Udalen osaketa. Araba

Urtaran da Gasteizko alkate, ezkerreko alderdien babesari esker

Sozialistek zuri bozkatzea erabaki dute azken orduan.EAJ, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabaziren hamalau boto izan ditu jeltzaleak.Marotok dio bere ideien alde egingo duela oposiziotik

Urtaran da Gasteizko alkate, ezkerreko alderdien babesari esker.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gasteizko Udalera iritsi da aldaketa. Javier Maroto orain arte alkate izandakoa ez da karguan izango aurrerantzean, haren lekua hartu duelako Gorka Urtaran jeltzaleak. Alkate izateko nahiko boto bildu du EAJko hautagaiak—hamalau, EAJ, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabaziren artean—, baina aurreikusi baino babes txikiagoarekin izendatu dute alkate. Izan ere, Andoaingo (Gipuzkoa) alkatearen aukeraketan gertatutakoak giroa nahasi du, eta, udalbatza osatu baino ordubete lehenago, PSE-EEk boto zuria iragarri du inbestidura saioan.

Ostiral arratsaldean ziurra eta argia zirudiena airean egon da une batez Gasteizen. Izan ere, udalbatza hasi aurretik, asaldura eragin dute bi albistek: batetik, Irabazik iragarri du bere hautagaitzari emango diola botoa, eta ez duela Urtaran babestuko; bestetik, PSE-EEk zuri bozkatzeko erabakia hartu du azken orduan, Andoaingo gertaerengatik. Horiek hala, Urtaranek alkate izateko babes nahikoa bermatu gabe izan du osoko bilkura baino ordubete lehenago. Azkar hasi dira alderdien arteko negoziazioak, eta akordioa laster lortu dute. Udalbatza osatzeko minutu eskasera, Irabazik iragarri du atzera egiten zuela eta Urtaran babestuko zuela, «erantzukizunagatik». Maroto alkatetzatik botatzeko eta Urtaran alkate izateko, aldaketaren aldeko indarrak batu dituzte azkenean EAJk, EH Bilduk, Hemen Gaude-k eta Irabazik.

Ez da ezusteko gehiagorik izan hortik aurrera. Osoko bilkuran emandako hitza bete dute alderdiek: PPko bederatzi zinegotziek Maroto babestu dute, eta EAJ, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazik, berriz, Urtaran; hamalau guztira. Zuri bozkatu dute PSEko lau zinegotziek. Horiek hala, alkate izendatu dute Urtaran.

Gasteizko alkatetzaren inguruan azken asteotan izandako tirabirek isla izan dute osoko bilkuran, eta hotza izan da Urtaranen izendapena. Zurrunak izan dira, oso, PPko zinegotzien aurpegiak, eta tentsio hori islatu egin da Marotok Urtarani aginte makila emateari uko egin dioenean. Adineko Mahaiaren presidentearen eskutik jaso behar izan du makila.

Alkate gisa egindako lehen hitzaldia euskaraz eta gazteleraz egin du Urtaranek. «Apaltasunez» jardungo duela esan du, onartuta nola lortu duen aginte makila. Alkate izateko hura babestu dutenei eskerrak eman dizkie EAJkoak, eta bereziki alderdikide ez dituenei. «Zuhurtziaz eta eskuzabaltasunez» lan egingo duela agindu du, eta «guztiontzat» gobernatuko duela zin egin du, «baita PPri botoa eman dioten 35.000 pertsonentzat ere». Elkarbizitza berreskuratzea, krisia gainditzea eta hiria eraldatzea lehentasunen artean jarri ditu.

Bilkura amaituta, atsekabetuta hitz egin du Marotok. Iragarri du oposizioan egongo dela, eta aurrerantzean ere «gauza guztien gainetik» defendatuko duela Gasteiz. Gogorrago hitz egin dute Arantza Quiroga eta Alfonso Alonso PPko buruek. Abisua igorri dio Quirogak EAJri: «Ondorioak izango ditu». Haserre aritu da Alonso: «Urtaran legezko alkatea da, baina ez da zilegia».

Pozarren mintzatu da, ordea, Miren Larrion EH Bilduko zinegotzia. Egun «historikoa» dela esan du, eta eskerrak eman dizkie aldaketa bermatu duten alderdiei eta gasteiztarrei. Horiei zuzendu zaie: «Duintasun itsaso bat sortu duzue».

Kalean, udaletxe parean, hain justu, Maroto kanporatzea ospatu dute ehunka lagunek, oihu eta txaloekin. Tentsio uneak ere izan dira, PPkoa babestera joandakoen eta aldaketaren aldekoen artean, baina liskarrik ez da egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.