Igandeari begira daude

Epaileak finala etzi jokatuko den edo ez argitzeko bezperan aukeratu dituzte pilotak Ezkurdiak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak. «Giro arraroa» dagoela esan dute

Mikel Urrutikoetxea, Aimar Olaizola eta Joseba Ezkurdia, finalerako aukeratutako pilotekin, atzo, Bilboko Miribilla frontoian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
Bilbo
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun

Nekez egingo zen atzoko Bilboko Miribilla frontoikoa baino pilota aukeraketa arraroagorik. Batetik, etzi Binakako Txapelketako finala jokatuko den edo ez jakin gabe aukeratu zituzten pilotak. Gaur jakinaraziko du epaileak ELAk eskatutako kautelazko neurriak onartuko dituen edo ez. Sindikatuak salaketa jarri du Enpresen Ligako Lehiaketako epaileak joan den larunbatean hartutako erabakiaren kontra: Baikoko hamabost pilotarik deitutako greba egiteagatik, Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri galdutzat eman zien Joseba Ezkurdiaren eta Iñigo Bikuñaren aurkako finalerdietako ligaxkako partida erabakigarria. Epaileak salaketa horren inguruko epaia eman arte denbora dezente igaro daitekeenez, ELAk kautelazko neurriak eskatu ditu, epaia iritsi bitartean finala jokatu ez dadin. Epaileak sindikatuaren eskaera onartuko ez balu, etzi jokatuko litzateke finala.

 

Finala noiz jokatuko den ez jakitea nahikoa kezka ez balitz bezala, ez da ziurra ere hasiera batean finala jokatu behar duten pilotari guztiak aritzea. Julen Martijak astebete pasatxo darama etxean, bakartuta, PCR proba batean koronabirusean positibo eman ondoren. Beste proba bat egin, eta emaitzaren zain dago Aspeko atzelaria, joka dezakeen jakiteko. Ezingo balu, Jose Javier Zabaleta ariko litzateke Joseba Ezkurdiarekin, Aimar Olaizolaren eta Mikel Urrutikoetxearen aurka.

Eta horrela, giro ezin arraroagoan aukeratu zituzten atzo finalerako pilotak Ezkurdiak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak, Miribilla frontoian. Hirurek esan zuten «arraroa» dela giroa, baina hirurek azpimarratu zuten «igandeari begira» daudela. «Ezinezkoa da gertatzen ari denari bueltak ez ematea, gehiago ari baita hitz egiten horretaz binakakoaz baino. Baina profesionala izan beharra dago, eta igandeko finalean burua izan. Burua beste nonbait izanez gero, ez dugu aukerarik izango Aimarren eta Urrutiren aurka», esan zuen Ezkurdiak. «Arraro» hitza erabili zuen ere Olaizola II.ak azken asteetan gertaturikoa deskribatzeko. «Pena ematen du binakakoaz ez hitz egiteak, eta bertan ari diren protagonistez. Baina komunikabideek gai bera duzue etengabe. Guk gurera egon behar dugu, eta atentzio guztia igandeko finalean izan». Horren harira, gogoratu zioten Ezkurdia-Martijaren aurkako partidan txistu egin ziotela. Baina ez zion garrantzirik eman. «Beste batzuetan egin diote txistu nire aurka ari zen pilotariari ere. Arazoa litzateke frontoi osoak niri txistu eginez gero. Baina hiruzpalau izan ziren. Gainera, seinale ona da norbaiti txistu egitea. Normalean, irabazten ari denari egiten diote txistu».

Martijak jokatzea nahi dute

Martija ez zen atzo Miribillan izan, bakartuta baitago, eta ikusteko dago igandean finala baldin badago, jokatzeko moduan egongo den. Ezkurdiak berriro azpimarratu zuen Martijarekin jokatu nahi duela, eta hala izango dela pentsatuz aukeratu zituela pilotak —gustura geratu ziren hiru pilotariak materialarekin—. Aitortu zuenez, bezperan hitz egin zuen harekin, eta «ondo, lasai eta gogotsu» ikusi zuen. Jokatuko balu, apenas entrenatu gabe egingo luke. Baina horrek ez du kezkatzen Ezkurdia, nahiz eta finala luze egiteko arriskua egon. «Horrek ez dit beldurrik ematen. Jokatzen badu, eutsi egingo dio, ziur. Konfiantza dut harengan». Zabaletarekin jokatzeko aukeraz, ez dio horri bueltarik eman nahi: «Nik Julenekin jokatuko dudala pentsatzen dut. Hark jokatzea nahi dut». Beste horrenbeste nahi dute aurkariek ere. «Merezi du jokatzea», adierazi zuen Olaizola II.ak. Hala, hark jokatuko duela pentsatuta prestatuko dute partida, eta Zabaleta arituz gero, «egunean bertan» zehaztuko lukete zer egin.

Finaleko bi bikoteek duela 11 egun jokatu zuten elkarren aurka, Eibarren (Gipuzkoa), eta Baikokoek nagusitasunez irabazi zuten: 22-13. «Aspaldiko partidarik onena egin genuen, baina horrek ez du ezertarako balio. Josebak lan handia ematen dit beti, bizi-bizi jokatzen baitu. Partida oso zaila izango da. %110 eman beharko dugu», esan zuen Olaizola II.ak. 41 urte egitear, «azken finala» izan daitekeela aitortu zuen, eta nabarmendu horrek «presioa baino gehiago, indarra» ematen diola. Urrutikoetxeak, berriz, esan zuen «berezia» litzatekeela irabaztea. «Momentu txarrak pasatu ditut, frontoian eta frontoitik kanpo, eta zalantza nuen ea nola ariko nintzen. Zorionez, gero eta hobeto ari naiz».

Ezkurdiak, berriz, azpimarratu zuen martxoan Jaka-Zabaletaren aurkakoan egindako «joko erasokor eta oldarkorra» egin beharko dutela [22-16 irabazi zuten]. «Gure jokoa egiten badugu, aukera izango dugu. Gosez eta amorruz atera behar gara. Burugogorrak izan behar dugu lehia osoan».

600 ikusle izango dira finalean, eta «arraroa» izango dela esan zuen Ezkurdiak, eta berehala zehaztu ez dela gutxi, beste kirol batzuetan ikuslerik gabe ari baitira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.