Felix Iriarte.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Erreakzioak. ANALISIA

Espainia gorria da; Euskal Herria eta Katalunia, ez hainbeste

2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Akabo zalantzak. Pedro Sanchezek bukatu du duela pare bat urte hasi zuen ibilaldia alderdiaren barruan Espainiako gobernuburu bihurtu arte. Hala ere, erabaki beharko du norekin osatu nahi duen gehiengoa. Ciudadanos da aukera sendoena zenbakien ikuspuntutik erabateko gehiengo emango liokelako, baina badu beste aukera bat, Unidas Podemos eta EAJren eskutik. Baina kontua da ezkerrak irauli egin duela aurreko legealdiaren egoera eta Espainiako mapa gorritu duela. Ez da urdina, ezta laranja ere eta, are gutxiago, beltza, Santiago Abascalek nahi zuen bezala. Gorria da, Pablo Iglesiasen laguntzarekin. Bion artean PP, Ciudadanos eta Voxen eserlekuak gainditzen dituzte.

PSOEren garaipena Voxen agerraldian eta Unidas Podemosen beherakadan oinarritzen da, eta PPren izugarrizko galerak ahalbidetzen du. Abascalen alderdi berriak eskuina are gehiago zatitzea lortu du, PPren gainbehera ekarri du eta Albert Riverari gehiago haztea eragotzi dio. Ciudadanosek esan dezake hauteskundetako garaileetakoa dela boto eta eserleku gehiago bildu dituelako, baina ez ditu kanpaina hasierako helburuak bete, PPri aurrea hartzea eta Espainiako gobernuburua Albert Rivera izatea hain zuzen.

Unidas Podemosek kontrako bidea egin du, galdu arren irabazteko bidean da. Diputatu asko utzi ditu bidean baina bere helburua bete du neurri batean, hau da, Pedro Sanchez gobernuburu izateko giltza du, giltza bat gutxienez. Egia da berak bakarrik ez diola emango gehiengo absolutua eta seguruenik Kataluinako alderdiren bat beharko duela EAJrekin batera, baina ezinbestekoa izango da Sanchezek Ciudadanos baztertzen badu, edo Ciudadanosek Sanchezi ez badio betoa kentzen.

Espainia gorritu du PSOEk baina Euskal Herrian ez du emaitza bera lortu, Bizkaian diputatu bat gehiago lortu badu ere. Garaileak alderdi abertzaleak izan dira, EAJk sei eserleku ditu, aurreko legealdian baino bat gehiago eta EH Bilduk lau, Gipuzkoan bi eta Araban eta Bizkaian bana. IƱaki Ruiz de Pinedok, Javier Maroto PPko hautagaia lekurik gabe uztea lortu du. Ez zen erraza, kontuan hartuta 2016ko hauteskundeetan PPk 34.000 boto izan zituela eta EH Bilduk ia 16.000 besterik ez. Hala ere, buelta eman dio eta PP ordezkaritzarik gabe geratu da euskal lurralde autonomoan. Ulertezina zirudienak badu bere logika, hala ere. Duela hiru urteko hauteskundeetan Podemosek 51.000 boto izan zituen Araban eta atzo horietatik 15.000 galdu zituen, asko eta asko EH Bilduren mesedetan. Kanpainan Maroto berak esan zuen eserlekua kolokan zegoela eta Ruiz de Pinedori Kongresuko ateak ixteko eskuineko botoak berak bildu behar zituela azpimarratzen zuen aukera zuen bakoitzean. Antza denez, anti-Maroto asko dago Araban, berak uste baino askoz gehiago.

Kataluinak ere merezi du aparteko toki bat egitea, Espainia gorri berri honetan. Zerbait erakutsi badute hauteskunde hauek,zera da: Espainiako eskuinaren errezetak ez duela balio, errepresioak ez duela lekurik eta konponbidea elkarrizketaren bidez bakarrik etorriko dela. ERCk sekulako gorakada eman du baina ez da JXCAT alderdiaren kaltetan izan. PSC eta ERCren arteko lehia, gainera, Oriol Junquerasen alderdiak irabazi du (15-12). Eskuinak, berriz, lau eserleku galdu ditu, PP, Ciudadanos eta Voxen artean zazpi aulki besterik ez baitute erdietsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.