Albistea entzun

Koronabirusa. Ana Maria Garcia Garcia. Osasun Publikoko katedraduna

«Uda heldu zen, eta erabakiak hartu behar zituztenek presioak zituzten»

Espainiako Epidemiologia Kongresua ixteko hitzaldia egin zuen lehengo astean Garciak; osasun publikoan aditu izaki, Espainiako Gobernuari aholku eman zion udaberrian, konfinamendua arintzeko prozedura ontzeko.
MANUEL BRUQUE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko azaroak 3

COVID-19aren izurriaren gaineko lerroburuek lehen lerrora ekarri zuten Ana Maria Garcia Garcia (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1963) udaberrian; jakin zen Espainiako Gobernuari aholkua ematen ari zitzaiola, beste hainbat aditurekin batera, konfinamendua arintzeko egin behar ziren urratsei buruz. Osasun Publikoko katedraduna da Valentziako Unibertsitatean, eta badu sona jakintzaren arlo horretan. Administrazioaren funtzionamendua ere barrutik ezagutzen du: Osasun Publikoko zuzendari nagusia izan zen 2015-2019 aldian Valentziako Generalitatean. Lehengo ostiralean, berak eman zuen Espainiako Epidemiologia Kongresua amaitzeko hitzaldia. Aurretik, tarte bat hartu zuen elkarrizketa honetarako. Ezin bestela, izurriaren inguruko galderek zedarritu zuten solasaldia, eta egoeraren larritasunaz argi aritu behar dela esan zuen: «Birusa oraindik hor da; asko falta da kontrolatzeko. Toki guztietan ari da gertatzen: birusa hesitzeko neurrietan erlaxatzera egiten den aldiro, transmititu egiten da».

Birusa guztiz oldartuta dabil. Ikusitakoak ikusita, ondoriozta daiteke beste era batean bideratu behar zirela konfinamendua arintzeko urratsak?

Nik, beste hainbat aditurekin batera, Espainiako Gobernuarentzat aztertu nuen zer-nolako gaitasunak behar genituen konfinamendutik irteten joateko. Eman genuen abisua: konfinamendua arintzera egin nahi bazen, jardun ekonomiko eta sozialak berreskuratzera, beharrezkoa zen zenbait ahalmen ezartzea; arta emateko, eta birusaren zaintzan jarduteko, egoerak berriz gainezka egin ez zezan. Idatzi genuen agirian sartu genituen, hain zuzen ere, ildo horretan egindako hainbat gomendio, baina gobernuan eta autonomia erkidegoetan kostatu egin da... Aztarnariak behar zirela esan genuen, osasun sistema sendo bat behar zela —ospitaleetan eta lehen mailako arretan—, osasun publikoa ere indartu egin behar zela... Gomendio horiek eman ziren, egokitzat jo ziren, baina erabakiak hartu behar dituztenak apika ez dira oso zorrotzak izan horiek bideratzeko inbertsioak egiteko orduan. Prozesu jakin horretan eman nuen nik aholkua; orain ja ez dut harreman zuzenik gobernuarekin.

Azkarregia izan zen prozesua?

Datuen gaineko zaintzarako eta artarako ezarri ziren neurriak bermatu izan balira, informazio gehiago izango genuke unean-unean erabaki egokiak hartzeko... Baina uda heldu zen, eta, seguruenera, erabakiak hartu behar zituztenek alde ekonomiko eta sozialeko presio ugari zituzten; eta, bai, bizkortu egin zen normaltasun deituriko horretarako prozesua. Beste herrialde batzuetan ere antzera jazotzen ari da.

Fenomeno hori eta muinean dauden aldagaiak antzekoak izango dira edonon seguruenera. Irizpide ekonomikoek badute pisua prozesu horretan...

Input askori erantzun behar diete erabakiak hartzen dituzten politikariek. Jakina, gero eta argiago dago ondo orekatu behar direla krisi honek ekarritako kalteak. Berriki, ikerketa batek lotura egin du herrialdeek BPG barne produktu gordinean izan duten jaitsieraren eta herrialdeek birusa kontrolatzeko duten ahalmenaren artean. Ahalmen hori kasuak eta kontaktuak identifikatzean datza, eta haiek bakartzean... Hori egiteko ahalmena zenbat eta ahulagoa izan, BPG gehiago galdu dute herrialdeek. Hortxe daude, adibidez, Asiako herrialdeak: oso irizpide zorrotzak jarri zituzten birusa kontrolatzeko, eta barne produktu gordinean ia eraginik ez dute sumatu edo, kontrara, hobera ere egin dute zenbait tokitan. Espainian, Erresuma Batuan eta beste leku askotan, aldiz, aurkakoa gertatu da; ahulagoak izan dira, eta kalte handiagoak izan dituzte. Beraz, ezin dira bi eremu horiek bereizi. Zera izan behar da argi: ez bagara gai birusa zorrotz kontrolatzeko, kalte ekonomikoak handiagoak izango dira.

Egiturazko kontrol neurri horien garrantziaz ari zara, eta horietan egon diren gabeziez. Askotan, ordea, agintariek ez al dute egiten herritarrei errietazko mezuak helaraztera? Beste ororen gainetik haien erantzukizun falta nabarmentzera eta horren eragin gaiztoaz jardutera?

Erabaki indibidualak gizarte testuinguruen araberakoak dira beti, eta eragina dute gobernantzak eta erabaki politikoek. Jakina, guztiok gara erantzule; baina administrazioek obligazioa dute beren erantzukizuna betetzeko. Hedabideetan salbuespenak nabarmentzera egiten da sarri, baina nik uste dut, oro har, herritarrak ondo ari direla erantzuten; beren jardunak eta joan-etorriak mugatzen ari dira. Baina, noski, beharrezkoa da administrazioek ere beren partearekin konplitzea. Eta ukaezina da: gauza batek bestea ekarri ohi du.

Hartzen diren erabakien zergatia ondo komunikatzeak ere berebiziko garrantzia du. Horretan ere lezio ugari atera daitezke hilabeteotako jardunari so, ezta?

Bai, bai, komunikazioa ere hobea izan zitekeen. Gardentasuna, argitasuna, mezuen arteko koherentzia... Horiek guztiek sekulako garrantzia dute horrelako egoera batean. Oraintxe, kasurako, kezka eragiteko modukoak dira hainbat mezu. «Porta gaitezen orain txintxo gero Eguberriak salbatu ahal izateko». Halakoak esaten ari direnak badira. Kontraesana da mezu hori, eta arriskutsua. Bestalde, egokia iruditu zait orain Espainiako Gobernuak alarma egoera sei hilabeterako ezarri izana, zeren horren atzeko mezua da hau luzerako doala. Horixe bera, ordea, kontraesanean dago entzuten diren beste hainbat mezurekin. Eta, horrela, nahastu egiten dute jendea; horrek berekin dakar gero herritarrak akitzea, haserretzea. Datuen eta informazioaren gardentasunera begira ere, zer hobetua bada.

Gaiari buruzko ezagutza akademikoa duzuenoi eman al zaizue hitza eta tokia krisialdi honetan? Entzun dizuetela sentitu duzue?

Hedabideen partetik-eta, egin dira ahaleginak epidemiologooi eta beste aditu batzuei oro har hitza emateko; alde horretatik, apartekoa izan dela uste dut. Espainiako Gobernutik eta autonomietatik ere jo dute guregana. Zera gertatzen da: erabaki politikoek ebidentzian oinarrituta egon behar lukete beti, baina ebidentziaren inguruan zalantzak ere badira, ezjakintasun eremuak badira, eta esplikatu behar da zientzia ez dela hutsik gabea. Eskura dugun informaziorik onenean oinarritzen saiatzen gara, baina zenbaitetan eskura dugun ezagutza hori urria da. Nolanahi ere, bai, krisialdi honek gogoeta eragin du ezagutzaren transferentziaren inguruan; erabakiak hartzen dituztenei ezagutza hori helarazteko egun dauden komunikazio kanalen inguruan. Igual inoiz baino hobeak dira, baina aztertu behar da horiek nola indartu.

Badelako zer hobetua arlo horretan, ezta?

Noski, noski. Beste herrialde batzuetan egitura sendoagoak dituzte horretarako: ikerkuntzaren bidez lortutako ezagutzak helarazteko, eta praktikara bideratzeko. Espainiako egituretara begira, adibidez, atzerapena agerikoa da. Beste herrialde batzuetan, Kanadan, Erresuma Batuan eta Australian, kasurako, komunikaziorako egitura sendo eta argiagoak dituzte; lortzen dute ikerketen ondorioak era natural batean heltzea erabakiak hartzen dituzten horiengana. Hor bada zer egina; zientzialarien mezuak helarazteko, eta, kontrara, erabakiak hartzen dituztenen jarduna ere ikertzaileengana iristeko; haiek ere ulertu behar dute nolako prozesuei jarraitzen dieten politikariek erabakiak hartzeko. Osasun Publikoko Agentzia baten premia ere agerian geratu da krisialdi honetan; independentea izan beharko luke, eta erraztu beharko luke komunikazio hori. Halakorik ez da; gutxi-asko, inprobisatzera egin behar izan da adituen batzordeak eratzeko orduan.

Nola heldu da osasun publikoa, osasun sistemaren barruko adar gisara, erronka honetara?

Gaizki. Osasun sistema publikoko senide pobrea izan dira osasun publikoko egiturak beti. Espero dut honek guztiak laguntzea. Izan ere, osasunaz hitz egitean, erietxeez hitz egiten da; osasun publikoa ez da batere ezaguna. Eta, esaterako, beste herrialde batzuetako egoerarekin alderatuta, beti ibili behar izan dugu askoz ere baliabide gutxiagorekin. Finantzaketa, esaterako, irrigarria da.

Osasun publikoan sakontzeak osasuna era zabal batean ulertzea dakar, gizarteko aldagaiak ere aintzakotzat hartuta. Hor sakontzea era beharrezkoa da...

Jakina, hori guztiz egiaztatuta dago; osasuna ez da osasun zentroetan ehuntzen, baizik eta gizartean, eta aldagai asko hartu behar dira kontuan: enplegua, lana, auzi ekonomikoak, heziketa, auzoen egituraketa, komunitateena... Osasuna hori dena da, eta guztiak hartu behar dira aintzat osasuna sustatzeko. Hain justu, hau pandemia bat izateaz gain, sindemia bat da; erantsi behar zaizkio batera doazen beste hainbat pandemia: obesitatea, diabetesa, sedentarismoa..

Eta gizarteko desberdinkerien itzala dago sarri askotan horien guztien atzean, ezta?

Hori da bestea, bai. Esaten da birusak ez dituela bereizten klase sozialak, baina gizarte talde apalarazienei gogorrago erasango die. Hain justu, sedentarismoaz edo obesitateaz ari garenean ere, ezin dugu pentsatu libreki hautatutako jokamolde guztiz indibidualetan... Bizitokiek, ezaugarri sozialek, lanerako eremu eta moduek eragina dute horietan. Administrazioen erantzukizuna da bermatzea bizitzeko inguruak osasungarriak izango direla.

Joan-etorriak murrizteko neurriak gero eta zorrotzagoak dira, eta, datuei so, datozen asteetan zorrozten jarraituko dutela dirudi. Behin egoera hobera hasten denean, aurreko aldian baino polikiago hasi beharko da? Lezio hori izan da igaro hilabeteotako ikasbidea?

Bai. Zera dago argi: jendea ixten baduzu, birusa geratu egiten da; jendea mugitu ahala, ordea, transmisio gaitasuna handiagoa da. Jakina, ezin da jendea betiko itxita eduki. Behin jendea berriz ateratzen hasten denean, garrantzitsua da gaitasun oso-oso sendo bat izatea kasuak identifikatzeko. Hori da egoerak eskuetatik ihes egin gabe mugikortasuna berreskuratzeko modua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Alarma egoeraren osteko aroaz kezkaz ari dira EAJ eta EH Bildu

Maria Ortega Zubiate

Jaurlaritza erabakiak hartzeko «subiranoa» ez izateak funtsezko arazoak dakartzala azaldu du Otegik. Aldi baterako neurrien eske ari da Ortuzar
Galdakaoko ospitaleko (Bizkaia) ZIUko gune bat. ©MIGUEL TOÑA/ EFE

Ospitaleetako okupazioa gora doa, eta ezinegona adierazi dute agintariek

Edurne Begiristain-Ion Orzaiz Uxue Rey Gorraiz-Arantxa Iraola

740 lagun daude erietxeratuta birusak jota, azken bi hilabeteetako kopururik handiena. Urkulluk baztertu egin du, oraingoz, Labi bilerara deitzea. Nafarroako lau herri perimetralki itxiko dituzte
Cecilia Themme Afan, Carmen A.Cares Mardones eta Izaskun Landaida atzo, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Andre migratuak eta arrazializatuak «giza kapitalaren» erreferente dira elkarteetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeetan jarduten duten hainbat emakume migratu eta arrazializaturi elkarrizketak egin dizkiete, feminismoa eta intersekzionalitatea ardatz. Landaidak goraipatu egin du lana, gogoeta bultzatzeagatik
Urretxindorra proiektuan parte hartutako mentore eta etorkin bat. ©COORDINADORA MENTORIA SOCIAL

Mentoretzak etorkinen gizarteratzea errazten duela ondorioztatu dute

Jone Bastida Alzuru

Mentoretzak dituen eraginak aztertzeko ikerketan parte hartu dute Gipuzkoako SOS Arrazakeriak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna