Marian Galarraga.
IRITZIA

Jose Luis Rubio gogoratuz

2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Berrogei urte izango dira ezagutu ginela, Euskal Telebistaren hastapenetan, bikoizketa lanetan, Easo kaleko Eresoinkan. Dena sortzeko zegoen, eta izugarrizko ilusioarekin aritu ginen ordura arte existitzen ez zen euskarazko telebistarentzat edukia sortzen.

Hor hasi ginen lagunak izaten, eta urteetara enpresa-kide ere izan ginen, REC Grabaketa Estudioa sortu genuenean. Antiguoko Palazio kaleko lokal txiki hartan zenbat lan eta zenbat barre egin genuen hasierako urte haietan.

REC lau lagunek sortu genuen, eta, batengatik edo besterengatik, azkenean bakarrik geratu zinen proiektuarekin; asko kosta zitzaizun, baina indarra eta adorea erakutsi zenuen aurrera eginez. Hainbat film ekoiztu, soinu banda sortu eta bikoiztu zenuen. Eta hori guztia oso ondo egiten zenuen, artista bat zinen.

Zenbat proiektu eta zenbat bidaia Madril eta Bartzelonara. Gogoan dudan bidaia bat, eta elkartzen ginen guztietan aipatzen genuena, Kubara egin genuen hura. Lan bidaia bat zen, La Habanako zinemaldira, baina abentura dibertigarri bat bihurtu zen.

Beste lan bidaia bat, Bartzelonara. Ez dakit ondo atera zen edo ez, baina ospatu, ospatu genuen. Eta zuk bizitza disfrutatzeko zenuen grina horrengatik Donostiara bueltatzeko hegaldia galdu zenuen. Aireporturako taxi bidaia xelebre hura ez dut inoiz ahaztuko. Ez dut uste sekula hainbeste barre egin dudanik.

Eta horrela zen; gauzak ondo ateratzen baziren, ospatu eta barre egin. Gaizki ateratzen baziren, ospatu eta barre egin. Beste ohitura bat ere bazenuen. Bakarrik joaten zinenean eta bilera arrakastatsu batetik irten, noski, lagunekin ospatzen hasi eta telefonoz deitzen zenidan esateko ze ardo ireki zenuten eta ze ari zineten jaten. Beti umoretsu, beti txiste bat edo ateraldi grazioso bat, momenturik tragikoenean ere umorea ez zitzaizun falta.

REC grabaketa estudioa sortu genuen TINKOn filmak euskaraz zinema aretoetan estreinatzen hasi ginenean; lehenengo aldia zen, eta ondo bikoiztu behar zen: zinema aretoak, Zinemaldia... hitz potoloak ziren, eta buru belarri lan egiten genuen dena ongi egon zedin.

Gogoan dut Zinemaldian, Belodromoan, lehen aldiz haurrentzako film bat estreinatu genuenean, egun berean bertan deitu zigutela esanez soinua gaizki zegoela. Ziztu bizian joan ginen Belodromora ea zer gertatzen zen ikustera. Valentziatik etortzen zen enpresa bat Belodromoan filmak proiektatzera. Proba egiteko jarri zuten filma, eta esan zigutenez, ez zuten ezer ulertzen. Inork ez zien esan, nonbait, filma ez zela gaztelaniaz, eta, noski, ez zuten ezer ulertzen euskaraz zelako, baina susto galanta hartu genuen.

Horrela izan zen gure bizitza, sustoa sustoaren gainetik, baina, hala ere, pozik eta umoretsu. Zinemaldian lana egin dugu, asko, baina baita ondo pasatu ere; beti zegoen festa bat edo ospatu beharreko estreinaldi bat edo aitzakia barre egiteko. Eta mundu guztia zure alboan egon nahian. Zure lagunak benetan pribilegiatu batzuk izan gara bizitzaren zati bat zure alboan pasatu dugulako. Lana bai, baina atsegina egin zenigun ingurua, eta horrek lana erraztu egiten zuen.

Orain ez dut esango santu bat zinenik ez zaudelako jada gure artean. Ez. Kanallita bat zinen baina gure kanallita maitagarria.

Pepelu, badakizu asko garela maite zaitugunak eta ez zaitugula ahaztuko.

Maialen eta Peru, zure ondare preziatuena, hemen utzi dituzu, eta zure zati bat eurengan.

Bazkari bat geratu zaigu pendiente baserrian, eta egingo dugu, zuk maite zenituenak eta zu maite zaituztenak egingo dugu bazkari hori, eta zuk nahiko zenuen bezala ospatuko dugu ezagutu zintugula eta disfrutatu genuela zurekin bizipoza hori.

Esan behar dizut ez dela bidezkoa gertatu zaizuna, ez da bidezkoa. Inorentzat ez, baina zuretzat bereziki. Ez. Ez da bidezkoa.

Pasa den larunbatean otsailak 25 joan zinen, ez dakit nora, baina gauza da ez zaudela gurekin, eta ez zaitugu gehiago ikusiko, ez zure algara kutsakor hori entzungo. Baina bizitzaz gozatzen jarraituko dugu, zure omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.