Albistea entzun

Europako mugazainak

Kosta eta Mugen Europako Guardia sortzea proposatu du Bruselak.

1.500 poliziak Europako Batzordearen esanetara jardungo lukete
Jean-Claude Juncker, atzo, Europako Parlamentuan.
Jean-Claude Juncker, atzo, Europako Parlamentuan. PATRICK SEEGER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabin Makazaga -

2015eko abenduak 16

Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko izan dituzten zailtasunek eraginda, Europako Batasuneko 28 estatu kideek subiranotasun puska bat gehiago utzi beharko dute Bruselaren esku. Europako Batzordeak, izan ere, 1.500 poliziaz osatutako zaindari talde berri bat sortzea proposatu zuen atzo: Kosta eta Mugen Europako Guardia. Eta, proposamena onartuz gero, posible izango da, herrialde bateko agintarien nahiaren kontra ere, Europako mugazainek herrialde horretan bertan esku hartzea.

Frontex Kanpo Mugen Zaintzarako Agentzia Europarrean oinarrituta eratu nahi du mugazain talde berria Bruselak, Europako Batasuneko kanpo mugen zaintza behar bestekoa ez den uneetan baliatzeko. Migratzaileen presioak «Schengen eremua arriskuan» jarriko balu erabakiko luke Europako Batzordeak 1.500 mugazainen taldea abian jartzea, gehienez ere hiru eguneko epean.

Europako Batasuneko estatu kideen ordezkariek osatutako batzorde batek gehiengo kualifikatuz eman beharko lioke oniritzia Bruselak eskatutako esku hartze bakoitzari; baina ez EBko estatu eta gobernu buruak biltzen dituen Europar Kontseiluak edo tokian tokiko agintariek.

Batzorde horrek Bruselaren eskaerari erantzunik eman ez edo esku hartzearen kontra bozkatuko balu, helegite organo batera jo ahalko luke Europako Batzordeak; eta, hor, estatu kide gehienen kontrako botoa beharko litzateke eskaera atzera botatzeko.

Orain arte, EBko kanpo mugen zaintza estatu bakoitzaren ardura izan da, eta eskumen hori hein batean Bruselaren esku utziko luke atzo Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko buruak Europako Parlamentuan aurkeztu zuen proposamenak. Italiak eta Greziak, esate baterako, ez dute gainerako estatu kideen laguntzarik eskatu, migratzaileen uholdeak erabat gainditu eta Bruselaren presioa jasangaitza egin zaien arte. Aurten, izan ere, milioi eta erdi errefuxiatu eta migratzaile sartu dira Europako Batasunean, gehienak bi herrialde horietatik, eta sarrera guneetan kontrolatu gabe egin ahal izan dute aurrera Balkanetako igarobidean.

Kanpo mugen zaintzak «ardura partekatua» izan behar duela argudiatu du Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen presidenteordeak, eta errefuxiatuen krisiak gaur egungo mekanismoen «ahulezia eta hutsuneak» agerian utzi dituela erantsi du.

Europako Batzordeak, bestalde, Suedia Italiara eta Greziara iritsitako errefuxiatu siriarrak hartzeko betebeharretik urtebetez salbuestea proposatu du, herrialde hark jasaten duen presio handiagatik.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...