Albistea entzun

'Aita Mari', oraindik geldiarazita

Palermoko portuan geldiarazita pasatu duten denboran izandako gastuek kolokan utzi dute erreskateontziaren etorkizuna, eta, orain, ohiko donazioen bitartez lagundu daiteke proiektua.
<em>Aita Mari</em> ontziaren eskifaia, uztailaren 10ean, Pasaiako portura iritsi berritan.
Aita Mari ontziaren eskifaia, uztailaren 10ean, Pasaiako portura iritsi berritan. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Rekondo Izagirre -

2020ko uztailak 19

Iritsi zen azkenean Aita Mari erreskateontzia Pasaiako portura. Apirilaren 13an egin zuen azken erreskatea, eta, horren ondoren, itsasontziak 49 egun pasatu behar izan zituen Palermon geldiarazita. Italiako portura iritsitakoan, berrogeialdia egin behar izan zuten eskifaiako kideek, eta hango kostazainek azterketa bat egin zioten itsasontziari. Ikuskatzea eginda, ontziaren itsasoratzea galarazi zuen Italiak, ingurumenari eta nabigaziorako segurtasunari kalte egiteko moduko «akatsak» zituela argudiatuta.

Palermoko egonaldiak 55.000 euroko galera sortu die, eta, helburua Mediterraneora itzultzea bada ere, berriro itsasoratzeko zailtasunak izango dituzte. Gastu horretaz gain, berriro Pasaiatik atera ahal izateko, Italiako kostazainek agindutako erreformak egin behar dituzte: hondakinak kudeatzeko eremua handitu, ur zikinen kudeaketa moldatu eta kamaroteen aireztapena hobetu. Berez, ontzi handiagoei eskatzen dizkieten baldintzak direla azaldu dute Aita Mari-ko kideek.

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundea kexu da gobernuen jarrerarekin. Behin baino gehiagotan esan dute Europak ez dituela etorkinak eta erreskateontziak nahi Mediterraneoan. Iñigo Mijangos eta Izaskun Arriaran Aita Mari-ko kideek BERRIAri azaldu diotenez, guztiz «deseroso» sentitzen dira haiek agertu dieten jarrerarekin. Geldialdiak ez die lagundu. Mijangos: «Helburua berriz itsasoratzea da, baina ikusi behar dugu ekonomikoki nola gauden». «Egungo legedia, bere baitan, ez da oztopoa», adierazi du Mijangosek; «hori bai, bete egin behar da». Gobernuek itsas legediaren interpretazio aldrebesak egiten dituztela erantsi du, eta horren kontra ezin dutela ezer egin. GKEak behin eta berriz salatu du lege horiek helburu jakin batzuk lortzeko moldatzen eta interpretatzen dituztela.

Erreskateontziak bolada txarrean daude. Mijangosek azaldu duenez, bat bera ere ez dago itsasoan. Sea Watch 3 erreskateontzia ere geldiarazi egin dute ikuskatze baten ondoren, eta gainontzeko ontziekin ere hori gertatuko dela uste dute Aita Mari-ko bi kideek.

Erreskateontzirik ez, baina, oraindik ere, Mediterraneoa da jende askoren ihesbide bakarra. Koronabirusaren pandemiak ez ditu gatazkak eten, eta jende askok bere herrialdetik atera beharra dauka oraindik ere. Mijangosen ustez, egoera «are okerragoa da» orain, lehengo gatazkei koronabirusa gehitu zaielako.

Mijangos eta Arriaran oinarrizko behar bati erantzuna emateko barneratu ziren proiektuan. Mediterraneoko egoera ezagutzen zuten, eta han erreskateontzirik ez izateak ezinegona sortzen zien. Mijangos ontzia kudeatzeaz arduratzen da, eta Arriaranek, berriz, osasun arloan egiten du lan.

Etorkinen osasun egoera faktore askok baldintzatzen dute. Arriaranek dioenez, «mota askotako kasuak. Oso nekatuak iristen dira. Hala ere, kalterik larrienak psikologikoak dira». Azaldu dutenez, itsasotik erreskatatutako pertsona horiei ikusi dizkiete sekula ikusi dituzten «begiradarik tristeenak».

Osasun proiektua Kiosen

GKEaren jarduna ez da itsasora mugatzen. 2015. urtetik, Greziako Kios uhartean ere aritzen dira boluntarioak; izan ere, martxan daukate osasun proiektua hango errefuxiatuen kanpalekuan. Hiru atal lantzen dituzte boluntarioek: gutxieneko osasun arreta bat, gaixotasunen jarraipena eta botiken administrazioa. Horrez gain, oinarrizko formakuntza ematen dute, osasunari eta higieneari buruzko kalitatezko informazioa hedatzeko. Aho osasunarentzat ere plangintza bat sortu dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ENDIKA PORTILLO / @FOKU

Arartekoak neurriak eskatu ditu, andreekin diharduten ertzainak enpatiaz aritzeko

Maite Asensio Lozano Jone Arruabarrena

Gutxienez hiru ertzain zigortu ditu Segurtasun Sailak, emakumeei komisarian tratu desegokia emateagatik. «Praxi okerra» antzeman du Arartekoak ere
 ©BERRIA

«Hiriak ez daude prest klima aldaketari aurre egiteko»

Nagore Arin - Isabel Jaurena

Zenbait hiritan, martxan jartzen ari dira klima aldaketari aurre egiteko planak. Eredu horiek aztertuz egokitzapenaren kontzeptua definitu nahian dabil ikerlari talde bat, neurri zehatzagoak hartzeko.
 ©BERRIA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, aurreko astean. ©L. RICO / EFE

Erkorekaren arabera, «erakundeen arteko komunikazio hutsegite batzuek» eragin zuten Mazonen babes falta

Jone Arruabarrena

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aitortu du erakundeak ez direla «gauza izan» Gasteizen hildako emakumearen bizia bermatzeko eta babesteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...