Palma olio laranjaren orban beltza

Kongoko Errepublika Demokratikoan palma olioa ustiatzen aritzen diren langileen baldintzak salatu ditu HRWek. Europaren garapenerako lau bankuk hainbat milioi inbertitu dituzte han, baina herritarren bi heren pobrezian bizi dira.

Palma olioa ekoizten duen lantegian lanean ari den emakume bat, Mukamba lakuaren inguruan, Dimbelengen, Kongoko Errepublika Demokratikoan. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

Produktu soil bat baino areago da laranja kolorea duen palma olioa. Merkatuan dagoen oliorik merkeena izanik, munduan gehien kontsumitzen den landare olioa da, baina garesti ateratzen da; izan ere, ordainetan orban beltza uzten du: arazo larriak eragiten ditu palmondo monolaborantzaren hedapenak, ingurumena kolpatzen du, eta gainera, ez da osasuntsua.

 

Horiek, baina, ez dira palma olioaren ondorio kaltegarri bakarrak. Kongoko Errepublika Demokratikoan utzitako arrastoa are latzagoa da. HRW Human Rights Watch erakundeak salatu du itzelak direla herrialdean palma olioa ustiatzen aritzen diren langileen baldintzak. Ikerketa mardul bat osatu du horretarako, eta kritikatu egin du Europako garapenerako lau banku garrantzitsuk milioika euro inbertitu izana bertan: Alemaniako DEG bankuak, Belgikako BIOk, Herbehereetako FMOk eta Erresuma Batuko CDC Taldeak, hain zuzen. Azken hori Feroniako akzioen %38ren jabe ere bada. Inbertsio zikin bat izena jarri diote gobernuz kanpoko erakundeak argitaratu berri duen txostenari.

Feronia konpainiak eta haren subsidiario PHC Plantations et Huileries du Congok palma olioaren hiru plantaziotan egiten dute lan, herrialdearen iparraldean: Botekan, Lokutun eta Yaligimban. Datuak mintzo dira, eta kopuruei begiratu besterik ez dago haren hedaduraz jabetzeko: ehun mila hektarea baino gehiago hartzen ditu laborantzak —Kongoko nekazaritza sektoreko enpresa handiena da—; eta 10.000 langile inguru ditu. Pobrezian bizi dira biztanleen bi herenak herrialde horretan, eta bankuek duten erantzukizuna azpimarratu du Luciana Tellez txostenaren egileak: «Banku hauek rol garrantzitsua izan dezakete garapenerako, baina beraien zeregina sabotatzen ari dira ez badute ziurtatzen finantzatzen duten konpainiak langileen eta inguruan bizi direnen eskubideak errespetatzen dituela».

Segurtasun falta

PHCk «neurrigabeko» praktikak burutu izana deitoratu du HRWek, eta enpresak egindako hainbat urraketen berri eman du. Bederatzi pestizida erabiltzen dituzte lanerako, eta horietako osagai erdiak arriskutsuak dira OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera; hiru kantzerigenoak ere badira. Hala, adierazi dutenez, 200 langiletik gora babesteko material aproposik gabe aritzen dira lanean pestizida toxikoekin.

Ikerketa gauzatzeko, hainbat langile elkarrizketatu ditu Tellezek, eta pestizidekin lanean hasi zirenetik osasun arazoak hauteman dituztela nabarmendu dute gehienek. Horietako batzuk estu lotuta daude, gainera, substantziek eragin ditzaketen albo kalteekin; esaterako, azalaren narritadura, azkura, edota begietako arazoak. Horrez gain, gaitzetsi dute enpresak ez diela arriskuen inguruko informazio nahikoa ematen langileei, ezta mediku azterketen emaitzak ere.

Arriskua, baina, ez da pestizidetara mugatzen. Izan ere, enpresaren hiru palma-olio errotetatik bitan araztu gabeko hondakinak ibaietara botatzen dituzte. Yaligimbako plantazioan, langileen Mindogako kanpalekuaren alboan dagoen ubidera botatzen dute, errotaren atzealdean dagoena. Efluenteak ustel usaina eta gasak sortzen ditu, eta ubide alboan bizi diren langileengana zabaltzen da. Gainera, urmael natural batera eramaten du ubideak, eta familiek hor garbitzen dituzte erropak nahiz sukalderako lanabesak. Putzu horretatik Loekako errekara doaz efluenteak, eta Bolokun ez dago edateko ur gehiagoren iturririk. Bertako bizilagunek 2018an salatu zuten erreka kutsatuta zegoela PHCren hondakinen isuria zela eta.

Soldaten arrakala

Lan eskubideetan ere badago zer esana. Pestizidetatik babesteko oinarrizko materialak dituzte langile batzuek —nahiz eta ez izan nahikoak—, baina ez da guztien kasua: horiek gabe aritzen dira eguneko soldatapeko langileak —haiek dira enpresan kiderik gehienak—.

Arrakala handiagoa da emakumeen kasuan; plantazioan lan egiten dutenek inolako babesik gabe jarduten dute. «Botarik gabe egiten dugu lan, eskularrurik gabe. Noizean behin, bildu behar ditugun fruituak behien edota pertsonen gorotzetara erortzen dira», salatu du Boteka plantazioko emakume langile batek.

Soldatetara ere hedatzen da arazoa, eta plantazioan lanean aritzen direnetik andreak dira gutxien irabazten dutenak. Hilabetean 12.000 eta 30.000 franko kongoar bitarteko soldatak dituzte, 6,43 eta 16,10 euro bitartean, hain zuzen. Hala ere, emakume gehienak, eguneko soldatako langile gisa jarduten dute uzta jasotzen, eta horien egoera oraindik kaskarragoa da: 30 franko kongoar (0,016 euro) irabazten dituzte jasotako 10 kiloko poltsa bakoitzeko. Bada, Botekan ikuskatzaile lan egiten zuen batek azaldu duenez, zaila da eguneko hamabost poltsa biltzea. «Kasu horietan, emakumeek irabaz dezaketen kopururik handiena hilabeteko 15.000 franko kongoar [8,04 euro] dira», ziurtatu du. Irabazi handiagoak dituzte gizonezkoek, baina, halere, apalak dira soldatak: eguneko soldatako langileek 2.000 franko kongoar irabazten dituzte (1,07 euro).

Bankuen erantzuna

HRWen salaketei erantzunez, adierazpen bateratu bat egin zuten aferan inplikatuta dauden lau bankuek. Hala, giza eskubideak errespetatzeko urrats batzuk egingo dituztela iragarri dute. Horretarako, neurri batzuk hartuko dituztela diote: soldatak igotzea, emakumeen eta gizonezkoen baldintzak parekatzea, kutsatutako uraren inguruko afera konpontzea eta langileen osasuna babesteko pausoak ematea. Hala ere, giza eskubideak babesten dituen erakundeak salatu du badaudela hutsune batzuk hartutako konpromiso horietan: hala nola gainbegiratzeari eta erantzukizunari lotutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.