Koronabirusa. Margarita Del Val. Birologoa

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.
PEDRO PUENTE HOYOS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko irailak 27

Birus bat zer den. Nola hedatzen den. Izurri bat nola kontrola daitekeen. Galdera horien inguruko argibideek aparteko garrantzia hartu dute COVID-19arekin. Horren jakitun, gizarteren aurrean azalpenak emateko hautua egin dute ikertzaile askok: lehen lerroan jarri dira. Espainiako CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko birologo eta immunologo Margarita del Val (Madril, 1959), adibidez, horietako bat da. Ikerbasquek antolatutako webinar batean parte hartuko du heldu den asteartean, Francisco Borrego immunologoarekin batera.

SARS-CoV-2 koronabirusa. Zer ikasi da hilabeteotan mikroorganismo horren inguruan?

Bada, ikasi dugu nahiko erraz zabaltzen dela, baina ez dela transmititzen beti berdin. Hainbat familiatan ikusi dugu; infektatu dira zenbait kide, eta beste zenbait, ez. Era berean, ikasi dugu gainazalak-eta ukituta ez ezik, airearen bidez ere transmititzen dela; horregatik, ahalik eta ekitaldi gehienak toki irekietara eramateko aholkua eman dugu, ostalaritza ere toki irekietara eramateko. Are, orain hotzak badatoz, eta nire aholkua litzateke orain ostalaritza etxerako banaketan jardutea; hori iruditzen zait egokiena. Hala ere, zera hartu behar da aintzat, transmisioa dena baino kutsagarriagoa iruditzen zaigula bi motiborengatik. Baga: munduan denok geunden birus honen kontrako immunitaterik gabe, eta oraindik oso jende gutxik du; %90ek babesik ez dugu birusaren aurka. Biga: sintomarik gabeko pertsonek kutsatzen dute sarri. Orain, gauza bat argi dago, toki bat gero eta itxiagoa izan, jendez gero eta beteagoa egon, bertan gero eta denbora gehiago igaro, handiagoa da birusa hedatzeko arriskua; horregatik izan dira dantzalekuak, tabernak eta antzeko tokiak hainbat eta hainbat agerraldiren sorburua.

Birus honen portaerari so deus harrigarria ikusi duzue?

Transmisioari dagokionez, adibidez, oraindik hainbat gauza ez dakizkigu. Birusaren agerraldiak izaten direnean, esaterako, sarri askotan ez dakigu zeintzuk deskontrolatuko diren. Diagnostikoaz asko ikasi dugu; jabetu gara PCR testak oso tresna onak direla, baina egoerak askotarikoak dira. Badira pertsonak, adibidez, beren immunitate sistemak barrera oso onak dituelako, bada hamabigarren egunera arte ez dutenak positibo ematen; beste batzuk, berriz, bigarren egunerako ematen dute... Zenbait pertsona harrituta geratzen dira ohartuta infekzioaren aurrean erreakzioak askotarikoak izan daitezkeela, desberdintasun handiak daudela. Horren arrazoiaren bila dabiltza. Baina, nire iritziz, esplikazio erraza du. Pertsonak aski ezberdinak gara gure artean, eta barruan sar dakigukeen birusa ere, harekiko esposizio denboraren arabera, aldatu egiten da. Hala ere, jende askok buruan jirabiraka izaten du galdera hori: «Aurrena PCRak negatibo eman zidan, eta, gero, positibo. Baina zergatik gertatu zait niri hori?». Baina diagnostikoak ulertu egin behar dira; ez da positibo bat edo negatibo izatea bakarrik. Seguruena zera da, pertsona bat, sintomaren bat izan orduko, bakartzea. Sintomen lehen egunean eta hurrengoan izaten dira kutsatzeen herenak. Asko da.

Positiboen gertuko kontaktuek ere bakartuta egon behar dute. Hamalau eguneko inkubatzeaz mintzatu izan zarete adituak, baina pertsona horiei ezarritako bakartzeak murrizten ari dira zenbait gobernu. Espainiakoak, esaterako, asteon hartu du erabakia. Zer deritzozu horri buruz?

Ez nago ados berrogeialdiak murriztearekin. Hamalau egunean ezarri zen, bada epemuga horren barruan agertzen delako normalean birusa; soilik %5 geratzen dira kanpo. Berrogeialdia mozten bada, itxialdia amaitu eta gero pertsona gehiagok garatuko dute infekzioa, eta, ondorioz, kutsatzeko arriskua handitu egingo da. Maiatzean egin izan balidate proposamena, bada agian orduan egokitzat joko nuke, baina orain dugun egoera epidemiologikoa aintzat hartuta, eta udazken-neguetako eguraldia hasi denean...

Udazkeneko arriskuez erruz hitz egin da. Orain dator okerrena?

Bai, esango nuke okerrena orain datorrela. Arnas aparatuko eritasunak hor dira mundua mundu denetik, eta beti transmititu dira gehiago neguko hilabeteetan. Zergatik? Bada, toki itxietan gehiago egoten garelako, jende gehiagorekin pilatuta. Ez dut uste orain ezberdina izango denik. Orain, gure esku ere badago; neurriak hartzen baditugu, kontrolatu egin dezakegu, eta asko. Kontrola daiteke, orain askoz ere informazio gehiago dugu.

Zer-nola antolatu behar dira datozen hilabeteak? Zer egin?

Aurren-aurrena, denok immunitate sistema indartsu izatea izango da garrantzitsua; horretarako oso ona da ariketa fisiko pixka bat, eta eguzkia. Izurriaren lehen olatuan hori ez zen aintzat hartu, ez zen ongi egin. Ondo elikatzea ere ezinbestekoa da, lo ondo egitea, eta estresik ez izatea; ez dakit hori nola egingo dugun, baina garrantzitsua da, eta ingurukoekin harremanak izatea ere bai. Eta, gero, eutsi egin behar zaie orain arte erabili diren neurri guztiei. Guztiei: maskara, distantzia, garbitasuna, telelanaren aldeko hautua ahal den guztietan, aire zabalean egitea ahal diren ekitaldi guztiak, etxeak eta eraikinak ondo aireztatzea... Neurri bakar batek ez du babesten guztiz; neurrien konbinazioa da gakoa.

Antigenoak atzemateko test azkarrak erabiltzea ere onartu da asteon. Ekarpena egingo dute?

Handia. Birusak bi zati ditu: bat RNAa da, azido nukleikoa, eta bestea dira proteinak. PCRak RNAa atzematen du; antigenoen testek, berriz, proteinak detektatzen dituzte. Hasieran erabiltzen hasi ziren antigenoen testak oso kaskarrak ziren, baina, aldiz, orain atera berri direnak oso onak dira. PCRaren funtzio bera egiten dute; hain justu ere, birusaren beste erdia atzematen dute, sentikortasun maila berarekin. Baina hauen aldea da ez direla aparteko gailuak eta langile espezializatuak behar test hauek egiteko, eta, gainera, merkeagoak direla...

Eta bizkorragoak...

Horixe, bizkorragoak ere bai. Hobeak, merkeagoak eta azkarragoak dira; test horien erabileraren inguruko aurreikuspenak oso onak dira. Jarraipen masiboak egin ahala, orduan ikusiko da.

Zientzialariei begira jarri da gizartea. Instituzioek hartu dute aintzat zuen boza?

Hedabideon partetik entzunak sentitu gara, eta uste dut lan ona egin dela. Administrazioaren kudeaketan ardurak dituztenekin-eta harreman urriagoak izan dira; eratu dira adituen hainbat batzorde, baina nik uste dut harremanek joriagoak izan behar luketela. Zientzialarien elkarte askok erraz zezaketen bidea horretarako, baina bide horri ez zaio behar adinako etekinik atera.

Eta irizpide zientifikoen araberako erabakiak hartu dira? Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen erabakiei erreparatu ahal izan diezu, bereziki. Zer ikusi duzu?

Lehen olatuan, batez ere, kudeaketa egin behar izan zen oso ezagutza gutxirekin. Asmatzeko ahaleginetan ibili ziren, eta hala dabiltza, hein batean, oraindik ere. Behin alarma egoera gaindituta, hainbat hautu egin dituzte autonomia erkidegoek, seguruenera denak bateragarriak ezagutza zientifikoarekin, baina batzuek besteek baino hobeto egin dute, eta garrantzitsua da orain asmatu duten horiek jakinaraztea zer egin duten: ikasteko. Auzia ez da inor errudun sentiaraztea, ikastea baizik. «Honek ez du funtzionatu», esatea. «Eskura genuen ezagutzarekin hau egin dugu, baina ez dugu asmatu. Ez ezazue egin». Funtzionatu duenaren berri ematea bezain garrantzitsua da funtzionatu ez duenaren berri ematea. Irizpide zientifikoak erabili dituzten? Bai, baina irizpide ekonomikoak ere hor egon ziren konfinamendua arintzeko garaian; ez zegoen aztarnaririk autonomia erkidegoetan, ez ziren medikuak bere onera etorri, ez zen indartu behar bezala lehen mailako osasun arreta sistema...

Azkarregi arindu zen konfinamendua?

Nire ustez, bai. Behin telebistan zera azaldu nuen: «Pozik nago Madrilen nagoelako, arintzeko faseetan azkenak goazelako...». Esan zidaten: «Bai arraroa». Baina nik uste dut hobea dela astiro joatea. Jakina, nik ez dut tabernarik. Baina taberna bat banu ere, nahiago nuke aurretik jakitea besteek zer egiten duten.

Horretan ikasbideren bat atera dela iruditzen zaizu?

Uste dut ezetz. Ikasi ez dugun bezala zenbat eta lehenago hartu neurriak dramatikotasun urriagokoak izango direla ondorioak, eta eraginkorragoa izango dela dena. Ez dugu ikasi patxadaz joaten, zuhur, jakinik ere birus honek toki guztietatik eraso egiten digula. Ez da ikasi; ez familietan, ezta autonomia erkidegoetan ere. Inork ez du konfinamendu bat egin nahi izan, edo aparteko neurririk hartu nahi izan. Ez da ikasi prebentzioan dela gakoa.

Komunitate zientifikoak ere badu krisi honetatik ikasbideren bat ateratzeko premia. Askok ez zuten ikusi zer zetorren...

Harrokeria izan zen hori: «Txinatar horiek zer ari dira?». Baina Asia hego-ekialdean, oro har, oso ondo jokatu dute, entrenatuta baitzeuden. Aurrez esperientziak izanak zituzten, eta protokolo oso argiak zituzten jarraitu beharreko argibideekin; pertsona bakar bat balira bezala jokatu dute, ondo entrenatuta.

Mundu guztian hedatu da. Noiz arte iraungo pandemiak?

Txerto bat izan arte, eta mundu osoan jende asko txertatu arte...

Hori denbora asko da...

Niretzat, bai. Nik aspaldi esan nuen: «Pandemiaren urteak». Lerroburutzat hartu zuten, baina benetan urteak izango direlakoan esan nuen: urteak. Txina eta Taiwan bezain garbi bageunde ere, atera kontuak, itxita daude, kontrol neurri izugarriekin. Nola izan dezakezu herrialde bat horrela denbora askoan? Eta gaur egun, merkataritzarengatik, turismoarengatik, lotuta dago dena. Apurka-apurka behera egingo du honek, baina aurtengo udazken-neguetan, behintzat, sendo egon behar dugu, eta behar diren neurri guztiak hartu behar ditugu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Trebiñu Arabako lurretan dago, baina Gaztela eta Leonen menpe./ ©Raul Bogajo, Foku

Trebiñu eta Urduña Arabarekin batera egongo dira alarma egoeran

Berria

Alarma egoerari baiezkoa eman dio Espainiako Kongresuak: maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean.

2015ean atera zen Lesaka Uematik. Irudian, 2015eko erabakia salatzeko protestak, osoko bilkuran. ©Jagoba Manterola / FOKU

Uemako kide izango da berriz Lesaka, 2015ean atera ondoren

Lander Muñagorri Garmendia

Mankomunitateko 88. udalerria izango da, eta herri guztien artean 250.000 biztanleko eremua osatzen dute.

 ©Jon Urbe / Foku

EAEko Arartekoa kezkatuta dago pandemia garaian hizkuntza eskubideak urratu direlako

Lander Muñagorri Garmendia

Zerbitzu publiko batzuetan euskaraz artatua izateko eskubidea ez dela bete salatu du Arartekoak, eta gogora ekarri herritarrek aukera izan behar luketela nahi duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko.

Orain arte 11 urtetik gorako haurrek soilik jantzi behar zuten maskara. ©Guillaume Fauveau

Udaberrikoa baino malguagoa izanen da Ipar Euskal Herriaren konfinatzea

Oihana Teyseyre Koskarat

Maskara nahitaezkoa izanen da 6 urtetik gorako haurrentzat. Kulturaren sektorea erabat geldirik egonen da. EH Baik kritikatu ditu konfinamendu neurriak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna