Tokio 2020. Josean Arruza. Kirol psikologoa

«Kirolaria, pertsona gisa, garrantzitsuagoa da emaitza baino»

Kirolariek jasaten duten presioaren zama azaleratu du Simone Bilesek, eta Arruzak presioa du langai. Presioaren onurak nabarmendu ditu, baina kirolariek beren buruari jarritakoarenak; besteek jarritakoa kaltegarria baita.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Eskarmentu handia du goi mailako kirolariekin lan egiten: 40 urte baino gehiago daramatza goi errendimenduan. Aurrena kirolari izan zen Josean Arruza (Donostia, 1949), judoka, 1970eko hamarkadan. Gero, entrenatzaile, Olinpiar Jokoetan besteak beste:Mosku 1980an, Bartzelona 1992an eta Atlanta 1996an. Era guztietako kirolariekin lan egin du. Basque Teamen ari da iazko irailetik. Maialen Chourrauten ondoan egon da, esaterako, Tokioko Olinpiar Jokoei begira. Realean ere lan egin zuen, bederatzi urtez.

Jarduera Fisikoaren Zientziak eta Psikologia ikasi zituen, eta EHUko katedraduna ere izan zen. Teskal programa sortu zuen goi mailako kirolariekin lan egiteko: www.teskal.com.

Goi mailako kirolarien presioaz hitz egiten da, presioa bat eta bakarra izango balitz bezala. Hala ere, bi presio mota bereizten dituzu: endogenoa eta exogenoa. Zer ezaugarri ditu bakoitzak?

Presio endogenoa kirolariak berak sortzen du, aurre egin behar dion egoerari ematen dion esanahiaren eta garrantziaren arabera. Munduko Txapelketa bati, handiagoa, esaterako, Gipuzkoako Txapelketa bati baino. Presio mota hori positiboa da, eta kirolariari bere onena ematen laguntzen dio. Presio exogenoa, berriz, kirolariarengandik kanpoko faktoreek sortzen dute, testuinguruak: lotura zuzena du gainerakoek kirolari horrengandik espero dutenarekin edo emaitza on bat lortu beharrarekin. Kaltegarria da; gutxitu egiten ditu kirolariak bere onena emateko aukerak.

Zure blogak lelo bat du: «Goza ezazu presioaz». Goza daiteke presioaz?

Michael Jordanek esaten zuen: «Presioa aukera baten itzala baino ez da». Presio endogenoaz hitz egiten ari gara, jakina, kirolariak bere buruari jartzen diona. Hori da kirolariari laguntzen diona. Goi errendimenduan ez dago aukerarik presiorik gabe.

Presio endogenoak nola laguntzen dio kirolariari?

Aktibatu egiten du kirolariaren erantzun emozionala. Erantzuna presio mailaren araberakoa izango da. Presio hori beharrezkoa da kirolariek beren onena emateko. Era berean, presio horrek etengabe hobetzera bultzatzen ditu.

Horixe ikusten ari gara Olinpiar Jokoetan: hainbat kirolari beren markak hobetzen ari dira. Zergatik? Nahi duten lekuan daude, prestatu egin dira, eta momentua iritsi da. Ezarritako helburua lortzear daude. Ezin da halako helbururik lortu emozionalki aktibatuta ez bazaude, eta presio endogenoa aktibazio emozional bat da. Hori oso positiboa.

Eta zer egin daiteke presio exogenoarekin, besteek kirolariari jarritako zamarekin?

Presio hori ez dago kirolarien esku; ezin dute kontrolatu, eta ez die laguntzen. Beraz, prozesu mentaletatik kanpo utzi behar da. Bestela, eragin negatiboa izango du.

Hori da Simone Bilesi gertatu zaion gauzetako bat. Esan du batzuetan munduaren zama sentitzen duela bizkar gainean.

Besteek zugan dituzten espektatibez hitz egiten dute, dominez... Hori ez baduzu zure prozesatze mentaletik baztertzen, eragin negatiboa izango du zugan. Kontrolatzen ez duzun zerbait da. Presio exogenoa oso arriskutsua da, zure gaitasunak hondora baititzake. Gailendu egin dakioke endogenoari. Kirolariaren esku dago bata edo bestea gailentzea.

Baina batzuetan zaila izango da presio exogenoa baztertzea.

Bai, agian kirolariak ez duelako baliabiderik edo tresna psikologikorik garatu aldaketa hori egiteko. Batzuetan, aldaketarako erremintak edukita ere, ez da lortzen, prozesatze mentalean kontrolatzen ez ditugun gauzak baitaude.

Kirolariak gai izan behar du estrategia edo diskurtso bat izateko kontrolatzen ez duen eta eragiten dion horri buruz. Kontrolatzen ez dituzun gauzak baldin badaude, kontrolatu behar duzu haiek zugan duten eragin negatiboa. Estrategiak garatu beharko dira eragin negatibo hori ahalik eta txikiena izan dadin edo desagertu dadin. Hori da lan psikologikoa.

Presio exogenoak gain hartutako kirolari asko ezagutu dituzu?

Bai, baina ez bakarrik goi errendimenduan, baita gazteen mailan ere. Lagunekin jolastetik, gozatzetik, irabaztera behartuta sentitzera pasatzen dira. Hori somatizatzen hasten dira: oka egitea, blokeoak... Pasioa obligazio bihurtzen duzunean motibazioa hiltzen duzu. Obligazio bihurtzen duzunean, akabo: kirolaria sufritzen hasten da, urduritzen, kezkatzen, gaizki lo egiten, deseroso sentitzen... Presio exogenoaren eragina da hori guztia.

Simone Bilesen itzala duen kirolari batek Olinpiar Joko batzuetan, mundu guztia begira duenean, halako egoera bat jakinaraztea lagungarria izango da kirolariek jasaten duen presioa aintzat hartzeko eta lantzeko?

Bai. Betidanik hor dagoen kontu bat azaleratu du: presio exogenoa. Balioa eta garrantzia eman dio goi errendimenduko prestakuntza psikologikoari.

Kasu honetan, ordea, presio horrek eragina izan du bere buru osasunean, eta horrek beste tratamendu bat behar du, klinikoa, kirolari dagokiona baino gehiago.

Maialen Chourraut ur bizietako piraguistarekin lan egin duzu. Zer eratako lana?

Hiru ikasketa edo ezagutza mota lantzen ditugu: alde batetik, kirolarien esperientzietan oinarritua, bizitzan ikasi eta erabiltzen dutena; bestetik, ziurtasunetan, ezagutza zientifikoan, oinarrituta; eta, azkenik, ikasketa bikarioa, beste batzuek zer egin duten pareko egoerei aurre egiteko.

Chourrauten kasuan, atentzioa eman du Olinpiar Jokoei aurre egiteko moduak. Domina nahi zuen, jakina, baina esan zuen emaitzak emaitza gustura geldituko zela jaitsiera on bat eginez gero.

Jaitsierarekin gustura sentitu nahi zuen. Guztia ematen duzunean ezin diozu zeure buruari gehiago eskatu.

Domina irabazi eta gero, domina baino gehiago, bere ibilbidea balioetsi zuen. Ibilbideaz harro sentitzeko 38 urte behar izan zituela aipatu zuen. Elkarrekin egindako lanaren emaitza al da aldaketa hori?

Hori izan da egin duen aldaketa handia. Bere errealitateaz, bere ibilbideaz jabetu da. Zure ibilbidea ez dago lehiaketa batean momentu batean egiten duzunaren mende. Bestela, zer balio gutxi duen zure bizitzak, ezta? Independenteak dira. Olinpiar Jokoak baino hilabete edo hilabete eta erdi lehenago barneratu du. Hilabete batzuk behar izan ditu aldaketa egiteko; beste batzuek, urteak.

Kirolariaren emaitzek ez dute garrantzirik?

Emaitza oso garrantzitsua da, jakina. Baina badago emaitza baino askoz ere garrantzitsuagoa den zerbait: pertsona, kirolaria pertsona gisa. Emaitzak garrantzitsuak dira, baina ez garrantzitsuena. Haien bizitzaren garapena ezin da beste ezerekin alderatu.

Emaitzen garrantzia erlatibizatzen laguntzen diezu?

Jakina. Oso garrantzitsua da zeure bizipenei ematen diezun esanahia. Jendea ez da jabetzen gauzak bizitzaren ikuspegi oso batetik ikusi behar direla, ez berehalako ikuspegi batetik, errendimenduaren ikuspegitik. Lehiaketa baten emaitza, askotan, kirolarien bizitzako minutu bat edo bi besterik ez dira. Hori bizitzako gutxienez zortzi urteko bizipenekin parekatzeak edo alderatzeak ez du inolako zentzurik. Hala ere, kirolariak uste baldin badu bi minutu horiek zortzi urteak baino garrantzitsuagoak direla, askatasun guztia du hala egiteko.

Hala ere, gehiegi zentratzen da emaitzan?

Astakeria bat eta zentzugabekeria bat da goi errendimenduan emaitzen araberako eredu batekin lan egitea. Goi errendimenduan oso garrantzitsua da irabaztea, baina, zure gaitasun guztia garatu nahi baduzu, hobekuntza emaitzaren gainetik dago.

Kirolarien kasuan bereiz daitezke kirolari begira egindako lan psikologikoa eta haien bizitzari begira egindakoa?

Hazkuntza pertsonalak emango dizu kirol errendimendua. Niretzat kirolaria da garrantzitsuena, haren hazkunde pertsonala, eta lan hori egiten dugu. Gero, emaitzak ere lortzen baditu, zoragarri; lortzen ez baditu, ez da ezer gertatzen. Bizitza osoa du aurretik. Hori da gure programaren, Teskalen, filosofia.

Kirolari helduekin lan egiten duzu. Zer gertatzen da gazteekin?

Pena da. Hau guztia umetatik zaindu behar da, gazteen mailatik. Tresnak eta baliabideak eman behar zaizkie. Gaitasun fisikoa eta teknikoa behar duten moduan, garapen mentala ere behar dute.

Normala bihurtu al da goi mailako kirolariek psikologoekin lan egitea? Garai batean lotsatu ere egiten ziren psikologoekin lan egiten zutela esateaz.

Gero eta arruntagoa da kirolarien entrenamenduan prestakuntza mentala txertatzea. Hala ere, oraindik nahastu egiten dira buru osasuna eta gaitasun mentalak optimizatzea.

Kirolariek gero eta gehiago nabarmentzen dute aldagai psikologikoen garrantzia, askotan fisikoen gainetik. Hala da?

Garrantzitsuena da goi errendimenduko prestakuntzaren ikuspegi oso bat izatea. Alderdi tekniko-taktikoak, fisikoak, mentalak eta bizimoduari dagozkionak funtsezkoak dira, eta elkarri eragiten diote.

Emaitza txar bat edo lortu gabeko helburu bat barneratzen laguntzen diezu?

Zer da emaitza txar bat? Errendimendu helburu bat lortzeko zeure esku dagoen guztia egiten baduzu eta gainera zeure burua hobetu egiten baduzu, zerbait gehiago egin dezakezu?

Goi mailako kirolari batek helburua lortzen ez badu, porrot egin duela esaten da. Zama gehiegi duen hitza al da?

Arrakasta definitzea da programaren helburuetako bat. Zer erreferentzia erabiltzen dira horretarako? Normatiboa, gainerakoekin alderatuz? Edo ipsatiboa, hobetzeko oinarria, non erreferentzia zeu zaren. Gainerakoei irabazten diezunean, beste zerbait egin dezakezu: zeure burua hobetu. Baina zeure burua hobetzen duzunean, ezin duzu ezer gehiago egin. Bizitzako gauzarik zailena da zeure burua hobetzea. Hori da benetako arrakasta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.