Aro berrira konektatzeko premia

Europako Batasunak ezarri du auto ekoizleek ezin dutela gainditu kilometroko 95 gramo CO2, batez beste. Konpainiek urtebete dute erronkari erantzun eta isun erraldoiak saihesteko.

Auto elektriko bat bateriak kargatzen. BERRIA.
xabier martin
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Autogintzaren industria ez dago prest gaur egun saltzen dituen gasolinazko auto guztien kontsumoa ehun kilometroko 4,1 litrokoa baizik izan ez dadin; ezta gasoliozkoen kontsumoa 3,6 litrokoa baino ez izateko. Europako Batasunak ezarritako CO2ari buruzko helburuak betetzeko, ordea, 2021 baino lehen lortu beharko lituzkete kopuru horiek auto ekoizleek, milioika euroren isunak saihesteko.

Izan ere, batasunak finkatu duekoizleek beren eskaintzetan ezingo dutela gainditu kilometroko 95 gramo CO2ko langa, batez besteko isuriei dagokienez. Kopuru hori gainditzen duen eragileak isunak izango ditu zain, eta ez nolanahikoak: 95 euro gramoko eta kilometroko; hau da, 12.000 milioi euro —industria osoaren egungo katalogoa aintzat hartuta—, Moody'sen kalkuluen arabera. Badira aurreikuspen beltzagoak eta arinagoak, baina kontua da gaur-gaurkoz autogintzaren konpainiei ezinezko izango zitzaiela marka horiek lortzea auto elektrikoak ez baleude. Zero isuriko autoen salmenta da isunei izkin egiteko soluzioa, salgai jarritako autoen batez besteko isuriak jaistekoa, alegia; horregatik, aurtengo lehen egunetik, motor eraginkorreko ibilgailu gehiago —hibridoak batik bat—eta elektriko gehiago salduko dituzte konpainiek, katalogoa aldatu eta eskaintza erakargarriagoak egingo dituztelako.

Iraultza abiarazi nahian

Industriak berak ez du jakinarazi, baina Transport & Environment GKE ekologistak aurreikusi du %10 inguru haziko direla hibrido entxufedunen eta elektrikoen salmentak aurten. Izan ere, Europako Batasunaren isurien araudi berria indarrean dago aurtengo urtarrilaren lehenaz geroztik auto garbienentzat (gutxiengoa). Araudi horrek eskaintza osoari eragingo dio 2021erako.

Azken finean, iraultza txiki bat eragiten ari da CO2 isurien araudi berri hori autogintzan. Ekoizleak beren eskaintzak berraztertzen ari dira, motor handiko auto kutsatzaileak alboratzen hasi beharko baitute. Marka gehienentzat haiek dira errentagarrienak, ordea, eta, hori gutxi balitz bezala, konpainiak inbertsio handiak egin beharko dituzte lehenbailehen motor garbiak garatzeko. Erraza da pentsatzea horrek guztiak ustiapen emaitzetan bere isla eduki dezakeela.

Azken urteetan nagusitu diren merkatuaren joeren ondorio da konpainiek aurrez aurre dutenerronka handia. Dieselgate auziak gasolio autoen salmenta hondoratu du, eta dieselak CO2 gutxiago isurtzen du gasolinak baino. Hark izan du hazkunde izugarria azken urteetan, eta CO2 isurien hazkunde are handiagoa egin du SUV ibilgailuen aldeko erosleen hautuak. Handiagoak eta kutsagarriagoak izan arren, SUV eta haren tankerakoak saldu dira gehien.

Gasolina gehi SUV

Horiek horrela, 2013an baino 2,6 gramo CO2 gehiago isurtzen dute autoek kilometroko orain, eta dieselgate auziak 0,25 gramoko hazkundea baizik ez du azaltzen. Gasolinazko motorra gehi SUV autoen ariketak emaitza kezkagarriak utzi ditu ingurumenari begira. Araudi berriak muga jarri nahi die isuriei, eta, bide batez, auto elektrikoei benetako bultzada bat eman.

2018. urtean, batez beste, 120,6 gramo CO2 kilometroko isuri dituzte autoek Europako Batasunean, ACEA ekoizleen elkartearen arabera, (+%1,8 ). Auto salduen erdiak izateko bidean dira SUV motakoak, izan ere. Analistek diote auto konpainiek ez dutela aparteko arazorik izango isurien araudi berria betetzeko 2020. urtean; 2021erako arazo larriak egon daitezke, ordea, eta aurtengoa trantsizioko urte gisa hartuko dute eragileek, hortaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.