Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Nola idatzi zutabe bat

Julen Azcona -

2022ko abuztuak 4

Bere lehenbiziko eleberrian, Cristina Morales idazle granadarrak berea ez zen diskurtso bat erabili zuen hitzez hitz, jatorria inori esan gabe. Testuak estatu mailako sari bat irabazi zuen 2012an, Moralesek soilik 27 urte zituela, eta argitaratua izan zen. Kritikak nobelaren kutsu aurrerakoia eta aldarrikatzailea azpimarratu eta garaian gori-goria zegoen M-15 mugimenduarekin konparatu zuen. Denborarekin, idazleak hitz horiek bereak ez zirela onartu zuen, Ramiro Ledesmarenak baizik, Falangearen fundatzailearenak. Trikimailu horri «tranpa literarioa» deitu zion. Egun, Los combatientes (horixe da liburuaren izenburua) berrargitaratu da Anagrama argitaletxe ospetsuan, eta Morales Estatuko Literatur Sari Nazionalaren irabazlea da. Nobela, esan beharra daukat, ez dago gaizki.

Ez dut testu honetan M-15aren eta faxismoaren arteko nahasteari buruz hitz egingo. Interesatzen zaidana da Moralesek, orri zuri baten aurrean jarri zenean, arazorik eduki ez izana besteren obra bat lapurtzeko. Plagioa (nolabait deitzeagatik) ez da kulturan, noski, Moralesek (edo estatuak) asmatu duten ideia bat. Haurrek hainbeste disfrutatzen dituzten ipuinak herriaren ahozko errepikapenean oinarritzen dira. XXI. mendeko filmak remake-z beteta daude (zenbat aldiz ikusi dugu zineman armiarma Spiderman hozkatzen?). Pop musikan, beste artista baten abestia berrerabiltzeari sample esaten zaio (Rosaliak Justin Timberlake abeslariaren eta Destiny's Child taldearen melodiak eta letrak erabili ditu, eta C. Tanganak, Alejandro Sanz eta Rosario Floresenak, besteak beste). Nora Ephronek, When Harry met Sally komedia zoragarriaren gidoilariak, artean zein bizitzan dena kopia dela esaten zuen. Everything is copy. Marketinean adituak direnek izen bat eman diote fenomeno honi: retelling. Birkontatu.

Kasu hauek guztiak burura etorri zaizkit BERRIArako lehenengo zutabea idazten hasi naizenean. Nola izan originala 2.250 karaktere baino gutxiagotan, astean bitan, hilabete oso batez (nahiz eta hilabete hori abuztua izan, eta jende guztia oporretan egon)? Ez dakit. Hatzak teklatuan jarri, arnasa hartu, originaltasuna ez gurtu, Jainko faltsua, egia esan, neure ahotsa bilatu, beti besteena entzun.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...