Suizidioa. Prebentzioa

Iluna saihesteko neurriak

Nork bere bakardadean hartutako erabakia bainoago, osasun publikoko arazotzat hartzen da gero eta usuagotan suizidioa; hastapenetan dira prebentzio plan zabalak.

BERRIA.
arantxa iraola
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Egin zerbait', esan zigun: 'Ezin dugu horrela jarraitu'». Nafarroako osasun sare publikoko eguneko zentro psikogeriatrikoko zuzendari Adriana Goñiren oroitzapenen arabera, larrimina ezkutatu ezinik hurbildu zitzaien 2013an Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilari Iñigo Alli gobernuko hainbat alorretako ordezkariei: «Itxaropenaren Telefonoko eragileekin-eta mintzatua zen, eta haiek adierazi zioten gainezka eginda zeudela suizidio kasuen inguruko deiekin». 2014an, eskari hari atxikita, protokolo bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, gaiaren inguruan herrialdean eginiko lehena: Jarrera suiziden aurreko prebentzioa eta ekintza. Goñik onartu du, bost urteren buruan, balorazioan, oro ez dela gozoa. Ez dute agiria nahi adina ezagutarazi: «Administrazioaren erdiak ez du irakurri ere egin». Ez dute behar bezala egokitzen asmatu ere: «Protokoloaren inguruan eratu zen batzordea, hein batean, lo egon da. Agiria eraberritzeko garaia da». Hutsetik abiatuta, egin diren urratsak aintzat hartzeko modukoak direla uste du, baina ezin dela bertan goxo geratu: «Lan handia dugu». Izan ere, gero eta usuago eskatzen dira suizidioari aurrea hartzeko neurriak.

Eusko Jaurlaritzan labetik atera berria dute plan oso bat: Suizidioa prebenitzeko estrategia. Osasun sailburu Nekane Murgak iragan ekainean aurkeztu zuen. Andrea Gabilondo psikiatrak parte hartu du estrategia ontzeko prozesuan. Xedeetako bat gaia plazara ateratzea da, egun suizidioaren inguruan dagoen «estigmatizazioak» kaltea besterik ez dakarrela iritzita: «Ondorioak oso argiak eta negatiboak dira. Esaterako, laguntza behar duten pertsonek ez dute erraz eskatzen, zer gertatzen ari den ez dakitelako, edo laguntza eskatzera ausartzen ez direlako. Halaber, inguruan dauden pertsonek alarma seinaleak ez dituzte ezagutzen, eta, horren ondorioz, ez dute ezer egiten». Buruko nahasmenduak suizidiorako arrisku faktore nabarmena dira, eta estigmaren itzala maiz sentitzen dutela onartu du Gipuzkoako buruko gaixoen elkarte Agifeseko psikologo Maider Gorostidik ere. «Litekeena da pertsona askori burutik ere ez pasatzea: 'Gaizki nago'. Askotan gaitasunik ere ez duzu gaizki zaudela konturatzeko». Ezkutuan eta laguntza premian dauden pertsona horiek gogoan, programa bat atondu dute elkartean pertsona horiengana heltzeko: Hurbildu. Arloan egin daitezkeen aurrerabideek berebiziko garrantzia dute, Gabilondoren iritziz: «Izan ere, transmititu behar da suizidioa osasun publikoko arazo bat dela». Bide horretan, fenomenoa hobeto ezagutzera ere egin behar dela onartu du: «Asmoetako bat da zaintza epidemiologikoa hobetzeko behatoki berezi bat sortzea».

Osasun sistemara begira josten dira prebentzioa lantzeko neurri asko. Lehen mailako artan eta larrialdietan ari diren profesionalen trebakuntza hobetzea da, adibidez, xedeetako bat Jaurlaritzaren planean. «Izan ere, suizidio arriskua askotan oharkabean pasatzen zaie; zeren eta pertsonak sarri ez baitu bere buruaz beste egiteko ideien harira kontsultatzen, baizik eta beste gauza batzuengatik: gaixotasun fisikoak, mina, antsietatea...». Buruko osasuneko sarean ere badituzte helburuak;«arreta azkar eta eraginkorra» bermatzea da asmoa. Goñik ere adierazi du Osasunbidean zer hobetua badela, badirela gabeziak: «Osasun sistema motela da sarri, edo ez die bila dabiltzan pertsonei behar dutena ematen».

Hutsak saiheste aldera, «suizidioaren arrisku kodea» erabiltzen hastekoa da Osakidetza. «Beren buruaz beste egiteko arrisku handian dauden pazienteen identifikazio eta jarraipena hobetzeko tresna da», azaldu du Gabilondok. Historia klinikoari lotutako abisu sistema bat ekarriko du. Nafarroan ere antzeko zerbait jartzea aztertzen ari direla azaldu du Goñik. «Izan ere, ez da ulertzen halako informazioa ez agertzea». Aitortu du, «konfidentzialtasun motiboak tarteko», neurri horrek dudak sor ditzakeela, baina erabilera ona izan dezakeela uste du, eta baleko tresnatzat du: «Nire historian, esaterako, hortxe jartzen du hiru alergia ditudala. Bada, agian, paziente baten kasuan, epe jakin batean, eman behar da suizidio arriskuaren berri ere». Neurria baztertu gabe ere, historia klinikoan egiten diren aipamenak tentu handiz egin behar direla nabarmendu du Gorostidik: «Depresio bat eduki izanak ez du esan nahi betiko etiketatuta geratu behar duzunik». Administrazioek«ibilbide kliniko zehatzak» eta «denbora epeak» ere zehaztu nahi dituzte suizidio arriskuan dauden pertsonen kontsultak ez sobera atzeratzeko.

Jakina, osasun arloan eremu ezinbestekoa izango da trebakuntza, eta zer hobetua bada. Medikuntzako gradu ikasketak amaitu berriak ditu, esaterako, Amaia Orbegozok, EHUn, eta suizidioaren inguruan ondu du gradu amaierako lana. Kontatudu, hein batean, ikasketetan gaiak izan zuen presentzia urriak harrituta egin zuela aukeraketa. «Ikasgai bakar batean ere ez zidaten suizidioaz hitz egin. Soilik 5. mailan izan genuen aipamen bat, Psikiatrian». Ez ulertzekoa Badakigu gizartean ezkutatzen dela, baina osasun arloan bertan ere bai?».

Alor guztietara begira

Hezkuntzan eragitea ere ezinbestekoa da. «Emozioen kudeaketa giltzarri da», onartu du Goñik. Segurtasun arlora begira zedarritutako neurriak ere badira prebentzio neurrien artean. Jaurlaritzan, esate baterako, «koordinazioa» hobetu nahi dutela esplikatu du Gabilondok. «112 telefonoa, anbulantzia zerbitzuak, Polizia, suhiltzaileak...».Denak irizpide bateratuen araberako jardunean nahi dituzte. Suizidio asko gertatzen diren tokiak atzeman eta babestea ere bada xedea.

Beren buruaz beste egindakoen familien beharrak ere badituzte gogoan. «Euskarri bat eman nahi zaie familia horiei; askok ez dute akaso buruko osasuneko artarik beharko, baina gutxienekoa da profesional batek haiengana jotzea: 'Hemen gaude, behar duzuenerako'», adierazi du Goñik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.