Pastor
DARWIN ETA GU

Non zinen zu...?

2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun

Non zinen Kennedy hil zutenean? Non zinen AEBek ilargia zapaldu zutenean? Noizean behin halako galderak egiten ditu kazetariak mugarritzat jotzen duen gertakariari buruz —edo berari interesatzen zaiona nabarmentzeko, beste kontu batzuk ez ditu gogora ekarriko eta—. Mugarria bere bizitzan, baina besterenean? Zertan ari zen Gobiko artzaina JFK Dallasen tirokatu zutenean? Non zen Cuzcoko andre indigena Neil Armstrongek haren ilargi amandrea bortxatu zuenean? Inork galdetu die?

 

Asteon antzeko galdera bat egin du hedabide bateko kazetariak: non zinen ETAk Miguel Angel Blanco bahitu zuenean? Oroimena lagun duenak —eta urte batzuk lepoan— badaki, jakin, orduan non zen. Ni neu Nurenbergen, Birgit, Klaus eta Heikorekin bizi nintzen pisuan. PPren zinegotzia hil zutenean zer sentitu nuen esateak ez lidake inolako arazorik sortuko. Areago: ziurrena establishment-aren oniritzia jasoko nuke. Hala ere, beste gertakari batzuek pitz ziezazkidaketen sentimenduak eta iritziak adierazteko ondorio txarrik gabeko askatasunik ez dudanez, nahiago dut Blancori buruz hitz egiteko badudana ez erabili. Ulertzaile onari, hitz gutxi.

Badakit non nintzen Carrero Blancoren autoa bota zutenean: etxean, Santurtzin. Gas leherketa bat izan zela azaldu zuten lehen albistegiek. Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenean Radio Paris irratiaren bidez jakin nuen Europako protesten berri. Handik bi hilera Francok ohean azken hatsa eman zuenean ere etxean nintzen. Arias Navarro el carnicerito de Málaga negar zotinka agertu zen telebistan. Parkeko kioskora joan nintzen egunkarien edizio bereziak erostera.

Badakit non nintzen Ibarraren gorpua Barazarren aurkitu zutenean. Badakit, baita ere, herriko eskola pribatu bateko zuzendari faxista agerikoak eraikinean ipini zuen bandera espainiar itzelari zer gertatu zitzaion. Biharamunean marroi agertu zen horia, bi nerabek botatako lokatz bolen zipriztinez.

Argalaren hilketaren berri Bilbon jakin nuen. San Tomas Eguna zen eta institutuko lagunekin nengoen. Cantabrico tabernan entzun nuen berria, Iñaki mitikoaren ahotik: «Argala hil dabe».

Joxe Arregi torturatu eta hil zutela azaltzen zuen albistea Bilborako bidean irakurri nuen, trenean. Tejero Espainiako Kongresuan sartu zen arratsaldean —astelehena zen— Barakaldon nintzen, AEK-k Gurutzetan zuen gau eskolan. Nire lehen esperientzia izan zen irakasle gisa. Oso talde jatorra izan nuen: Itxaso, Dani, Carmen...

Guardia zibilek Tomas Linazaren aitari eginiko torturen argazkiak unibertsitatean ikusi nituen. 1981ean izan zen, Francok ezarritako monarkiaren seigarren urtean.

Kent aldeko bed and breakfast batean ustez lo bakarrik eta bakarrik lo egin behar nuen iraileko gauaren ondoren jakin nuen Yoyes hil zutela, The Guardian erosi nuenean, Londresera bueltan. ETBko orduko lankide eta oraingo lagun on batek Elixabete Garmendiak ETAko kide ohiari buruz idatzi zuen liburua oparitu zidan geroago, eskaintza eta guzti. Etxean daukat oraindik, eta ez ezkutatuta. ETAren bonbak Hipercorren 21 lagun hil zituenean ere Ingalaterrako hiriburuan nintzen, 50 Cissbury Ring Road North-eko etxean. Hurrengo egunean Pastificio enpresak zuen pizzeriara joan nintzen lanera. Euskalduna nintzela jakin arren, inork ez zidan ezer galdetu. Edo, agian, euskalduna nintzelako.

Unai Romanoren aurpegi guztiz desitxuratuaren argazkia Andoainen ikusi nuen, Egunkaria-n lanean ari nintzela. 2001. urtea zen, munduan denik eta konstituzio aurrerakoiena onartu eta ia mende laurden geroago.

Segi nezake, baina luze joko luke zerrendak. Hala ere, kasu bat dago, gertatu zenean non nintzen ez dakidana: Lasa eta Zabala hil eta lurperatu zituzten egunari dagokio. Ez ziguten data zehatzik gogoratzeko aukerarik eman. Ez genuen ezer jakin. Bi gazteen oihuak, hortzak ateratzen zizkieten bitartean, torturatzaileek baizik ez zituzten entzun.

Badakizu non zinen hori guztia aireratu zenean, kazetari maitea? Guardia Zibilaren kuartelera joan zinen protesta egitera ala beste aldera begiratu zenuen?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.