Kataluniako hauteskundeak. ANALISIA

Azterketa eguna

Bartzelonako udaletxean hautetsonziak jartzen, atzo. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
martxelo otamendi
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Baxoa egin behar duen ikaslearen urduritasunarekin sumatzen dira alderdietako arduradunak kanpainaren azken egunotan. Iritsi da, luzea egin da itxaronaldia, baxoaren eguna; izan ere, gaur lehiatuko diren bi blokeek asko daukate jokoan azterketa horretan, baina dezente gehiago daukate jokoan independentziazaleek unionistek baino.

Independentziazaleek galtzen badute 68 eserlekuek ematen duten gehiengora iristen ez badira— ez dute edukiko beste tresnarik porrota zuzentzeko. Aitzitik, unionistek galtzen badute, estatu bat daukate atzean nahiko indar, tresna, eta lotsa demokratiko gutxirekin gehiengo independentziazaleari hegalak moztu eta mugitzen ez uzteko, Europak eragozten ez dion bitartean. Haurlauza hori antzematen da independentziazaleen kanpainaren diskurtso, elkarrizketa eta eztabaidetan. Jakitun dira, irabazita ere, oso tarte estua daukatela orain arte baino gehiago egiteko, edo, beste modu batean esanda, aldebakarreko prozesuarekin aurrera segitzeko.

Espainiako presidente Mariano Rajoyk Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri eta, ondorioz, Kataluniako Gobernua eta Parlamentua bertan behera utzi zituenean, Espainiako analista askok ez zuten begi onez ikusi hauteskundeetara horren azkar deitzea, urriaren 1ekoargazkien likidoa eta zaurien odola oraindik lehortu gabe zeudelakoan. Zanpaketa haren ondotik kartzelatzeak eta deserria etorri zirenez, azken horiek izan dira independentziazaleen kanpainen ardatz; eta ez, intentsitate berarekin, erreferendumaren eguneko irudiak.

Giroa asko txartu da asteotan Junts Per Catalunya eta ERCren artean, eta hauteskunde hauetan zerrenda bakarrean ez joateak muga bat markatuko du orain arte ikusi ditugun ekitaldi bateratu eta argazki jendetsuetan. Dibortzio horren hurrengo kapituluaren gidoia idatzi gabe dago oraindik, baina gidoi horren lehen idazkerak diosku Junqueras Puigdemonten aurretik geratzen bada asko korapilatuko dela trama.

Giro txar horren adierazleetako bat izan da JPC eta ERCren mitinetan apenas izan dela aipamenik beste errepresaliatuekiko. Junts Per Catalunyako mitinetan ez dituzte aipatu, salbuespen batzuk kenduta, ERCko Junqueras eta besteak; beste horrenbeste gertatu da ERCren mitinetan Puigdemontekin. CUPekoek askoz jarrera solidarioagoa eduki dute denekin. Zuzendaritzen arteko giro txar hori iritsi da alderdietako oinarrietara, eta, kezkagarriago dena, alderdiekin lotura zuzena eduki gabe prozesuari ilusio guztiarekin bultza egiten jardun duten herritar asko —alderdikide direnekin alderatuta askoz ere gehiago direnak— ezin sinisturik daude ikusten ari diren harreman haustura hori.

Iraganean bezala, etorkizunean ere Kataluniako independentziaren prozesuak beharko du herri enfermeria sozialaren zainketaren beharra, asteotako zauriak sendatzeko. Ez dezagun ahaztu Rajoy ez dagoela kezkatuta Kataluniako PPk gaur ere pairatuko duen porrotarekin, bere kezka nagusia prozesuari babes soziala kentzea da, eta horretarako beharrezkoazaio independentziazaleen arteko giro txarra. Irribarretsu begiratzen dio zatiketa horri Espainiako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.