TOKIO 2020. Jon Redondo. Eusko Jaurlaritzako Jarduera, Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria

«Gero eta zailagoa da Olinpiar Joko batzuetan parte hartu ahal izatea»

Eusko Jaurlaritzak Basque Team fundazioaren bitartez laguntzen ditu goi mailako kirolariak. Redondok fundazioaren lana babestu du, baina haren mugak ere onartu ditu.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Urte arrunta izango balitz, Tokiokoak ohiko Olinpiar Jokoen modukoak izango balira, Jon Redondo (Orio, Gipuzkoa, 1979), «motxilan ikurrina pila bat sartu», eta Tokiora joango litzateke. Baina ohiz kanpoko garaia da, eta kirol ikuskizun eta ekitaldi nagusia telebistatik ikusita ase beharko du kirol gosea. Eusko Jaurlaritzak ez ditu ikusleak onartzen kirol ikuskizunetan, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez dira ikusle izango kanpoko kirol ekitaldi batean.

Zer-nolako Olinpiar Jokoak espero dituzu?

Arraroak eta bereziak. Berez, festa bat izaten dira, eta munduak arreta guztia jartzen die, baina egoera honetan ez da gertatuko. Oso arraroa izango da ikustea olinpiar estadio bat, atletismoko proba batean, dena isil-isilik. Pandemiaren isla izango dira.

Egokia da egoera honetan Olinpiar Jokoak egitea?

Haiek izango dituzte datuak. Egia da hor ere badagoela kirolarien ilusioa, lau urteko prestakuntza egin eta gero. Hori ere aintzat hartu behar da. Ez dakit zer izango zen hobea, aurten egitea edo hurrengo urtera atzeratzea. Iaz denok garbi geneukan urtebete atzeratzea zela erabakirik egokiena, pentsatuz aurten normaltasun egoera batean egongo ginela. Normaltasun hori ez da iristen, eta Jokoak egitea erabaki dute.

Euskal Herritik kirolari asko joango dira, bai kopuruari dagokionez, bai kirolei dagokienez. Zer espero duzu haiengandik?

Beti nahi izaten dugu dominaren bat. Azkeneko Olinpiar Jokoetan dominak lortu ditugu, bai 2012an Londresen, bai 2016an Rion. Emakumeek lortu zituzten, gainera. Gustatuko litzaiguke 2021ean ere dominaren bat lortzea. Hala ere, jabetu behar dugu jada nahiko meritu duela Olinpiar Joko batzuetan parte hartzeak, eta gero eta zailagoa dela.

Nork lor dezake dominaren bat?

Lehen ere lortu duelako eta merezi duen begiruneagatik, Maialenek [Chourraut]. Uste dut Iñigo Peñak ere aukerak dituela emaitza onak eta dominaren bat lortzeko.

Euskal Herritik joandako kirolariak Espainiaren edo Frantziaren izenean lehiatzen dira. Zer sentipen eragiten dizu horrek?

Badakigu normalean olinpiar batzordeak estatuetako batzordeak izaten direla, eta, beraz, oraingoz normaltasunez ikusten dugu estatu baten izenean joatea Olinpiar Jokoetara. Inbidia ematen didatenak dira Olinpiar Jokoetara estatuaren izenean joanda ere gero munduko eta Europako txapelketak haien herrialdearen izenean jokatzen dituztenak: Hawaiik surfean, Eskoziak futbolean eta errugbian... Guk ez daukagu hori lortzerik, baina gure lana hori da. Estatua izan arte ezin dugu Olinpiar Joko batzuetara joan.

Ametsa, utopia da, beraz.

Horren aurretik bide luzea daukagu egiteko.

Esaterako?

Lehen lana izango litzateke nazioarteko hainbat federaziotan munduko eta Europako txapelketak Euskadi gisa jokatu ahal izatea. Badaude kasuak munduan. Ez dugu ezer asmatu behar; besteek egiten dutena guk egin ahal izatea baino ez da.

Nazioarteko federazioen bidean urratsak egin dituzue. Euskadiko Futbol Federazioak UEFAko eta FIFAko kide izateko eskatu zuen. UEFAk ezetz esan dio. Horrek bidea ixten du, edo oraindik badaude aukerak?

Euskadiko Futbol Federazioak ez du idatzi ofizialik jaso erantzunarekin; komunikabide batzuek kaleratu dute UEFAk batzar bat egin zuela eta ezetz erantzutea erabaki zuela. Orain ikusi behar duguna da ea UEFAk nola erantzun duen, eta, erantzuteko moduaren arabera, gobernuko zerbitzu juridikoekin aztertu beharko dugu, federazioari urratsak egiten laguntzeko. Garbi geneukan erantzuna ez zela baiezkoa izango. Erantzun izana ez da gutxi.

Badago aukerarik Espainiak euskal selekzioen kontra egiten duen lanari aurre egiteko?

Nazioarteko federazioei buruz hitz egiten dugunean, askotan errealitate bakar bat izango balira bezala hitz egiten dugu, baina federazio bakoitza mundu bat da. Ikusi egin behar dira nazioarteko federazio bakoitzaren estatutuak, eta federazio edo kirol horretan dauden eragileak nolakoak diren. Batzuetan, Espainiak indar handia du; beste batzuetan, ez da existitu ere egiten.

Zuen lana da Espainiak hainbesteko indarrik ez duen federazio horietan saiatzea?

Ofizialtasunari dagokionez, zuk nazioarteko federazio batean sartzea eskatzen duzu, eta hirugarren batek eman behar dizu kide izateko baimena. Gure lana egin ahal izatea eskatzen dugu gutxienez.

Zein da Eusko Jaurlaritzaren lana?

Kasu honetan, nazioarteko federazio guztien estatutuak aztertu genituen. Estatutu batzuetan oso garbi ikusten da estatua izan ezean ez daukazula aukerarik. Zailtasun gutxiago daudela ikusten dugun lekuetan, federazioak animatzen ditugu urratsa egitera.

Zein da gaur egungo egoera? Zeintzuk dira nazioarteko federazioetako kide?

Euskal Mendi Federazioa munduko federazioko kide da; boxeoan, nazioarteko lau federazio daude eta Euskadiko Boxeo Federazioa horietako bateko kide da; Pilota federazioa CIJB konfederazioko kide da, ez Nazioarteko Pilota Federaziokoa, eta sokatiran ofizialak gara, TWIF nazioarteko federazioko kide. Gero, adibidez, kayak surfean erakunde pribatu batek antolatzen ditu munduko eta Europako txapelketak, eta hor Euskal Herriko Surf Federazioa bertako kidea da.

Zer federaziotan sartzeko egin dituzue eskaerak?

Surfean, halterofilian eta futbolean. Gustatuko litzaiguke urtea amaitu aurretik Euskal Herriko dozena erdi federaziorekin batera eskari ofizialak egitea nazioarteko federazioetan.

Zeinetan?

Oraindik lanean ari gara. Nahiago dugu aurrena eskaerak egitea eta gero jakinaraztea. Lan honetan ez dira izaten bidelagun asko, eta aurkariari ez zaio pista askorik eman behar.

Euskal Herriko kirolariren batek Espainiaren edo Frantziaren izenean lehiatuta ere dominaren bat lortzen duenean, dominaren zati bat Eusko Jaurlaritzarena ere badela sentitzen duzu, kirolari horri emandako laguntzagatik?

Gurea sentitzea gehitxo iruditzen zait. Guri dagokiguna da gure kirolariei ahalik eta laguntza handiena ematea, bai ekonomikoa, bai teknikoa, bai osasun arlokoa.

Basque Team fundazioa da Eusko Jaurlaritzaren tresna nagusia goi mailako kirolariak laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak eta EITBk sortu zuten, eta hiru babesle pribatu sartu dira: Athletic eta Eibar futbol taldeak eta Quiron Bizkaia. Ez al dira oso gutxi?

Futbola alde batera utzita, gainerako kiroletan, tamalez, babesa gero eta txikiagoa da. Maila oso ona duten taldeek ere arazoak dituzte.

Nola erakar ditzakezue babesle pribatuak? Babesletza programak sortu behar dira, zergak arindu...?

Ogasuna diputazioei dagokie. Uste dut oraintxe bertan desgrabazioa ia %50ekoa dela. Leku batzuetan aipatzen da hori handitu egin beharko litzatekeela, bai kirolean, baita kulturan ere. Talde eta kirolari asko dauzkagu, eta, aldiz, enpresa handi gutxi.

Kirolariei urtez urte berritzen dizkiezue laguntzak. Goi mailako kirolariek izan ditzaketen gorabeherak ikusita (lesioak, txapelketa txarrak...), ez da epe motzegia?

Aurreko urtean lortutako emaitzen arabera ematen dira laguntzak. Aurten, iazko kopuruei eutsi diegu, iazkoa urte berezia izan zelako, pandemiagatik. Urte batean beka jaso eta hurrengoan emaitza txarrak dituztenek bekaren zati bat berreskuratzeko aukera dute, atzeraeraginkortasunez, bi urteraemaitza onak lortzen badituzte. Nabarmendu behar da amatasun beka daukagula: goi mailako kirolari batek ama izan nahi badu, beka bermatzen diogu. Hasieratik jarri genuen.

Basque Teamek aurten 786.500 euro banatuko ditu beketan, 73 kirolariren eta hamalau entrenatzaileren artean. Batez beste, 9.000 euro dira urtean. Ez da asko. Kopurua handitzeko aukerarik badago?

Ez da erraza. Gustatuko litzaiguke; saiatzen gara, baina hori da daukaguna. Hori bai, ez da kirolaririk geratuko beka jasotzeko merituak egin eta beka jaso gabe. Ez da diru asko; gure ahalegina xumea da.

Basque Teamek babesten dituen kirolariak ikusita, gehienak sendotuta daude; ibilbide bat osatu dute. Ez al da falta tarteko zerbait, talentu gazteei, goi mailakoak izan daitezkeenei, laguntzeko?

Beti beharko genuke gehiago. Udalek, aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak dauzkate kirol eskumenak. Eusko Jaurlaritzari goi mailako kirola dagokio, eta diputazioei, gazteena. Federazioekin bildu gara; ikusi dugu zeintzuk diren goi mailara iristeko gaitasuna izan dezaketen gazteak, eta teknifikazio proiektuak egin ditugu, haien maila hobetzeko.

Goi mailako kirola uzten dutenei lan merkatuan sartzen laguntzeko programa bat ere baduzue, Laneratzea. Zein da kirolarien premia?

Dauzkagun goi mailako kirolari gehienek ikasketak dituzte. Emakume guztiek. Beste herrialde batzuetan ate asko zabaltzen zaizkiodominaren bat lortzen duen kirolariari. Tamalez, gure kulturan, ez da hori gertatzen gure kirolariekin. Urte batzuetan goi mailako kirolean aritzen dira, horretan bakarrik; curriculumean ez dute izaten lan esperientziarik, eta gero lan merkatura sartu behar dute. Kirolean egindako ibilbidea, abantaila bat izan beharrean, oztopo bat da kasu horretan.

Nola laguntzen diezue?

Kirolariek garaiz planifikatzen dute beren etorkizuna, kirol helburuen arabera. Lagundu egiten diegu plangintza horietan, etorkizunean zer egin nahi duten txertatuz. Enpresa batzuekin ari gara lanean; curriculumak bidali ditugu, eta batzuk hasi dira lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.