Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du Gasteizko Mendiak parke natural izendatzea
Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeko ekinbidea berriro martxan jartzeko, eta, horrekin batera, Azazetan egiten ari diren parke eolikoa geldiarazteko. Hori eskatu zuten atzo Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk, Eusko Legebiltzarrera eraman zuten testu baten bidez. PP+C's-ek ere babestu du proposamena; hala ere, testu hori baztertu egin dute EAJk eta PSEk, eta, aldiz, eurek aurkeztutako plana onartu. Oposizioko taldeek aurkeztu duten testuan, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Baliabide Naturalen Ordenazio Plana berriro ere martxan jartzeko, eta, horrekin batera, Gasteizko Mendiak parke natural izendatzea bultzatzeko, «bere ingurumen balioa babestea» xede izanik.
Horrekin batera, Jaurlaritzari eskatu diote neurriak hartzeko izendapena lortu bitartean, eremu horretako ingurumenari «kalte egin diezaioketen jarduerarik» egon ez dadin. Zati horretan, bereziki nabarmendu dute Aixeindar enpresa Azazetan egitekoa den parke eolikoa. Izan ere, Jaurlaritzak Natura 2000 sarearen bidez babestu nahi du eremu hori, baina EH Bilduko Mikel Oterok esan du tresna horrek «gauza asko» uzten dituela kanpoan, parke naturalaren izendapenak eskaintzen duen «babes handiko guneen figura», besteak beste.
EAJk eta PSEk onartutako proposamenak, berriz, Natura 2000 sareak eskaintzen duen kontserbazio bereziko eremua handitzearen alde egiten du. EAJko legebiltzarkide Jose Antonio Susok, besteak beste, nabarmendu du horren bidez «bermatuta» dagoela Gasteizko Mendiak babestea, eta gogorarazi du hasieran 2.837 hektareakoa zela eremu babestua, eta 7.300 hektareara zabaldu dutela tresna horrekin.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.