Albistea entzun

Koronabirusa

Birusak zama handitu die

Pandemiak gizarte osoan izan du eragina, baina ondorioen larritasuna ez da berdina izan denentzat. Bizipoza elkarteak, besteak beste, elbarritasunen bat edo gaitzen bat duten umeen familien elkarteak batzen ditu, eta haien bizipenak bildu ditu: ondorioztatu dute ez dutela baliabide aski izan.

Maria Ortega Zubiate -

2021eko uztailak 27

Pandemiak harri astuna jarri du gizartearen sorbalden gainean; guztien hankak sartu ditu lokatzetan. Baina batzuei presio handiagoa eragin die, gehiago lokaztu ditu: aurretiaz, izurriaren pisurik gabe ere, egoera zailean baitzeuden. Hori ondorioztatu du Bizipoza elkarteak elbarritasunen bat edo osasun arazoren bat duten seme-alaben familiekin izurriaren ondorioez egindako ikerlan batean. Peio Manterola da ikerketaren egileetako bat: «Aniztasun funtzionala dutenei dagokienez, zailtasunak lehenago ere bazeuden, pandemiak handitu besterik ez ditu egin. Ez da baliabiderik egon sortu diren beharrak asetzeko».

Horixe da galdekatutako 80 familia baino gehiagok eman dituzten erantzunetatik ateratako ondorio nagusia. Bizipozak 36 elkarte batzen ditu, elbarritasunak eta osasun arazoak dituzten ume eta nerabeenak horietako asko, eta konfinamendu garaian familia horiek beren larruan bizitakoak bildu dituzte ikerketan. Ikusi dute jada malkartsua zen bidea zaildu duela pandemiak, eta gabezia ugari izan direla, esparru askotan. Agerikoena osasungintzarena izan liteke: jakina da ospitaleek gainezka egin ahala «beharrezkoak» edo «larriak» ez ziren bestelako osasun zerbitzuak atzeratu edo bertan behera utzi dituztela maiz. Horrek zuzenean eragin die elkarteetako haur askori, ohiko kontsultak galdu dituztelako. Horien ordez, telematiko bilakatu dituzte zenbait kontsulta. Baina ez da nahikoa izan, familien ustetan: «Familia askok esan dute terapia kontuetan gertutasuna oso garrantzitsua dela, eta gertutasun hori ez izateak terapeutekiko konfiantza galtzea ekarri duela».

Izurriak «beldurra» nabarmen areagotu duela esan du Manterolak. Berez, gaztetxoenen artean, ez da oso erasokorra izaten COVID-19a, baina Bizipoza elkarteko haur eta nerabe askok arrisku faktoreak dituzte, eta egoerak nabarmen izutu ditu sendiak. Gainera, ez dituzte lehenetsi txertaketarako, maiz eskea egin duten arren.

Mesfidantzak

Sentitu duten zaurgarritasunak segurtasuna bilatzeko beharra areagotu die familia horiei, eta, bide horretan, sarri gizartearen gaitzespena sumatu dutela esan du Manterolak: dela osasun arazoren batengatik maskara ez janzteko hautua egin dutelako, dela konfinamendu garaian kalera ateratzeko baimen berezia zutelako... Jendearen errezeloa parez pare sentitu dute maiz. «Mesfidantza handia nabaritu dute familiok. Diskriminazio positibo hori ikusita, gure jarrera ez da ona izan; gure eskubideak urratu dituzte, baina ez gara ohartzen besteen eskubideak ez ezik beren osasuna ere urratu dela», azaldu du Manterolak.

Pentsa liteke osasungintzakoa dela gurasoek nabaritu duten gabezia nagusia, elkarteetako haur askok maiz joan behar izaten baitute ospitalera. Baina ez. Gabezia handiena, edo behintzat eguneroko martxan eragin handiena duena hezkuntzan nabaritu dute. Uste dute ikastetxeak itxi eta hezkuntza formala ordenagailuen bidez emateak haur asko atzean utzi dituela. Izan ere, haur eta nerabe askok laguntza berezia izaten dute ikastetxeetan, eta, birusaren ondorioz, bertan behera geratu dira zerbitzu asko. Arlo horretan baliabide falta nabaria kritikatu badute ere, kezka beste nonbait ere badute gurasoek. «Hezkuntzaren funtzioa ez da akademikoa soilik», gogoratu du Manterolak. Gizarteratzeko, harremanak lantzeko, ezinbestekoa da eskolako martxa, eta gabeziak ikusi dituzte hor ere: «Autismoa eta harremanetarako arazoak dituztenentzat, adibidez, oso garrantzitsua da gertuko harremanei eustea: horretarako zailtasunak dituzte, eta, konfinamendua dela eta, asko galdu dute hori. Atzerapauso bat egon da, eta lehen baino okerrago daudela diote».

Izurriak kalte egin dio elkarteen martxa onari ere. Ezin izan dute aurrez aurreko ekintzarik egin, eta, horrekin batera, kideei zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoa duten finantzaketa murriztu egin da, baita boluntario kopurua ere. Zenbait familiak hori ere salatu dute, erakundeetatik jasotako laguntzak jaitsi direla, zenbait kasutan desagertzeraino. Baina, lokatz horren guztiaren artean, bide bat zabaldu dutela uste dute, eta erakundeetan entzun dituztela, erantzunik jaso ez badute ere. Eta horretan jarraituko dute, gizartean eragiten eta erakundeei presioa egiten, sorbalda gainean duten harria ez dadin izan hain astuna eta ez daitezen gehiago lokaztu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Herritarrak paseoan, Hernaniko (Gipuzkoa) kale batean. ©JON URBE / FOKU

Intzidentzia tasa ehundik beherakoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 133 kasu detektatu dira Hegoaldean. EHUk, MUk eta Deustuk aurrez aurre emanen dituzte eskola denak urri erdialdetik aurrera
Haur bat, Donostiako ikastetxe batean artxiboko irudia. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Hasi dira legea ehuntzen

Arantxa Iraola Irati Urdalleta Lete

Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoak hasiak dira hezkuntza hitzarmena negoziatzen. Hizkuntza eredua eta finantzaketa dira eztabaidagai nagusiak, baina uste dute badirela ados jartzeko aukerak
Klima aldaketaren aurkako manifestazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Neurri zorrotzak» eskatu dituzte klima aldaketari aurre egiteko

Oihane P. Ramirez

Fridays For Future plataformak mundu osoko greba deialdia egin du. Besteak beste, Donostian, Bilbon eta Iruñean egin dituzte mobilizazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna