Arabako aldundiak kontseilu arautzailea jo du arduradun

aitor biain
Gasteiz
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Ez Arabako Errioxako mahastizain txikiek, ezta familia upategiek ere ez dute egoera hau sortu». Argi eta garbi hitz egin du asteon Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Errioxa sor-markaren barruan sortu den krisiaz. Bat dator ABRAren iritziarekin, eta kontseilu arautzailea egin du egoeraren arduradun. Gonzalezek gogor egin du haren aurka, eta azpimarratu du azken urteetan hartu diren «erabaki okerrek» sortu dutela egoera.

Diputatu nagusiaren hitzetan, sor-marka guztiek izan dituzte zailtasunak azkenaldian: hala nola pandemia, brexit-a, kontsumo krisia, inflazioa edo muga zergak. Baina iritzi dio kontseiluak hartu dituen erabakiek are gehiago zaildu dutela jatorri deituraren egoera. Erabaki horiek dira, besteak beste, mahasti gehiegi landatzeko baimena ematea, jatorririk gabeko ardoak deskalifikatu gisa baimentzea, edota plan estrategikoan jasotako «aurreikuspen baikorrak» ez lortzea.

«Sor-marka gaindimentsionatu egin da: helburu nagusia salmentetan haztea izan da, markaren balioaren, posizionamenduaren eta ospearen aurretik», adierazi du Gonzalezek. Eta gaitzetsi du «estrategia» horrek mahastizain eta upategi txikiak desagertzea eragin duela Arabako Errioxan.

Bada, nabarmendu du kontseilu arautzaileak hartu dituen neurriak «beharrezkoak» direla, egoera onbideratu nahi bada. Baina epe luzera begira jarri beharraz ere ohartarazi du. Eta, kasu horretan, «atzeraezina da», haren ustetan, sor-markaren kudeaketa «deszentralizatzea». Horixe baita aldundiaren apustua: Arabako Errioxako ardoak sor-markaren barruan bereiztea, eta ez izen deitura berri bat sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.