Ainhoa Sarasola.
Durangoko 54. Azoka. Autoekoizpenak

Nork berea egin, eta azokara

2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Goizean ateak ireki eta berehala, jendez lepo bete dira Landako guneko korridoreak beste urte batez. Ikasleak izan dira nagusi Durangoko Azokaren lehen egunean, nahiz eta denetariko jendea ere ibili den joan-etorrian. Eta salmahaietan ere, denetarik: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak... Argitaletxeak eta diskoetxeak beren lan guztiekin etorri dira. Baina baita beren obrak beren kabuz ekoitzi dituzten hamaika sortzaile eta kolektibo ere. Autoekoizleena ere bai baita azoka. Gero eta gehiago.

Autoekoizleen Plazak biltzen ditu horietako batzuk. Bi salmahai hartzen ditu gune horrek, eta hamalau lan berri eraman dituzte hara hainbat sortzailek, euren bitartekoekin ondutakoak. Denetariko lanak han ere: ipuinen bidez haurrek yoga egiteko kartak eraman dituzte Maite Arrese eta Margi Egigurenek; xakearen jatorriari buruzko hipotesiak aztertzen dituen liburua Patxi Angulok; elkarlanean osatu duen Herensugeen itzulera ipuin ilustratua Errasti-De la Maza familiak; Ekologista naiz, baina... kontsumo jasangarrirako gida Gorka Egiak; disko bat Bankako Menditarrek; Xaxardi ipuina Joana Zigandak eta Iker Uribek; Kaka dantzaria izenekoa Bego Goitiak...

Badira gehiago ere. Lehen urtea du Autoekoizleen Plazan Saroa Bikandik, eta Azalerako ipuinak lanarekin etorri da. Ahozko literaturatik edaten duen disko bat dela azaldu dio BERRIAri, pozarren, lehen alea saldu berritan: «Oso produktu autogestionatua izan da hasieratik, beste proiektu batetik hasi zena. Peru Magdalena eta biok, Hegoak proiektuan, literaturaren eta irakurzaletasunaren inguruko egitasmo asko ditugu: tailerrak, poesia, ipuin kontaketak... Horietako bat zen hau. Liburutegietara joaten gara txikitxoei kontuak kontatzera, eta, beraz, proiektuak berak eskatzen zuen zerbait zen diskoa». Etxegiroan proiektuko kideekin topo egin zuen saio horietako batean, zeintzuek literatur audioak sortzen dituzten. «Perfektua zen; ez da musikara dedikatzen den diskoetxe bat, baizik eta ahotsera, gure arlo berera». Elkarlan horretatik iritsi da diskoa Autoekoizleen Plazara. Bikandik azaldu duenez, Gerediaga elkarteak hartarako egiten duen deialdian izena eman zuten. Bertan biltzekoak ziren sortzaileen artean bilera egin zuten, eta txandak eta bestelakoak adostu zituzten. Hala ateratzen dute aurrera euren gunea.

Bikandiren txanda berean zebilen Ainhoa Sarasola atzo goizean, Jose Mari Sarasola nebak idatzitako Zure bihotzean liburua alboan zuela. «Lehenago beste lan bat idatzi zuen, autolaguntza modukoa. Eta orain hau kaleratu du, gehienbat umeentzat, baina denentzat balio duena». Bikandik bezala, lehen aldia du berak ere Durangoko Azokan. Orain arteko bi lan horiek autoekoitzi egin dituzte, eta bide beretik jarraitzeko asmoa dute, nahiz eta aterik ez duten ixten bestela aritzeko. Ahalegin handiagoa eskatzen duela badakite, baina gustura daude emaitzarekin eta irakurleen harrerarekin.

Lehen notatik azkenera

Inon autoekoizlerik bada, agian, musikaren munduan aurki litezke gehien. Horretaz zerbait badaki Koldo Otamendik, Musikazuzenean atariko arduradunak. Urteak dira salmahaia jartzen duela, hamaika talderen diskoak erakusgai jartzeko. «Gu ez gara diskoetxe bat. Zubi lana egiten dugu diskoetxe batean ez dauden taldeak azokan egon ahal izateko». Durangoko Azoka argitaletxe eta diskoetxeei aterpe emateko ideiarekin sortu zela azaldu du. «Duela 30 edo 40 urte hori zen joera nagusia, baina azken urteotan asko aldatu da: autoekoizpenak gora egin du izugarri. Alde batetik, diskoetxeek gero eta disko gutxiago ateratzen dituzte, eta, beste alde batetik, talde askok autoekoizpenera jo dute, batzuek eredu hori gogoko dutelako, eta beste batzuek beste aukerarik ez daukatelako». Hirugarren kasuistika bat ere aipatu du: beren zigilua sortzen duten talde handiagoena.

Eredu guztietakoak biltzen dira azokan. Badira salmahai propioa jarri duten hainbat talde eta musikari, hala nola Esne Beltza, Gatibu, Izaro, Jabier Muguruza, Joseba Tapia, Kalakan, Natali, Willis Drummond nahiz Zea Mays.

Musikazuzenean-en gunean aterpe hartu duten 50 lanen artean ere eredu ezberdinak daudela azaldu du Otamendik: «Badaudesortu berriak diren taldeak, ibilbide luzea dutenak... eta autoekoizpenaren barruan dauden eredu ezberdinak ikusten dira. Gure asmoa da jendeak hemen egoteko aukera izatea». Salmentak gorabehera, azoka izan daitekeelako nork bere lana ezagutarazteko gune egokia. «Uste dut jende batek, salmentak beste kontu bat izan arren, hemen egon nahi duela, askotan badirudielako azokatik kanpo dagoena ez dela existitzen». Ahotsenea sortu zenetik musikak azokan «beste zentzu bat» hartu duela uste du, eta autoekoizpenera jo duten talde txiki askorentzat erakusleiho ona dela. Baina gehiago ere egin litekeela uste du, autoekoizpenean ari diren sortzaileei erraztasun gehiago emanez, adibidez.

Musika zigiluen artean tamaina eta ezaugarri ezberdinetakoak ere badirela ekarri du gogora Otamendik. Eta Bidehuts, Bonberenea Ekintzak, Erraia eta halakoak aipatuta, azken urteotan musika taldeen artean elkartzeko joera bat badela uste du. «Horiek, azkenean, autoekoizpen guneak dira. Azkenean, jendeak konplizeak behar ditu aurrera egiteko; ez da erraza mundutxo hau, eta kolektiboan beti errazagoa izaten da». Horixe bera pentsatuko zuten iaz Gasteizko hainbat musikarik, Erraia kolektiboa sortu zutenean. Joseba Baleztena —Joseba B. Lenoir izen artistikoz—, Montauk eta Izaki Gardenak batu ziren ordukoan beren lanak kaleratzeko, eta Miren Narbaiza Mice baitu zaie orain, Zilar printzak lan berriarekin. Bigarren urtea dute azokan. Eta lan horrez gain badituzte gehiago ere, tartean Lenoirren berria, Instroak Vol. III —Forbiden Coloursekin elkarlanean atera duena—. «Nik baneramatzan urte batzuk autoekoizpenean, nire kabuz», azaldu du musikariak. «Talde bakoitzaren egoera ezberdina zen. Montaukek lehen lana autoekoitzi zuen. Izaki Gardenak-ek, berriz, lehen diskoak Elkarrekin egin zituen, eta azken diskoan autoekoizpenerako pausoa eman zuen». Bakoitzak hautuok egiteko arrazoi ezberdinak izango zituela uste du. Bere kasuan, sorkuntza hasieratik amaieraraino kontrolatzeko nahia egon da. «Diskoetxeekin lan egitean jabetu nintzen lan hori nik egin nezakeela. Horrek ordu pila bat gehitzen dizkio zure jardunari, baina zuk zure erara egiten duzu den-dena. Erraiaren jaiotza ere hortik dator: indarrak elkartzetik, komunak diren lan batzuk banatzeko».

Musikaz harago ere bai

Musika ez da salbuespena, autoekoizpena edozein kultur arlotara eraman baitaiteke. Kolektiboan sortzen dute Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo Txakur Gorriako kideek ere. Orain arteko lan guztiak zituzten salmahaian atzo, baita berriena ere, zortzi eskutara ondutako Errealitateak liburua. Eta denak sortu dituzte beren kabuz, beren baliabideekin. «Duela hiru urte, ipuin bat argitaratu nahi izan genuen, eta horrela hasi zen. Gero, ohitura bihurtu zen; pixkanaka joan ginen ezagutuz autoeditatzen duten beste batzuk, azokak eta abar, eta konturatu ginen badela aukera handi bat; ez duzu onespen bat edo galbahe bat pasatu behar nor izateko, eta taldean erabaki dezakegu zer argitaratu nahi dugun, eta egin. Pixkanaka hasi ginen, saltzen genuenaren diruarekin hurrengoa eginez», azaldu du Ibarzabalek.

Hala aritzeko beste arrazoi bat gehitu du Labakak: «Beti esaten dugu erakarri izan gaituela asko gure buruan ideia bat denetik gero paperera iritsi arteko prozesu horretan guztian gu burujabe izateak eta kolektiboan erabakitzeak zer testuratako papera izango den, zer forma edukiko duen... eta hori dena autoedizioak ahalbidetzen zigun».

Ausartu, landu, eta sortu. Horretan dabiltza euskal sortzaile asko eta asko. Eta hortik, azokara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.