Koronabirusa

OMEk esan du «aldaera arriskutsua» dela orain agertu dena

Hegoafrikan aurkitu dute koronabirus eraldatua; Belgikan ere agertu da. Izena jarri diote: 'omikron' hizki grekoa hautatu dute. EBk eten egin ditu Afrika hegoalderako hegaldiak

Aireportua. Bidaiariak Dusseldorfen, hegaldiak begiratzen. S.STEINBACH / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Arantxa Iraola
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Omikron izena jarri dio OME Osasunaren Mundu Erakundeak Hegoafrikan aurkitu duten SARS-CoV-2 birusaren aldaera berriari, ohikoa duenez, horretarako alfabeto grekoko hizki bat erabilita. Orain artekoak baino azkarrago zabaltzen da, eta txertoen bidez lortutako immunitatea gainditzeko gai da. OME atzo hasi zen aldaera berria aztertzen, eta ondorioztatu zuen «aldaera arriskutsu» bat zela. Bitartean, Afrika hegoalderako hegaldiak etetea erabaki dute Europako Batasunak, Erresuma Batuak eta AEBek. «Oso garrantzitsua da orain Europako herrialdeek aho batez eta batera erantzutea», ohartarazi zuen Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek. Hegoafrika, Lesotho, Botswana, Zimbabwe, Mozambike, Namibia eta Eswatinirako hegaldiak utzi dituzte bertan behera.

Aldaera berria joan den asteartean atzeman zuten Hegoafrikan, baina, geroztik, estatu gehiagok ere jakinarazi dituzte kasuak; besteak beste, Hong Kongek eta Israelek. Israelgo lehen ministro Naftali Bennettek ohartarazi zuen herrialdea larrialdi egoeran sartzeko zorian dela; izan ere, Malawitik iritsitako hegaldi bateko bidaiari batek positibo eman du aldaera berrian, eta adituek uste dute beste bi bidaiari ere kutsatuta egon daitezkeela. Adituak kezkatuta daude aldaera berri honek mutazio asko dituelako, eta horrek izurriaren eboluzioan ekar ditzakeen ondorioak zein diren ez dakitelako. Aurrez beste lau birus ditu sartuak OMEk «arriskutsuen» zerrendan: alfa, beta, gamma eta delta.

Europan ere agertu da lehen kasua: Belgikan atzeman dute. Han ere kasuak ugarituz joan dira azken asteetan. Gaurtik aurrera itxita egongo da gaueko aisia, eta mugatu egingo dituzte taberna eta jatetxeetako ordutegiak eta edukierak. Horrez gain, azkartu egingo dute lehendik bi dosiak hartu dituztenei hirugarrena jartzeko kanpaina. Oraingoz, etxeetan egiten diren bilerei mugarik jarri ez dieten arren, aholkatu dute familia edo lagunekin elkartu aurretik test bat egiteko.

Kontaktuak murriztu

Bitartean, goranzko joerak jarraitu egiten du Alemanian. Osasun ministro Jens Spahnek aholkatu du ahalik eta gehien murrizteko kontaktuak, aurrerago neurri murriztaile gehiago hartu beharrik ez izateko, tartean erabateko itxialdia. Atzo 76.414 kasu berri eta 357 hildako jakinarazi zituzten osasun arduradunek. Hegoafrikatik iritsi berriei ere mintzatu zaie Spahn, eta eskatu die datozen egunetan «arduraz jokatzeko» eta etxean geratzeko.

Portugalek ere neurri zorrotzagoak ezarriko ditu abenduaren 1etik aurrera. Izan ere, herritarren %86 dagoeneko txertatuta dauden arren, osasun egoerak okerrera egin du azken asteetan. COVID ziurtagiria eskatuko dute jatetxe eta gune turistikoetara sartzeko; baita test negatiboa ere dantzaleku eta tabernetarako. Urtarrilaren 2a eta 9a bitartean,erabateko itxialdia ezarriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.