ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Menopausia, estigmarik eta ezjakintasunik gabe

2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Menopausiari buruzko estigmak, ezjakintasunak edo desinformazioak eragiten duten kalteaz ohartarazi du emakume ginekologo- eta psikologo-talde batek. Haien esanean, tratamendu mediko desegokiak jasotzea eta sasoi hori ezkortasunez bizitzea dakar, besteak beste.

Emeek ugalkortasuna galtzeari deitzen zaio menopausia. Bost animalia-espezietan baino ez da gertatzen: orkak, narbalak, belugak, kalderoiak eta gizakiak. Berezitasun bat da, beraz, eta, eboluzioaren ikuspegitik, ez du azalpen errazik: zertarako bizi, ezin bada ugaldu? Zientzialariek amonaren hipotesiaren bitartez erantzun diote galderari: adin batetik aurrera ugalkor izateari utzita, emeek belaunaldi gazteak zaintzera eta esperientzia transmititzera bidera ditzakete beren ahaleginak. Horrenbestez, menopausia mesedegarria da taldearen biziraupenerako.

Baina menopausiarekiko bizipenak eta ikuspegiak ez dira unibertsalak; aitzitik, faktore kulturalek, sozialek eta biologikoek baldintzatzen dituzte. Eta, oso maiz, alderdi txarrak baino ez dira nabarmentzen, ez gizartean soilik, baita osasun-arloan ere: loaren nahasmendua, izerditzeak eta beroaldiak, aldarte-gorabeherak, nekea, mina... Aldiz, ez dira aintzat hartzen onuragarriak izan daitezkeen beste alderdi batzuk, hala nola hilekoagatik kezkatu beharrik ez izatea, edo haurdun geratzeko arriskurik ez izatea.

Artikuluaren egileen arabera, oso lagungarria izango litzateke informazio osoa ematea menopausiari buruz; ez bakarrik zein diren sintomak, baizik eta zein izan daitekeen haien eboluzioa eta nola arindu sor ditzaketen eragozpenak. Galdeketek erakutsi dutenez, informazio-gabezia bereziki nabarmena da pertsona transgeneroen eta ez-binarioen artean, baita migranteen artean ere. Lehenengoen kasuan, askotan medikuek ere hutsune handiak dituzte, eta migranteen kultura batzuetan, berriz, tabuek oztopatzen diete menopausiaz hitz egitea.

Bestalde, gogorarazi dute prozesu fisiologiko bat dela, eta kasu batzuetan tratamendu medikoa behar izateak ez duela esan nahi gaixotasun bat denik. Hori bai, garbi esan dute menopausiaren tratamenduen inguruan marketina eta negozioa daudela.

Era berean, testuinguru biopsikosozialek eta ekonomikoek duten eragina azpimarratu dute. Adibidez, herrialde aberatsetan menopausia beranduago agertzen da (51 urterekin, batez beste) pobretuetan baino (46-48 urte), eta sintomak basomotoreak dira, batez ere. Herrialde asiarretan, berriz, ez dute beroaldirik pairatzen, eta sintoma ohikoena mina da. Herrialde beraren barruan ere, diferentzia aipagarriak daude. Esaterako, AEBetan, emakume arrazializatuek besteek baino lehenago dute menopausia, eta arazo basomotor gehiago dituzte. Egiturazko arrazismoaren eta bizi osoan jasaten duten estresaren ondorioz izan daitekeela uste dute egileek.

Bukatzeko, heziketaren garrantzia azpimarratu dute. Menopausiari lotutako aldaketak hobeto ulertzeak beste asaldura batzuetatik errazago bereiztea ere ekarriko luke (adibidez, depresioa), eta, behar izanez gero, tratamendu egokia jasotzea. Eta informazio osoa ezagutzea lagungarria da bizitzaren sasoi horri baikortasunez heltzeko, estigmarik eta beldurrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.