Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Moriako txoko batean

Agus Perez -

2023ko otsailak 7

'Moria'

Konpainia: Unahoramenos. Zuzendaritza eta gune eszenikoa: Mario Vega. Dramaturgia: Luis O'Malley. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Eguna: otsailak 3.

Moriako errefuxiatuen kanpalekua Lesbosen (Grezia) zegoen, eta Europako handiena zen 2020an sute ikaragarri batek erabat suntsitu zuen arte. Handik ihesi irten zirenek talde paramilitar ultraeskuindarren eta polizia-eskuadroi ugariren harrera amultsua jaso zuten. Kanpamentu haren kontura Unahoramenos kanariar taldeak eratu duen Moria antzezlanean, ordea, ez dugu horren berririk izan, eta sute hura fatalismoak ekarritako zerbait bezala aurkeztu digute azken minutuan, emanaldiari nolabaiteko amaiera teatrala emateko.

Edukiera mugatuko antzezlan honetan, berrogeita hamar ikusle baino ez dira sartu eszenatokiaren gainean eraikitako karpan. Sarreran bakoitzaren zapatak behegainean utzi, eta barruan aulkiak zeuden zirkulu zentrokide bitan jarrita. Erdian emakume bat zegoen usain goxoko zopa prestatzen eta irrati bat sintonizatu nahian, eta laster etorri zaio beste emakume errefuxiatu bat bisitan. Gure buruen gainean zegoen pantaila zirkularrean bien eta hirugarren emakume baten irudiak eta testigantzak proiektatu dira, gaztelaniazko azpitituluekin, eta bi antzezleen solasaldiak haien osagarri eszeniko izan dira.

Bata Afganistandik eta bestea Iraketik zetorrela irudikatu nahi izan dute, eta bien arteko solasaldiak ustezko ingeles baldar batean gauzatu dira, persierak eta arabierak elkarrekin zerikusirik ez dutela kontuan izanda. Hain zuzen ere, hori berori suertatu zaigu pasatzeko gauzarik gaitzena, batez ere ustezko kanpotar ahoskeraren trakestasuna etengabeko traba suertatu delako elkarrizketak ulertzerakoan, baina baita ere haietariko bati Brasilgo doinu eta esamolde ezagunak ateratzen zizkiolako behin eta berriro, hitz egiteko era trauskilaren imitazioa horrela birrinduz.

Bestetik, antzezlanaren planteamendua protagonisten kontakizun pertsonalak erakustera mugatu da denbora guztian eta bestelako xederik gabe. Eta egia da beren bizipen izugarriak entzun ditugula, bai pantailan benetako protagonisten esku, bai antzezpenen bidez, baina, azken finean, bizipen pertsonalen pilaketa antzua eta errepikakorra baino ez da izan. Munduko borondaterik onenarekin egina, zer esanik ez, baina antzua azken finean, eta gure bihotza errukiz blaitzera bideratua, besterik gabe.

Alde horretatik, faltan izan dut kolektibitate zentzua bilatzeko borondatea, faltan errefuxiatuen aldeko boluntario askoren jarduna eta haien kriminalizazio lotsagabearen kritika —Aita Mari ontziari jarritako trabak eta isun okaztagarriak, adibidez—, faltan edozein analisi politikoren presentzia, eta soberan, ordea, Greziako zein Turkiako kostazainen salbamenduak bakarrik aipatu izana, eta, beste ezeren gainetik, dena fatalismoz zipriztinduta aurkeztu izana, errefuxiatuak egoera horretara bideratu dituzten baldintza politiko antolatuak zerutik jausitako kalamidade hutsak balira bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete
Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu
Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.
Joan Fierroren <em>Arrotz</em> erakusketan ikusgai dauden ikus-entzunezko piezetako bat, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...