Koronabirusa. Udalekuak. IRITZIA

Haurrek behar dute elkarrekintza

Larraitz Mendizabal Huitzi, Aitziber Esnaola Arribillaga
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Badira jada ia hiru hilabete COVID-19aren neurriak eta ondorioak euskal lurraldeetan pairatzen hasi ginela, bakoitzak bere erara. Atzera begira jarrita, zaila ere suerta daiteke sekuentziak gogoratzea: konfinamenduaren hasiera, horren luzapenak, eta deseskalamendu faseak, non bertan gauden. Ariketa bat izan daiteke nintzenaren eta naizenaren arteko ezberdintasunak identifikatzea eta kontzientzia hartzea, jada ez garela ez gu, ezta haurrak ere, ekaitz hau hasi zeneko pertsona berak.

Urgentziaz eta, biziraupen egoeretan gertatu ohi zaigun bezala, familian edota heldu gisa hartu ditugu erabakiak, eta momentuaren arabera eta gure ahalmenen baitan, ahal genuen egokienak izan dira. Ez ditzagun, ordea, epe laburrerako erabakiak epe ertain eta luzerako bihurtu. Jarrai dezagun subjektu aktibo eta kontzienteak izaten. Hel diezaiogun gurea dugun erabakitzeko ahalmenari, betiere uneko testuinguruan kokatuz.

Bada subjektu bat bereziki helduaren zaintza eta begirada behar duena: haurra. Haurrarengan gailendu den begiradak ez ditu kontuan hartu, osasun hertsiaz gain, haurraren berezko hainbat behar. Haurra garapen prozesu neurologiko, fisiko, biologiko eta psikologikoan murgilduta dagoen pertsona da. Haurrak ere, bere garapena osasuntsua izan dadin, behar du mugimendua, naturarekin harremana, kideekin harremanak, behar du kide sentitzea, kidearekin haztea eta kideekin bizipenak izatea. Batekoak zein bestekoak, bizipenak. Haurrak funtsean bere ongizatea ziurtatzea behar du, haurra izateko eskubidea izatea finean. Denbora asko doaz elkarreraginean jardun gabe eta harremanetan praktika gehiegi izan gabe. Eta hori ziurtatzea helduoi dagokigu, eta erakundeei dagokie.

Deseskalamenduan gaudela kontuan izanik, eta beronen aukera eta mugak barneratuz, eta prozesuaren errealitatea onartuz, begira ditzagun zein diren haurraren beharrak orain, eta ez dezagun inertziaz jokatu.

Udaro bezala, aurten ere, herriaren arabera, eskola amaitu eta haurrei eta familiei haurren garapenean laguntzeko eta familiaren bidelagun izateko beharrezkoa izango da erakundeek, momentuak eskatzen dituen neurriekin, aisialdi edo zaintza zerbitzuak eskaintzea. Kontuan izan dezagun familia eta errealitate askotarikoak ditugula gure jendartean; batzuk jendarterako kidetza arazoekin, beste batzuk euskarak egunerokoan suposa dezakeen altxorra sentitzeke, beste hainbat haurrak eguneroko zaintzan behar duena eskaintzeko aukerarik gabe, eta beste batzuk muga fisiko, sozial zein ekonomikoekin, biziraupenean. Ez dezagun ahantzi guztiok dugula helburu gisa gure seme-alaben ongizatea. Erakundeek ere bai. Guztiok, modu batera zein bestera. Bakoitzak, kontzientziaz, erabaki dezake, bere errealitate propioari muzin egin gabe, zer den kasuan-kasuan, haurrarentzat hoberena. Begira ditzagun guk geuk, haurren beharrak.

Eta behar horiek begiratzean eta erabakitzean, ez dezagun ahantzi taldeko, sareko, kolektiboetako eta komunitateetako kide ere bagarela. Zaintza erdigunean kokatzeaz dihardugu, eta erdigunea ez da erdi, ingurukorik ez badu. Komunitatea ez badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.