Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Ostegun Musikalak San Telmon zikloa

Iazkoari jarraiki

Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

The Brahms Project

Lekua: Donostiako San Telmo Museoa. Eguna: Abuztuak 9.

Urtebete igaro da zehazki The Brahms Project-en azken agerralditik. Iazko Musika Hamabostaldian idatzitako kritika berrirakurri dut, eta honela izendatu nuen: Hiru gehi bat, ez da beti lau, Enrique Bagaria pianista besteengatik nabarmenduz. Oraingoan, taldeari bilakaera sendoa nabaritu diot; helduago jardun du, elkarri gehiago entzunez, eta bakarlarien ahaireak nabarmendu gabe. Halere, Josep Colomeren iazko biolinaren arku tratatze tentsioduna errepikatu da aurten ere, soinu biribil eta batez ere zerutiarra guztiz zokoratuz. Joaquin Riquelme biola taldearen ardatz bilakatu da, Bagariaren izar rola alde batera utziz. Biolatik intentzio handiko interpretazioa entzun zen, soinu epelean, laukotearen erditik denei musikaren nondik norakoak garbi adieraziz. Egonkorrena David Apellaniz izan zen, biolontxeloan; berriz ere euskal musikari bat gure agertokietatik urrun ospearen txaloak jasotzen, sinestezina! Erritmoa beti lurrari itsatsita, lehor, zehatz eta dotore.

Aurtengo Musika Hamabostaldiaren leitmotivari, mitoa eta tradizioari keinu egiteko, Christoph Willibald Glucken Orfeoren heriotza pasarte famatua jo zuten biolinak eta pianoak, azukre kilo bat baino gozoago, erromantikoegi eta fintasunetik urrun. Agindutakoa bete eta gero, Johannes Brahmsen Opus 25 Laukotea-n intentsu azaldu ziren lau musikariak. Hala eta guztiz ere, The Brahms Projectekoek intentsitatea jatetxe bateko menu osoa txuletoiez josita agertuko balitz bezala ulertzen dute; hau da, dena eman, pisutsu eta bolumen handian, haragi puska erraldoiak bata bestearen jarraian. Brahmsek, baina, baditu une malenkoniatsu eta inguratzaileak ere, musikari bakoitzak barnerantz jo beharko lituzkeenak. Franz Schuberten Amuarraina boskoterako Uxia Martinez kontrabaxua gonbidatzea interesgarria izan zen. Bertan, pianotik soinu lasai eta dotoreago bat eta biolinetik zakartasun eta kalitate baxuagoko soinu bat entzun ahal izan ziren. Eztitsu eta maitasun osoz tratatutako pasarte isilek gutxiegi iraun zuten; The Brahms Project gehiagotasunerantz abian zen segituan, intentsitaterako bidaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.