Arrauna

Bete-beteko asteburua

Urdaibaik Hondarribiko eta Getariako banderak irabazi ditu. Erregularra izan nahi du 'Bou Bizkaia'-k, sailkapeneko lehen postuan sendotzeko.

Urdaibaiko trainerua, Getarian irabazi ondoren. IDOIA ZABALETA / FOKU.
pettan uralde
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Zaila da Urdaibaik izan duen asteburua baino hoberik izatea. Hondarribiari etxean festa zapuztu zion larunbatean; eta, igandean, Getariako uretan, Ama Guadalupekoa-ren huts handi bat aprobetxatu zuen sailkapen nagusia iraultzeko. Bermeoko ontzia ligako lehen postuan dago orain, Donostiarrarekin batera. Nahierako asteburua izan da Bou Bizkaia-rentzat. Orain, arraunkada aproposa aurkitu behar dute, eta sasoi onari eutsi, Eusko Label liga berriz irabazi ahal izateko. 2018an irabazi zuen azkenengoz.

Urdaibaik apustu handia egin du sasoi honetarako, azken denboraldietako bolada txarrari amaiera emateko asmoz. Entrenatzaile berria, patroi berria eta sei arraunlari fitxatu zituen udazkenean. Hala ere, bandera gutxi zeuzkan irabazita orain arte. Coruñako banderan eta Euskadiko Txapelketan baino ez zen gailendu. Alabaina, baliteke azkenengo asteburu biribila mugarri izatea. Ikusteko dago, hala ere, errepikatu dezaketen horrelakorik aurrerantzean.

Alain Kolungak (Barakaldo, Bizkaia, 1987) urte mordoa daramatza Bizkaiko taldearekin, eta oso argi dauka Bou Bizkaia potentzial handiko trainerua dela. Haren ustez, erregulartasuna lortzea da orain arte gehien kostatu zaiena: «Garaipenek lagundu egiten gaituzte horretan. Gustura gaude izaten ari garen bilakaera horrekin. Badirudi orain lortzen ari garela erregulartasun hori. Ikusita Hondarribiak zer abantaila zuen, beharrezkoa genuen horrelako asteburu bat izatea».

Aldaketara egokitzen

Ez da makala izan Iker Zabala entrenatzailearen eta Gorka Aranberri patroiaren eskutik Urdaibaik egindako apustua. Kolungaren ustez, Zabalak «grina» itzuli die arraunlariei: «Ikerrek berriro piztu digu denboraldi on bat osatzeko behar dugun konfiantza». Aranberrik eman dienaz ere mintzatu da segidan: «Patroi on batek asko ematen dizu, eta Gorka, nire ustez, ligako onenetakoa da. Arraunlarioi sekulako segurtasuna ematen digu». Hala ere, onenak taldean izateak ez ditu beti emaitzarik onenak bermatzen. Orain arteko «zailena» aldaketara egokitzea izan da, Kolungarentzat: «Kostatu zaigu martxa hartzea, baina dena irabazteko lehian gaude oraindik. Gainera, potentzial handia dugu: batetik, esperientzia handiko arraunlariak ditugu; bestetik, harrobiko gazteak ditugu, eta, gainera, entrenatzaile eta patroi onak».

Bi garaipen asteburu batean. Gutxik pentsatuko dute hobeto egin daitekeenik, baina Bermeoko arraunlariak argi dauka gehiago egin dezaketela: «Gure planteamendua berbera da. Ez gara konformatzen, eta arriskuak hartuko ditugu, hobetzeko. Maila ona daukagu, baina gehiago eman dezakegu».

Sailkapen nagusiko lehen postuan daude, Donostiarrarekin batera, 128 punturekin. Hondarribia hiru puntura daukate orain. Zaila da jakitea nork amaituko duen lehen postuan, baina txapeldun izateko behar dena dauka Bou Bizkaia-k: «Bilakaera honi heldu behar diogu, irabazten segitzeko».

Denborak erakutsiko du Bermeoko taldea zein postutan egongo den denboraldi amaieran. Nolanahi ere, zertarako gai diren erakutsi dute bizkaitarrek asteburu honetan , eta badakite zein den egin beharreko bidea: «Liga eta Kontxako Bandera irabazi nahi baditugu, badakigu zer egin. Hala ere, urrun daude Kontxa eta liga amaiera. Oraingoz, nahiago dut asterokoari erreparatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.