Albistea entzun

Koronabirusa

Antigenoen testen «iraultza»

PCR testak izan dira orain arte positiboak atzemateko tresna ohikoena. Antigenoen testak hobetu egin dira, ordea. Onurez ari dira aditu asko: merkeagoak dira, azkarragoak, eta egiten errazagoak.
Osasun langile bat, antigenoen testak erakusten, artxiboko irudi batean.
Osasun langile bat, antigenoen testak erakusten, artxiboko irudi batean. RAFA ALCAIDE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko urriak 10

Osasun sistemetako zenbait eragileren arabera, antigenoak atzemateko testek «iraultza» ekarriko dute COVID-19aren izurriari aurre egiteko bidean. Hilabeteotan PCR testak erabili dituzte gehien, baina gero eta hobeak dira antigenoak detektatzeko prestatutakoak, eta abantaila handiak dakartzatela diote adituek. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia irakasle Gorka Orive dago horien artean: «Abantaila bat da merkeagoak direla. Bestea, ez dela teknikari kualifikaturik behar test horiek egiteko. Hirugarrena, azkartasuna». Hamabost-hogei minuturen buruan emaitza ematen dute. Alde nabarmena da: PCRetan, emaitzak egun batetik bestera heltzen dira normalean.

Izurriak zedarrituko du oraindik etorkizun hurbila, eta antigenoen testak egiteko baliabideak toki askotan jar daitezkeela iradoki du Orivek: «Testak egiteko makinak jar ditzakezu, adibidez, egoitza batean, erietxe batean, kontzertu erraldoi batean... Neurketa puntu gehiago izatea ahalbidetuko dute testok». Osasun sistemak urratsak egiten ari dira erabiltzen hasteko: Osakidetzak urriaren 19an jarri du hasteko eguna; Osasunbideak, berriz, erantzun du erabiltzen hasteko prozesua abian dela eta aurki jakinaraziko dutela noiz izango den. Hainbat erietxe pribatu, bestalde, ari dira jada test horiek erabiltzen. Lehen begiratuan, haurdunaldi testen antzekoak dira, baina ezin dira oraino botika batean erosi: ezin ditu norberak nahieran erabili.

PCR testen jomuga bera dute antigenoen testek: «Infektatuta zauden esaten dute». Biak egiten dira sudurretik —eztarritik ere bai zenbaitetan— hartutako laginak aztertuta, eta helburua izaten da lagin horietan birusa dagoen argitzea. Bakoitzak bere modura egiten du hori. PCR testek birusaren genomaren itu jakin batzuen bila jarduten dute. «Beste test hauek, berriz, antigeno biralak neurtzen dituzte; birusak sortutako substantzia batzuk», esplikatu du Orivek. Bi test motak erabiltzera egin beharko dela esan du, eta akaso elkarren osagarri ere izan beharko dutela maiz. Are gehiago, puzzlea osatze aldera, antigorputzak atzemateko testak ere badaude; batez ere, infekzioa zenbat pertsonak eduki duten argitzeko azterketa serologikoetan erabiltzen dira halakoak. Aktibo dauden kasuak atzemateko ere balio dute, ordea. Izan ere, bi motatako antigorputzak aurki ditzakete. Bat: IgM motakoak agertzen badira, ulertu behar da pertsona hori COVID-19 gaitzaren fase akutu batean dagoela, eta bakartu egin beharko da. Bi: IgG erakoak agertzen badira, esan nahiko du jada gaixotasuna pasatu duela eta antigorputzak dituela.

Irakurtzen jakin behar da

Hainbat azterlanen arabera, gaitzaren sintomak —askotan aski arinak izaten dira— agertzen hasten diren lehenbiziko egunean eta hurrengoan gertatzen dira kutsatzeen herenak. Gaixotasunaren hastapen horietan birusa azkar atzemateko bidean, antigenoen testak oso baliagarriak izan daitezkeela nabarmendu du Orivek. «Izan ere, sentikortasuna izateko, antigeno asko behar izaten dira... Karga biralaren gailurrean agertzen dira horiek normalean, eta leiho hori lotuta dago sintomatologiarekin, eta kutsakortasunarekin». Testen eraginkortasuna neurtze aldera, bi aldagairi begiratzen zaiela adierazi du: «Sentikortasunari eta espezifikotasunari. Sentikortasunak neurtzen du eri daudenen artean zenbat positibo atzematen dituen testak; espezifikotasunak, osasuntsu daudenen artean, zenbat negatibo». Ehuneko apalak ematen zituzten orain dela hilabete batzuk bietan merkatuko testek, eta, orain, %90etik gorakoak dira.

Testen emaitzak «irakurtzen» jakin behar dela adierazi du, hala ere, Orivek; test horiekin azterketa masiboak eginez gero, badira aintzat hartu beharreko aldagai gehiago: izurriak gizartean une horretan duen errealitatera ekarri behar dira. «Prebalentzia, esate baterako, garrantzitsua da. Oso birus gutxi badago, agian test horiek ez dira oso baliagarriak; fidagarriagoak izango dira negatiboak, positiboak baino...». Horregatik, prebalentzia apaleko egoeretan, esate baterako, zenbait emaitza PCR testekin osatu beharko direla adierazi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miravalles-Redin ikastetxe, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei

Ion Orzaiz

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako baldintzak»

Pilar Alegria PSOEko eledun eta Hezkuntza ministroa, gaurko agerraldian. ©FERNANDO ALVARADO / Efe

Sexu askatasunaren legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan

Maite Asensio Lozano

'Soilik baietz da baietz' legearen aurreko zigorrak berreskuratu nahi ditu Espainiako Justizia Ministerioak, baina Berdintasun Ministerioko iturriek zehaztu dute erreforma batek ez dituela geldiaraziko kondena berrazterketak, eta legea ondo aplikatzean dagoela giltza; horretarako, «premiazko» neurri sorta bat proposatu du. 

Haurren futbol partida bat. ©Maialen Andres / FOKU

«Arrazakeria» salatu dute Arrigorriagan jubenilen futbol partida batean gertatutakoarengatik

Edu Lartzanguren

Haur sikh bati buruko zapia kenarazi nahi izan dio epaileak, eta Federazioak 300 euroko isuna jarri dio taldeari

Donostia ospitaleko zerbitzuburuen protesta, abenduan. ©Jon Urbe / FOKU

Donostia ospitaleko zerbitzuburuek protestan segituko dute negoziazioa «bideratuta» egon arte

Julen Aperribai

Elkarretaratzea egin dute gaur ere Donostia ospitaleko atarian. Azken bileraren aktarekin batera, «kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta erantzuna jasotzeko zain daude.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.