta Maialen Akarregi Martinez
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Etzazu negarrik egin» esan zidan. Hasieran ez zuen ulertzen nik berak besarkatzea baino ez nuela behar. Orain badaki. Neu ere hor nabil. Mundu emozional oso diferenteetatik gatoz baina elkarrekin ikasten gabiltza.

Zenbatetan entzun dugu «ez egin negarrik»? Batez ere umeei esanda, gizonezkoei zer esanik ez. Baita emakumeoi ere. Zenbatetan esan dugu, geure burua justifikatzeko beharra sentituta, «hormonak dira, barkatu»? Zelan heldu gara justifikatzeko beharra sentitzera? Non dago idatzia umeen sentimenduak erreprimitu behar direnik eta non helduak (emakumezkoak badira errazagoa da) infantilizatu behar ditugunik krisi batean aurrera egiteko? Hormonak, hormona zorionekoak eta kultura, eta jasotako heziketa, eta barneratutako ereduak… Eta errealitate gordin hau...

«Zergatik ezin gara parkera joan, aita? ». Eta «ezin izan genion adiorik egin, ezin izan genion eskutik heldu», «debekatua dugu paseatzera joatea, senitartekoak ere ezin dira etorri guri bisita egiten; hemendik hilkutxa batean baino ez gara irtengo...». Edota «ez isolatu ni, mesedez, ezin dut bete, lan gabe geratuko nintzateke», «aitita-amamak zainduko dute umea, nork bestela? Klaro direla zaurgarriak, baina esadazu zelan egiten den ume txikia daukazunean eta zaintzeko baimenik ez». «Ez esajeratu, gu funtzionarioen herrian bizi gara», «ezin dizuegu ordezkorik jarri, ez dago kontratatzeko medikurik ezta erizainik ere. Lana aurrera ateratzea zuen ardura da, dauzkazuen baliabideekin».

Horiek denak kontatu izan dizkiot hil hauetan guztietan lanetik etxera heltzean. Han jasoak denak. Batzuetan negarrez eta askotan haserre. Ezin genuelako gehiago. Gogorregia zelako. Paparrean mina sentitzen genuelako. Etengabe galdetzen nion: «Baina zelan lortu da norbanakoaren gainean erantzukizunaren pisu osoa jartzea? Zelan lortu dute, nagusiki egitura kontua izanda, umeak, gazteak... seinalatzea, pobretutakoak, hauskorrenak zigortzea?».

Medikuak eta erizainak badaude baina ihes egin dute, azken 10-15 urtetan bereziki, datuak hor daude. Juan Simoren testuak irakurri besterik ez dago. Bazekiten. Lehen Mailako Osasun Arreta hilzorian dago. Ondo tratatzen zituzten lekuetara joan ziren. Baina itzuli daitezke. Aukera bat dago: Zerbitzu Publikoetan inbertitzea. Umeak ez dira inoiz hiperkutsagarriak izan; zientziaren arabera, kontrakoa ematen du. Barkamena eska diezaiekegu. Zaharrek zer esana izango dute honetanguztian. Entzun eta errespetatu ditzagun. Denok ez gara funtzionarioak. Denok ez dugu balkoia, ezta bentanarik ere. Gogorra da gure errealitate burgesetatik urrun dauden bizi-baldintzak existitzen direnik ere onartzea. Baina egin dezakegu. Eta zaintza, zaintza ez da bakarrik aitortu eta prestigiatu behar. Zaintza ordaindu egin behar da, legez erregulatu. Ezin da derrigortu, baina bera barik ez dago bizirik.

Mundu oso diferenteetatik gatoz. Errealitate osoa behar dugu. Ondorioak pairatuko dituztenak ezinbestekoak dira protokoloak egiten direnean. Aditukraziak ezin ditu kanpoan utzi. Haiek dira beren bizitzetan adituenak, Juan Gervasek eta Mercedes Perez-Fernandezek esaten duten moduan.Chomskygaurko katastrofe klimatikoak eta demokraziaren hondatzeak kezkatzen dute. Parte-hartze zabal eta irekian oinarritutako gizartea asmatzean egongo da gakoa. Denak behar ditugu. «Logika kapitalista gainditu beharra dago». Sindemian ere bai. Sindemia gainditzeko.

Ez da birusa bakarrik. Gizartea ere bada. Tripetan zeozerk egin digu krak hilotan. Ez genekien zer zen. Argitzen gabiltza eta altuan pentsatzen. Elkarrekin errazagoa izango da.

Eta horrela amaitzen zen askotan eguna. «Besarkatu nazazu, besterik ez» esan diot. Eta orain bera hasi da gauza bera eskatzen: «Zainduko nauzu? Besterik ez dut nahi». Hor gabiltza, ikasten, batzuetan barreka eta bestetan negarrez.

Askotan negarraldi eder baten ostean etortzen da irribarrerik sakonena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.