'Etxe honetan' albuma argitaratu du Pamielak, Etxepare sariduna

Aintzane Usandizagak eta Asier Iturraldek sortu dute. Epaimahaiak nabarmendu du topikoetatik ihes egin dutela hitz gutxirekin

Aintzane Usandizaga eta Asier Iturralde Gaston, lana eskuan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ekainean iragarri zuten aurkeztutako 23 lanen artetik zeinek jasoko zuen Etxepare literatura saria, eta Pamielak argitaratu du orain: Etxe honetan haurrendako album ilustratua. Aintzane Usandizagak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1988) eta Asier Iturralde Gaston-ek (Donostia, 1972) sortu dute liburua, harremanak eta eguneroko bizitza oinarri hartuta. Atzo aurkeztu zuten, Iruñean.

Istorioak eguneroko bizitza islatzen du, eta etxe arrunt bat du gertaleku. Etxean arau zenbaitbetetzera ohituta dagoen aitona baten eta haren egunerokoa hankaz gora jartzen duen biloba baten arteko harremana jasotzen du. «Bakoitzaren joerak, ohiturak, maniak, arauak, eta bien arteko elkarbizitza erakusten du, umore begirada batetik», laburbildu du Usandizagak.

Hark hartu du alde narratiboaren ardura, eta haren kideak irudi bihurtu du istorioa. Baina emaitza «elkarlanaren» ondorio izan dela nabarmendu dute biek: «Ez da izan testu bat idatzi eta gero irudiarekin hura ilustratzea; eskutik helduta doaz eta biek kontatzen dute istorioa». Hala lan egiteak «mundu bat» zabaldu diela esan dute; «beste lengoaia bat». Albumean, halere, irudiek pisu handiagoa dute testuak baino. Epaimahaikideek ere nabarmendu dute elkarlana: «Ederki uztartu dituzte hitza eta irudia; hitz gutxi baina nahikoen bitartez topikoetatik ihes egin dute».

Iruñeko Udalak eta Galtzagorri elkarteak antolatzen duten Biko-teka egitasmoan ezagutu zuten elkar bi sortzaileek, eta horren barruan ondu zuten lana. Konpartitzen zituzten gaiak bilatu ondoren, pertsonaien nortasuna eta istorioa eraikiz joan ziren. Prozesua elkarrekin egitea «oso aberasgarria» izan dela adierazi dute; «luxu bat».

Hurrengoari begira

Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek ematen dute Etxepare saria, urtero. Argitaratu duten hamahirugarren albuma da Usandizaga eta Gastonena, eta beste hizkuntzetara itzultzeko aukera ere izango dute. Antolatzaileek jakinarazi dute dagoeneko prestatzen ari direla heldu den urteko Etxepare sariaren deialdia. Maiatzaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira albumen maketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.