KRITIKA. Dantza

Hontzaren jakituria

The Tree ikuskizunaren une bat.  FREDERIC IOVINO / ARRIAGA ANTZOKIA.
Agus Perez.
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'The Tree'

Konpainia: Carloyn Carlson Company. Koreografia: Carloyn Carlson. Koreografia-laguntzailea: Colette Malye. Artista bisuala: Gao Xingjian. Musika: Aleksi Aubry-Carlson, Rene Aubry, Maarja Nuut, K. Friedrich Abel. Argiak: Remi Nicolas. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzaren 22a.

Giro oniriko betean hasi da The Tree (Zuhaitza) dantza lana, ezkerreko aldean beltzez jantzitako hiru gizon aulki banatan zeudela. Eskumako muturrean, enbor zati batean eseri da zuriz jantzitako emakumea, eta haren alboan hontz bati eutsi dio laugarren gizonak. Bien atzean zuhaitz lehor bat ikusi da, egunsentian agian, baina seguruenik ilunabarrean zegoen paisaia idor batean. Ilargi baten hainbat eraldaketak osatu dute edertasunaren panorama, eta haiekin batera Gao Xingjian —Literatura Nobel saria 2000. urtean— artista bisualaren proiekzio leunak etorri dira, ametsetako baso bat noizean behin irudikatuz.

Jakina denez, Atenearen hontzak haren jakituria sinbolizatzen zuen, eta gau hegaztiak esangura bera omen dauka Ipar Amerikako jatorrizko kulturetan. Izan ere, Carolyn Carlson kaliforniarrak—frantses nazionalitatea dauka aspalditik— hiltzear dagoen naturaren aldeko dei desesperatua egin du The Tree honekin, eta horren harira natura bezain enigmatikoa izan den giroan murgildu gaitu askotan, eta beste batzuetan sinbolismoz beteriko pasarteek areagotu dute berez bikaina zen planteamendua.

Lehen momentutik bertatik presente egin den soinu bandak kalitate sinfonikoa eduki du une oro, eta nolabaiteko dramatismoa eman dio piezari tarte batzuetan. Beste batzuetan, ordea, lirismo garaikidez beteriko pasarteak ekarri dizkigu, hala nola Maarja Nuut estoniarrak abestutakoetan, eta han-hemenka zaldiek tiratutako gurdien pasaerak, eraikin eraitsien zaratotsa eta haizearen hotsa ere entzun dugu. Bestetik, aipatzeko modukoa da produktu bat eta bakarra iruditu zaigun arren, lau musikariren piezak entzun ditugula emanaldian zehar, zuzendaritza musikal bikainak ederto bateratuta.

Era berean, pena da ez jakitea norenak izan diren jantzien diseinuak, haien guztien aldaketak dotoreak eta espiritualak izan direlako, eta betiere gorputzen edertasunaren eta goi mailako dantzaren zerbitzura egon direlako.

Eta bitartean, dantzariak eszenatik sartu eta irten dira etengabe, ibilbide ezinezkoetan gurutzatu dira behin eta berriro, atzerantz ibili dira orain arte inoiz ez ikusitako arintasunarekin, burrunbarik gabeko oinaztargi arinek argiztatu dute lurra, eta une batean dantzari bakar bat giza figura izoztuen artean ibili da. Pasarte artegagarriak tarteko, heriotzaren aurreko paralisia, arimaren itolarritik askatzeko nahia eta jainkoei zuzendutako dei etsiak etorri dira, eta erritual zatikatu horien artean bereziki ederrak iruditu zaizkigu suaren irudikapena telebista ñimiño hartan, greziar emakume apaizen dantza esoterikoak eta haizearen eraginez bai adats bai jantzi luzeak hegaka zituen emakumearen —naturaren— irudikapen miresgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.