Mixel Berhokoirigoin hil da. Soslaia

Bizi osoa lurrarekin eta herriarekin engaiatuta

ELB sindikatuaren sortzaile, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sustatzaile eta azken urteetan bake prozesuaren eragile nagusietako bat izanikoa atzo hil zen, eritasun larri baten ondorioz

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Edurne Begiristain.
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Onak izan behar dugu ez bakarrik diskurtsoetan». 2015ean BERRIAri emandako elkarrizketan, Euskal Herriaren arazo errealei irtenbide zehatzekin eta pragmatikoekin erantzuteko engaiamendua erakutsi zuen Mixel Berhokoirigoinek. Hitz bakar batean laburtu behar balitz haren bizia, horixe litzateke: engaiamendua. Berhokoirigoin konpromisoaren ereile izan baitzen, gaztetatik: laborariekin, Euskal Herriaren egituratzearekin, bakegintzarekin eta herrigintzarekin. ELBren sortzaile, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren lehen lehendakari eta bakearen artisau izan zena atzo zendu zen, 69 urte zituela, eritasun larri baten ondorioz.

Gamarteko (Nafarroa Beherea) Uhartea etxaldean sortu zen, eta han hazi, hezi eta bizi izan da, hil arte. Laborarien semea izaki, etxaldearen segida hartu zuen, eta laster laborarien sindikalista ezaguna bilakatu. Gaztetatik borroka sindikalean engaiatu zen: Euskaldun Gazteria laborari gazte katolikoen elkartean formatu zen, eta laborari gazte askok han ezagutu zuten. Handik egin zuen jauzi sindikalismora. BERRIAri eskainitako elkarrizketan gogoratu zuen: «Hori zen bide klasikoa, erran nezake: Euskaldun Gazterian egin lehen urratsak, eta gero inplikazio logikoa; segida sindikalismoa zen».

Orduan, laborari sindikatu bakarra zegoen Ipar Euskal Herrian, FDSEA sindikatu frantsesa, eta harekin engaiatu zen Berhokoirigoin, baina oso bestelako ikuspuntuak defendatuz. FDSEA utzi eta Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatu berriaren sorreran esku hartu zuen, 1982an, hango erreferente nagusienetarikoa bilakatzeraino. «Gure lurraldearen kontzientzia bagenuen, eta sartu ginen haste-hastetik Iparraldea eta Euskal Herria eraikitzearen ideiarekin». Sindikatu berriaren borrokarekin, erdietsi zuen Ipar Euskal Herriko laborantza sindikalaren paisaia erabat aldatzea: besteak beste, lehenetsi egin zuten laborari txikien egoera hobetzea, ekoizteko eskubideen banaketa zuzena lortzea eta laborantza eredu intentsiboa amaitzea.

Frantziako CNSTP laborarien sindikatuen konfederazioko batzorde nazionaleko kide ere izan zen 1983tik 1987ra. Bertan sartu zen ELB ere, Confederation Paysannen sartu aitzin. Azken horretako batzorde nazionaleko kide ere izan zen, 1987tik 1992ra, eta idazkari orokorra hondarreko hiru urteetan.

Ipar Euskal Herrirako egitura propio baten beharra hastapenetik mahai gainean izanik, EHLGEuskal Herriko Laborantza Ganbara martxan jartzea lortu zen 2005ean, Berhokoirigoin bera eragile nagusienetarikoa izan zelarik. Frantziako Estatuarekin borroka gogor baten hastapena izan zen, egitura instituzionalak ordezkatzea leporatu baitzieten laborariei. Pauen epaitu eta absolbitu ostean bukatu zen auzitegietako borroka luzea. «Gure abenturak aberastu edo hazi du mugimendu orokor bat Iparraldearen instituzionalizatzearen arloan». Zuzen zegoen.

Euskal departamenduaren eskaerarekiko engaiamenduak eraman zuen Batera-ko kide izatera urte luzez, eta bide horrek, lurralde elkargoa sortzeko prozesua bertatik bertara ezagutzera. Euskal Elkargoa sortu zen gero, Ipar Euskal Herri osoaren lehen instituzioa.

Konponbidean, artisau

EHLGk hamar urte bete zituenean utzi zuen Berhokoirigoinek presidentetza. 2015eko hondarra zen, eta ordurako Euskal Herrian gatazkaren konponbide prozesuan aldaketa sakonak gertatzen ari ziren. ETAren desegitea trabatuta zegoen, eta haren armategiaren zati bat desegiteko ekintza herritar bat eratu zen: Luhusoko taldea. Han zen Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai Etx, Beatriz Molle eta beste zenbaitekin batera. Baina, 2016ko abenduaren 16an, Poliziak atxilotu zituen. Aske utzi zituzten aurki, eta Bakearen artisau izendatu zituzten atxilotuak orduan, babes handia lortuta. «Orain, gizarteak du ETAren armategiaren ardura politikoa», esan zion egunkari honi aske utzi eta gutxira. Hasitako bidea amaitzea lortu zuten gero, 2017ko apirilaren 8an egiaztatu ahal izan zen bezala: ETAk armak utzi zituen. Geroztik, Bakegileen erreferente izan zen, eta presoen aferan, Frantziako Gobernuarekiko harremanetan artekari nagusienetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.