inaki petxarroman
Fidel Castroren heriotza. HABANAKO LEKUKOA

Bizitza paraleloak

2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Gerardok 70 urte inguru izango ditu. Txikia da, eta ezagun du umiltasuna, bai jarreran eta bai arropen itxuran ere. Habanan gobernuak ematen duen hileko elikagai sorta apurrarekin bizitzeko miraria egiten duten hamaika erretiratu horietako bat da. Kazetariari ari zaio begiratzen, jende multzoaren erdian nola ari den sakelakoari eragiten. Ezin izan dio jakin-minari eutsi: «Zer da, anaia?». «Kazetaria naiz, Twitter sare sozialean ari naiz Fidelen heriotzaren berri zabaltzen gure egunkariko irakurleei».

Sare sozialak zer diren azaldu dio gero kanpotarrak, konputagailu bat ere zer den nekez jakingo duen gizonari. «Zuek ez zarete arituko gure komandanteari buruz kaka zabaltzen, munduko hedabide faxista asko bezala?», bota dio, zuzen, begiradari tinko eutsiz, bortizkeria imiñik gabe, ordea. Kazetariak azaldu dio euskalduna dela eta haren egunkaria nahiko abegi onekoa dela Kubako Iraultzarekin. «Eskerrak, hil berri den gizon horrek dena eman digu», esan du. Eta zer pentsatua eman dio haren hitzen sendotasunak, edukitzea kontsumogaien kantitate eta kalitatearen jabetzan neurtzen dela sinetsita bizi den gizarte batetik heldu den batentzat. Gizonak, begi bistan da, ezer gutxi baitu alde horretatik. «Hark sinatutako liburu bat daukat!», jarraitu du gero, etxean oparitu berri dioten jostailu bat duela dioen umearen antzeko ilusioarekin. «Zorionekoa zu!», erantzun dio solaskideak.

Habana erdian, eraikin zargalduen azpian, Frankek eskua luzatu dio errepidea gurutzatzera doan kazetariari. Kuban zenbat aldiz egon den bota dio, ohiko lehenengo galdera. Kalean turista ehizan dabiltzan hamaika gaztek horrela hartzen diote tenperatura kanpotarrari, zenbat ezagutzen duen mugitzen ari den lurraldea. «Lau aldiz», esan dio: «Anaia, kubatarra zara, beraz!», adierazi du limurtzen saiatuz. Ondoko lokalera joateko esan dio, toki historiko horretan Chek bilera subertsiboak egiten zituela Iraultzaren aurretik. Habana osoan mojitoa har daitekeen toki bakarretakoa dela, indarrean den alkoholaren salmentaren debekuaren ondorioz. Presaka dabilela erantzun dio atzerritarrak gazteari. Kalamua ere baduela eta beste edozer, nahi izanez gero. Ezetz. Amore emanda, eskua eman, eta nahi duenerako non aurki dezakeen agurtu du kanpotarra. Kalearen bestaldean, ikasle talde bat doa, UJC Kubako gazte komunisten pankarta batekin. «Fidel, beti garaipenera arte!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.