Frantziako Tourra

Epikari atxikita dago

De Gendtek irabazi du Tourreko zortzigarren etapa, ihesean erakustaldi handia eginda. Alaphilippek erasoa jo du, eta lider da berriro

Epikari atxikita dago.
enaut agirrebengoa
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Irabazteko modu asko dago, baina bakarra ezagutzen du Thomas De Gendtek (Lotto Soudal): epikari gorazarre egiten diona. Halaxe irabazi zuen atzo Tourreko bere bigarren etapa, Saint Etiennen. Aurrekoa 2016an lortu zuen, Mont Ventoux beldurgarrian. Atzo ez zegoen halako mendate bortitzik, baina ibilbidea oso hautsia zen, klasiko itxurakoa, zazpi mendate puntuagarri eta 3.500 metrotik gorako desnibel metatuarekin. Belgikarra inor ez bezala moldatzen da halako etapetan atontzen diren ihesaldietan. Ehiztari batek behar duen guztia dauka: sena, indarra eta ausardia. Atzo, beste behin ere, maisuki uztartu zituen ezaugarri horiek, 200 kilometroko ihesaldia helmugaraino eramanda.

Lehenik, iheskideak lehertuz joan zen, eta, gero, tinko eutsi zion tropelaren amaierako oldarraldiari. Julian Alaphilippek (Deceuninck) eraso gogorra jo zuen Cote de la Jailleren (1,9km eta %7,9), eguneko azken igoeran, eta haren gurpilera itsasi zen Thibaut Pinot (Gropuama). Frantziarrak dena emanda joan ziren, baina ezin izan zuten belgikarra harrapatu. Sei segundoko atzerapenarekin helmugaratu ziren. Edonola ere, biek bukatu zuten etapa bekoki alaiarekin; batez ere, Alaphilippek. Izan ere, maillot horia berreskuratu zuen, ostegunean galdu eta gero. Orain 23 segundora du Giulio Ciccone (Trek), eta 53ra Pinot. Hura da hautagaien artean hobekien kokaturik dagoena, atzo aurkari guztiei 20 segundo atera ondoren.

Maiz, Tourrean zorteak bizkarra eman izan dio Gropuamako ziklistari. Aurten, aitzitik, dena alde ari da edukitzen. Espero baino askoz ere galera txikiagoa izan zuen taldekako erlojupekoan, eta nota ona atera zuen La Planche des Belles Filleseko azterketan. Geraint Thomas ere (Ineos) indartsu agertu zen Tourreko lehen mendiko etapan; atzo, aldiz, estualdia izan zuen, 15 kilometroren faltan erori baitzen. Atzeratuta ekin zion azken mendateari, eta berotua hartu behar izan zuen tropelera itzultzeko. Gero, jokoz kanpo harrapatu zuen frantziarren ahaleginak. Bederen, arazorik gabe eutsi zien gainontzeko faboritoei, Vincenzo Nibalik (Bahrain) ez bezala. Lau minutu utzi zituen italiarrak, eta, hala, sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo gelditu zen. Italiako Giroaren zama du hanketan.

Iheslariek ere neke handia pilatu zuten atzo. Etapa hasi berritan abiatu ziren De Gendt, Niki Terpstra (Direct Energie) eta Ben King (Dimension Data), eta kilometro batzuk geroago Alessandro De Marchi (CCC) batu zitzaien. Ohi bezala, eskuzabal jokatu zuen De Gendtek, eta ihesaldiaren ekimena hartu zuen. Eguneko lehen lau mendateak batera igaro zituen lasterketa buruko laukoteak, baina multzoa apurtu egin zen Croix de Parten (4,9km eta %7,9). Erritmoa gogortu egin zuen belgikarrak, eta soilik De Marchik jarraitu ahal izan zion.

Euskaldunak, lanean

Aurreko bikoteak ondo ulertu zuen elkar, eta irmoki eutsi zion tropelarekiko aldeari. Cote d'Aveize (5,2km eta %6,4) gainean 3.40ra zuen onen multzoa. 50 kilometro gelditzen ziren, eta mendate puntuagarri bakarra. Ordea, harainoko bidea ez zen samurra, ezta hurrik eman ere. Errepidea oso estua zen, eta muino gogorrak zeuden. Bertan, ekimena hartu zuen Astanak, Omar Fraile, Pello Bilbao eta Gorka Izagirreren eskutik. Euskaldunek nabarmen bizitu zuten tropelaren abiada, eta Education Firsteko Tanel Kangert eta Simon Clarkeren laguntza izan zuten.

Horiek hala, De Gendt eta De Marchi minutu bakarreko aldearekin hasi ziren igotzen azken mendatea. Italiarrari pedal kolpe freskoagoa sumatzen zitzaion, baina belgikarrak berehala utzi zuen atzean. Atzean ez zen su handirik piztu, Thomas atzeratuta egon arren, eta De Gendtek minutu erdiren aldearekin harrapatu zuen gaina. Hamahiru kilometrora zuen loria. Azken aldapetan abiatu zen Alaphilippe, baita bizi abiatu ere, baina etapak jabea zeukan jada: De Gendt.

Lasterketaren lidergoa, ordea, harena da berriro ere, eta horiz jantzita lehiatuko da gaur, Frantziako Jaiegun Nazionalean. 170 kilometro egingo ditu tropelak, Saint Etienne eta Brioude artean. Ihesaldiak beste aukera on bat izan dezake, gaurko ibilbidea ere gorabeheratsua baita, kontrolerako zaila. Etapa ehiztarientzat oso aproposa da, horrenbeste gaurkoa. Lehen mailako mendate bat dago etapa hasieran, eta, aurrerago, hirugarren mailako bi. Horietan azkena Cote de Saint Just da (3,6km eta %7,3), eta gaina helmugatik hamalau kilometrora du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.