Pott Bandak 40 urte

PROTAGONISTAK

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Garai haietan idazlearen paperari buruzko ikuspuntua oso zaharkitua ikusten nuen nik, baita ustez progresistak omen zirenena ere, gerraondoko kontuak iruditzen zitzaizkidan. Oso gauza astuna! Berunezko traje baten tankera hartzen nion ideologia hari, izan komunistena, izan euskal abertzaleena. Berunezko trajearen ordez, autonomia, askatasuna. Bizitzaren zein literaturaren konplexutasuna aldarrikatu. Nik uste Potten pentsamolde hori nagusitu zela».

Bernardo Atxaga

«Gure hasierako asmoa argitaletxe bat sortzea zen, baina xentimorik ez geneukanez, bitarteko pauso bezala aldizkari bat atera, eta, dirua lortzean, argitaletxea martxan jartzea pentsatu genuen. Hasi ginen fanzine hori egiten, hasieran aldizkari baino fanzineago zena, harik eta Pott tropikala atera genuen arte, ia ehun orrialdeko kote dotorea. Eta harekin pott egin genuen. Taldea sakabanatua zegoen ordurako».

Joxemari Iturralde

«Gaur egunetik begiratuz, orduan izkribatzen genuen gehiena joko multzo bat iruditzen zait. Talde bezala egin genuena, behintzat. Mutil trakets batzuen jokoak, akaso probokazioak ere. Ez zitzaigun erahiltzeko aitarik gelditzen (Aresti hilik zegoen eta besteak -Saizarbitoria, Sarasola, Lete eta abar- gazteegiak ziren gurasoen papera jolasteko). Umezurtz zoriontsuak, geure joko pribatuak errepikatzen genituen orobat ad libitum, inori konturik eman gabe».

Jon Juaristi

«Euskal literatura erresistentzia forma bat zen orduan. Eta ausartuko nintzateke esaten erresistentzia modu apur bat autodestruktiboa zela, borroka armatua eta droga bezala. (...) Niretzat, ostegun iluntzean Bilbo erdian jende harekin elkartzea gauza ederra izan zen, utopia txiki bat».

Joseba Sarrionandia

«Asteak joan eta asteak etorri gehituz joan zen kopurua: sorburuan sei ginen eta denbora pasatu arau 30-40 lagun elkartu ginen. Mahai bat baino gehiagotan kokatu behar genuen eta, noski, konbertsazio bat baino gehiago zeuden. Disziplina ugaritako jendea pilatu zen: antzerkikoak, zinemakoak, pintoreak... Baldin Potten nominan sei baino ez badira kontatzen, zinez askoz gehiago izan ziren».

Manu Ertzilla

«Literatura eta euskara, ordena hori litzateke. Apurtu beharra zegoen, eten bat egin, ez ohikoa den aurreko belaunaldiaren ukazioa bakarrik. Luzarora begira ari ginen, iraganetik ondo ikasita... Gehienek ondo ezagutzen zuten Euskal Literaturan egindakoa».

Ruper Ordorika

* Adierazpenok Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980) liburutik atereak daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.