KRITIKA. Antzerkia

Platonen harpea

Plató antzezlanaren une bat. RAUL BOGAJO.
Agus Perez.
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
'Plató'

Konpainiak: Sleepwalk Collective, Larrua proiektua, Parasite kolektiboa, Tripak. Zuzendaritza: Unai Lopez de Armentia. Dramaturgia: Hannah Frances Whelan, Iara Solano Arana. Argiak: Danel Ibisate. Musika: Samuel Metcalfe. Antzezleak: Danel Ibisate, Unai Lopez de Armentia, Aritz Lopez, Samuel Metcalfe, Iara Solano Arana, Marina Suarez, Hannah Frances Whelan, Helena Wilhelmsson. Lekua: Gasteizko ur-biltegi zaharra. Eguna: Urriak 3.

Platonen harpe mitiko hartan bezala egon gara tarte batez, Plató izeneko emanaldi berezian. Site specific bezala definitu dezakegun lanak irailaren amaieran hasi eta urriaren bigarren asteburuan bukatuko du bere ibilbidea, eta, bitartean, emanaldi bakoitzeko ikusleek Platonek bere alegoria famatuan planteatu zuena biziko dute, lurpean egonda eta kanpoko errealitatea barruko argi eta izaki misteriotsuen prismatik ikusiz.

Gasteizko Antzerki Jaialdia ireki duen estreinaldi hau bertako lau talde edo kolektiboren arteko sorkuntza da —Sleepwalk, Larrua, Parasite eta Tripak—, eta horrek ezin hobeto adierazten du hirian aspaldi bor-bor dabilen arte eszenikoen bizitasuna eta taldeen ugaritasuna, konparaezinak direnak Euskal Herri osoko beste edozein hiriburutan egon daitekeenarekin. Plató deitu diote sorkuntza honi, gaztelaniazko azentu-marka eta guzti, zineman eta telebistan erabiltzen diren estudio handiei erreferentzia eginez, baina argi dago Antzinaroko filosofoaren izenari egindako keinu bat dagoela izenburuaren atzean. Bestetik, gaztelaniaz gain beste hizkuntza batzuk entzun ditugu emanaldian zehar eta kaskoak jantzita —euskara, ingelesa eta frantsesa gutxienez—, haietariko batzuk aldi berean baina era bereizgarrian eman direnak.

Platonek irudikatutako egoerari jarraituz, garrantzia handia hartu dute argien diseinuak eta haren bidez sortutako itzalen proiekzioek, bai alboetako hormetan bai erdigunean paratutako bi gortina zeharrargietan. Danel Ibisateren argi-diseinu miresgarrian goiko arkuen artean kokatutako hamabost goritasun-bonbilla xume izan dira argi-iturri ia bakarrak, eta behegainetik beste led foku txiki batzuek egin dute gainontzekoa. Ikusleak, bitartean, Samuel Metcalferen soinu-banda elektroniko inguratzailean murgildu dira, eta lehen ordu erdian antzezleak noraezean ibili dira era guztietako ekintza absurdoak eta noizbehinkako koadro erdi estatikoak garatzen, baliorik gabeko hainbat objekturi beste esangura edo bizitza bat eman nahian.

Bigarren fase batean telezabor erako lehiaketa baten parodiaren lekuko izan gara, eta haren ostean etorri diren txinatar itzalen proiekzioak aurkikuntza esanguratsua izan dira ustezko errealitatearen engainua irudikatzeko. Argi zuriz apaindutako eskaileratik ordura arte DJa zena harpetik benetako mundurantz abiatu denean, amaiera polita eta desiragarria iragarri dugu guztiok, baina Platonen alegorian kanpotik datorrenak eta egia dakarrenak onespen txarra edukiko du itsutasunera ohituta daudenengandik, eta, horrela izanik, telebista huts bateko oskolari begira aurkitu dute zoriontasuna lurpeko biztanle kamuts haiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.