D eredua Nafarroan

Hamalaugarren D eredua

Eremu misto eta ez-euskalduneko hamahiru herrik dute D eredua, 2015ean atea ireki zitzaienetik. Ez dago argi zein irizpide bete beharko diren aurrerantzean

Hamalaugarren D eredua.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Urtebete pasako borroka izan da. Mendigorriko (Nafarroa) guraso talde bat D ereduko hezkuntza publikoa eskatzen hasi zen 2015. urtean, baina 2019ko azaroan jo zuten Hezkuntza Departamentura nahi horrekin. Martxan dagoen ikasturte honetarako nahi zuten euskarazko adarra euren herrian, baina ez da posible izan. Azken urtean, gurasoek behin eta berriro salatu dute Hezkuntza Departamentuak trabak bata bestearen atzetik jarri dizkiela, baina azkenean lortu dute. Joan den astean departamentuko ordezkariekin izandako bileran jakin zuten, 2021-2022ko ikasturtean euskaraz ikasi ahal izango dutela Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxeko haurrek. Era horretan, Euskararen Legea aldatu zenetik, eremu misto eta ez-euskaldunean D eredu publikoa ezarriko den hamalaugarren herria izango da.

2015eko otsailean izan zen legearen azken aldaketa, hartan oraindik Yolanda Barcina Nafarroako presidente zela. Euskararen zonifikazioari eutsi zitzaion, baina aukera ematen zuen D eredua lurralde osoko irakaskuntza publikoan ezartzeko. Ordura arte, eremu ez-euskalduneko herritarrei ez zitzaien aukera hori ematen. Finean, eremu mistoko sistema ezarri zieten: euskaraz ikasteko aukera eskola publikoetan —D eredua—, baina euskaraz ez ikasteko aukerari eutsiz —G eredua: euskara ez da ikasgai—. Berez, legea aldatu beharrik ere ez zegoen bide hori urratzeko, ez baitzegoen euskarazko irakaskuntza debekatzeko biderik. Baina UPNren gobernuek ez zuten inoiz erakutsi D eredua Nafarroa osora zabaltzeko asmorik.

Areago, eremu mistoan, euskarazko irakaskuntza publikoa ezartzeko zailtasunak izan zituzten herri askotan. Zudairiko kasua hori izan zen, besteak beste: gurasoek A ereduan eskaintzen zena baino euskara gehiago eskatu zuten, baina gobernutik ez zitzaion nahi horri biderik ematen. Borroka ugariren ondoren, D eredua lortu zuten Zudairin eta Abartzuzan, 2015-2016ko ikasturtean. Lege aldaketak, beraz, bazuen traba horiek guztiak leuntzeko asmoa.

Euskararen Legea berritu ondoren iritsi zen gobernu aldaketa, eta D eredua eremu mistoko zein ez-euskalduneko herri gehiagotara iritsiz joan zen urterik urte. 2016-2017ko ikasturtean lau herritan ezarri zen, hurrengo bi urteetan beste hiru herritan, eta 2019-2020koan bakarrean. Denetara, 11 herritan jarri zen martxan euskarazko irakaskuntza publikoa. Gobernuak berak ere erreferentziazko eskaintza ezarri zuen beste lau herritan: Los Arcosen, Zarrakaztelun, Zangozan eta Tuteran. Baina adar horiek ez dira martxan jarri, ez delako ia eskaerarik izan.

Irizpide argirik ez

Azken gobernu aldaketa izan denetik, Mendigorrikoa izango da D eredua ezarriko den lehen kasua. Eta hori hainbat mobilizazio, eskaera eta interpelazioren ondoren lortu dela aldarrikatu dute hango gurasoek. Baina zer da legeak dioena? Zein irizpide bete behar dute gurasoek aurrerantzean euren herrian euskarazko adarra lortzeko? Galdera horiek egin dizkio BERRIAk Nafarroako Hezkuntza Departamentuari, eta erantzun du auzion gaineko zehaztapenak fintzeko orain urte bi egin zuen 80/2019 dekretuari erreferentzia eginda. Hau da, foru agindu baten bidez nahi dituen aldaketak egin ditzakeela Hezkuntza Departamentuak. Horrez gain, hezkuntza mapan aldaketak bi bidetatik egin daitezkeela dio: departamentuak egin dezake horretarako beharra sumatzen badu, edo udalen batek adierazten badu bere herrian halako nahiren bat dagoela.

Mendigorriko gurasoek udalaren babesa jaso zuten, eta Hezkuntza Departamentura jo zuten D eredu eske, 2019ko azaroan. Ordurako, dekretua indarrean zen. Erantzun zieten hezkuntza mapa egokitu beharra zegoela lehenbizi, baina dekretuak dio foru agindu bidez ere egin daitezkeela aldaketak. Horrek esan nahi du aurrerantzean etorriko diren kasuetan auzia beste horrenbeste luzatuko dela? Hezkuntza mapa aldatu beharko dela aldiro? Galdera horiek ere bidali dizkio BERRIAk departamentuari, baina ez du erantzunik jaso.

Aurrerantzean herri gehiagok D eredu publikoa eskatzen badute, Hezkuntza Departamentuak ez du argi utzi zein irizpideren arabera bideratu beharko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.