Gerra Ukrainan

Errusiak ez du «arazo gehiago» nahi Ukrainaren hautagaitzaren harira

Kremlinen eledunak esan du «Europaren barne afera bat» dela EBra atxikitzeko estatusa jaso izana. Bulgariak betoa kendu dio Ipar Mazedoniari talde komunitarioan sartzeko negoziazioei dagokienez

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, duela bi urte, Berlinen. ALEXEI NIKOLSKY / EFE.
ander perez zala
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Errusiako Gobernua argi mintzatu da Ukrainak eta Moldaviak EB Europako Batasunean sartzeko hautagai estatusa jaso izanaz: espero du Europar Kontseiluaren erabaki horrek ez diola «arazo gehiagorik» sortuko, eta ez dituela «okertuko» haren eta talde komunitarioaren arteko harremanak.

Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskov EBko 27 gobernuburu eta estatuburuek adierazitakoaz aritu zen atzo; «Europaren barne aferatzat» jo zuen arren, talde komunitarioari ohartarazi zion haientzat «garrantzitsua» dela «prozesu horrek» aldaketarik ez eragitea, «jada nahikoa arazo» dituztelakoan.

Europar Kontseiluak herenegungo goi bileran eman zien Ukrainari eta Moldaviari talde komunitarioan sartzeko hautagai estatusa. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta Maia Sandu Moldaviakoak «historikotzat» jo zuten erabaki hori, eta Charles Michel Europar Kontseilukoak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordekoak ere hitz bera erabili zuten pauso hori deskribatzeko.

Peskoventzat, «dena argi» dago Ukrainaren inguruan, baina, Moldaviari dagokionez, uste du «jarrera europazalea eta estatus hori Errusiaren kontrako iritziarekin nahasten» dituela: «Orain ikusten dugu Moldaviak europarrak baino europazaleagoa izan nahi duela. Askotan, arrazoi batengatik, [EBn sartzeko] hautagai estatusa lotuta dago Errusiaren aurkakoa izatearekin. [...] Eta guk ez genuke nahi hala izaterik».

Mezu bat ere helarazi zien bi herrialde horiei, oroitarazita Turkiak «duela hogei bat urte» jaso zuela hautagai estatusa, baina oraindik ez dela sartu EBn. Kontrara, Kremlineko bozeramailearen arabera, hamarkadotan herrialde hori «subiranoa eta independentea» bilakatu da talde komunitarioko kide bihurtu beharrean.

Beste agerraldi batean, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov ere mintzatu zen, atzo, bi estatu horiez, eta esan zuen EB eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea «Errusiaren kontrako gerra koalizio bat» osatzen ari direla. Haren iritziz, talde komunitarioak «gero eta jarrera argiagoa du Errusiaren kontra».

Ukraina 2004ko Iraultza Laranjatik ari da EBrekin bat egin nahian, eta are gehiago 2013ko eta 2014ko Euromaidango protestetatik, Viktor Janukovitx Kremlinen aldeko presidentea kargutik kendu zutenetik, talde komunitarioarekin elkartzeko akordioa sinatzeari uko egin ondoren.

Errusiak inbasioa abiatu eta egun gutxira hasi zuen Ukrainak EBko estatu kide bilakatzeko prozesua, otsail amaieran, eta 27 gobernuburu eta estatuburuek hilabete gutxian onartu diote hautagai estatusa —lehen aldia da hori ematen diotela gerran dagoen herrialde bati—. Moldaviarekin antzekoa gertatu da, joan den martxoan egin baitzuen eskaria.

Hori bai, halako azkartasunik ez da izango hemendik aurrera, Europako Batzordeak erreformak eskatu baitizkie bi herrialde horiei, eta, printzipioz, gutxienez hamarkada bat pasatuko da EBko estatu kide bilakatzen diren arte.

Gutxienez hamar urte barru

Alexander de Croo Belgikako lehen ministroak atzo eman zuen horren berri: «Hasieraren hasiera da. Ukrainak hamar urte baino gehiago beharko ditu. Gaurkoa errealitateari buruzkoa da: gaur zer gertatzen den, bihar zer gertatuko den». Xavier Bettel Luxenburgoko gobernuburua ere antzera mintzatu zen, eta Ukrainari eta Moldaviari esan zien «etxeko lanak» dituztela egiteko.

Mendebaldeko Balkanetan, berriz, sei herrialdeetako —Albania, Bosnia eta Herzegovina, Ipar Mazedonia, Kosovo, Montenegro eta Serbia— agintariek etsipena azaldu zuten herenegun ez zutelako aurrera egin EBko estatu kide bilakatzeko prozesuan, horietako gehienek hamarkada bat baino gehiago baitaramate talde komunitarioan sartzeko zain.

Negoziazioak geldirik daude, baina baliteke datozen hilabeteetan aurrera egiteko pauso bat ematea, Bulgariako Parlamentuak atzo erabaki baitzuen Ipar Mazedoniari ezarritako betoa kentzea; Sofiak 2020tik blokeatu ditu Skopjek abiatu nahi dituen solasaldiak, argudiatuta herrialde horrek ez dituela bermatzen bulgariarraren eskubideak.

Frantziak egin zuen egoera bideratzeko proposamena —hark baitu hilabete amaiera arte EBko Kontseiluaren presidentetza—, eta, horren bidez, zenbait konpromiso lortu ditu: besteak beste, bulgariarrak Ipar Mazedoniako Konstituzioan aipatzea, eta Bulgariak mazedoniera onartu beharrik ez izatea. Orain, ikusteko dago Ipar Mazedoniak nola erantzungo duen, eta baldintza horiekin ados dagoen.

Edi Rama Albaniako lehen ministroa, behintzat, pozik agertu zen erabaki horren berri izan zuenean, eta, Twitter bidez, Bulgariako oposizioburu Boiko Borisovi eskerrak eman zizkion egoera desblokeatzeagatik: «Egiazko lagun bat da, egiazko lider bat. GERB [Bulgaria Europan Garatzearen Aldeko Herritarren Alderdia] haren alderdiak eta besteek Bulgariaren aurpegia salbatu dute. EBk azkar ekin behar dio orain».

Ilir Meta Albaniako presidentea ere pozik agertu zen Bulgariako Parlamentuko bozketarekin, eta gogorarazi zuen Ipar Mazedoniari betoa kentzeak mesede egin diola haren herrialdeari ere, Skopjeren eta Tiranaren bideak lotuta baitaude talde komunitarioko estatu kide bilakatzeko negoziazioei dagokienez.

Europako Batzordearen kasuan, Oliver Varhelyi Zabalkunderako komisarioak «ontzat» jo zuen egoera desblokeatzea, eta azaldu zuen Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren arteko goi bilera bat antolatuko dutela hurrengo pausoak zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.