Itziar Aizpurua Egaña.

Opor garaia

2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Urte osoan uztaila edota abuztua heltzeko zain gaude, izan edozein eratako langile edota ikasle, baita langabezian dauden lan bila nazka-nazka eginda atsedena hartzeko parada behar dutela beren buruari esandakoak ere. Zer esanik ez, erretiro duinaren alde etengabeko erreibindikazioan dabiltzanak. Denok egin dugu oporrak hartzeko merezimendua.

Ahalmenak markatuko digu bakoitzari opor horien nolakotasuna, sosaren loturaz luze edo laburraren izateari, edota derrigorrez urrunerako lurraldeetara abiatzera beharturik etxekoekin, lagunekin, maite dutenekin egon ahal izateko. «Opor bereziak», noski.

Ez natorkizu, irakurle maite, ilusioa zapuztera, ezta bidaia mingostu edo ozpintzera ere. Ez! Gogoraraztera, soil-soilik, gurekin batera hainbat familia aterako direla oporrak beren etxeko maiteetan maiteenak direnekin ahal den egoerarik onenean «pasatzera». Batzuei urrutira joatea «tokatuko» zaie, atzerrian edota deportazioan dagoelako maite hori, urtea joan eta urtea etorri. Bere etxera, Euskal Herrira, etortzerik ez duena. Beraz, harekin ahal duten hoberen beren oporrak igarotzera. Maitearen itzulera azkarra ez bada, hurrengo bidaia bi edo hiru urtera, batek daki zer gertatuko zaion hangoari... edota hemengoei, etxekoei...

Beste batzuei, berriz, kristal arteko oporrak «tokatuko» zaizkie. Horiei ere urruti, Espainiako edota Frantziako azken muturretako kartzeletan gehienei. Hala eta guztiz, arazo guztien gainetik irribarrea nagusi. Derrigortuak daude, bai kartzelan dena, bai kanpotik datorkiona, ahal den samurren, arazo, nahigabe, samin bizi, elkar maite direla esatera; eskuekin musua bidaltzera, kristal artetik pasatzeko gai balitz bezala, eta... «bi aste igaroko ditut hemen ezagun batzuen etxean, ez al duzu denbora honetan ordu laurden bada ere egunero bisita izaterik?».

Denborak zein garrantzi handia duen bizi garen guztiontzat..! Nolakoa ote den aipatutako emakume eta gizonentzat, gazte edota ez hain gazte... jarri al gara inoiz pentsatzen?

Nola igarotzen duten egun bat eta bestea ere bai, astea joan eta urtea etorri, behin eta berriz toki bera ikusten, goizetik gauera, begiek hormekin topo egiten dutenean, so motza toki estuan! Gauza berak eginaz egunean zehar... Jakinik zerua argitu aurretik nolaz joango den datorren eguna...

Eta, atzerrian berriz, lur eremu jakin bat edota itsasoa muga gaindiezina sortzen denean, beti ortzimugara so eginaz, naufragoa, galdua... sentitzen denean, bakardade itzelean. Han urrutian noiz agertuko ote den etxera eramango duen itsasontzia, hegazkina, esku luze bat bereganatzen esango diona: «Bagoaz!»

Euskal Herria, etxekoak, lagunak, bere herriko biztanleak modako pasarela baten bezala begien aurrean igarotzen diren itzalen antzera beti joanean, joaten... Begirada luze eta tristea...

Halako kasuetan zer egin? Preso eta errefuxiatuekin, alegia. Ez dut uste Leninek ezer esan zuenik, nire jakintasun txikian behinik behin, edo esan bazuen, ez dut nireganatu. Baina, ondo dakit zer esango luketen barruan zein kanpoan ditugun burkide, lagun, senide edota ezezagunek norbaitek idatziko balie 2018ko opor hauetan:Aupa! Ez dakit nor den baina nitaz gogoratu da. Badaki non nagoen eta bizi naizela. Irabazten ari gara!!!

Jasotakoari harrera gisa emango dion hitzak, batzuk edo besteak izan, ilusioaren ispilu izango direla ziur naiz. Munduko edozein muturretako postaltxoa, argazkia, hitz xume batzuk, urrearen balioa hartzen dute bizi diren egoeran. Hori ulertzea zaila zaigu eroso bizi garenoi, ez baikara konturatzen zigor jasanezinaren aurrean, maitasunaren adierazpen ñimiño batek zein indar duen! Maitasunak soilik apur ditzake muga beldurgarri horiek.

Horretan saiatuko gara, abuztuaren 5ean Euskal Herriko hondartzetan egingo ditugun giza kateetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.