Beltzaren azpiko tonuak

Habi musika taldeak 'Koloreak' bigarren diskoa plazaratu du. Aurreko lanaren ia segidatzat du bikoteak, eta zuzenean aurkeztuko dute orain
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Ainhoa Sarasola -

2020ko abenduak 2

Bi urte baino ez dira Yeray Gascon eta Jon Ander Artola musikariek Habi sortu zutela. Iazko ekainean, Loratu azal koloretsuko estreinako diskoan, zortzi kantu bildu zituen taldeak. Eta orain, azal beltzean bilduta, beste zortzi abesti berri plazaratu dituzte, Koloreak bigarren diskoan. Album ilunaren barruan gorde dituzte askotariko kolore eta tonuak oraingoan. Azken hilabeteotan gitarraz, bateriaz eta ahotsez landutako piezak Elkar estudioan findu eta grabatu zituzten, Victor Sanchezen laguntzarekin, eta zuzenean aurkezteko gogotsu daude orain.

Rock doinuak daude taldearen musikaren oinarrian, baina askotariko moldez landuak, lurralde zabala baita rockarena. «Funtsean, rocka dago, baina kantu batzuek pop-rocketik edo post-rocketik ere asko dute. Kantu bakoitzak bere abizenak dituela esango nuke», azaldu du Gasconek. Askotarikotasun hori nabarmendu du Andres Kamio Elkar etxeko ordezkariak. «Entzule gisa, esango nuke denetarik aurkituko duela jendeak diskoan: melodia nahiko popero baina oso delikatuetatik, soinu lodietaraino; bi esparru oso desberdin, oso ondo nahastuta». Artolak gehitu du «intentsitatearekin jolastea» maite dutela.

Intentsitatearekin, eta erritmoarekin. Hitzek diotena gorabehera, batera edo bestera jotzen baitute kantuek beren eskuen artean. «Gu lokalera sartzen gara, eta segun eta zer aldarterekin goazen, bat-batean letra batek har dezake erritmo bizia, edo izan daiteke oso geldoa. Oso zintzoak izan gara geure buruarekin eta bizi dugun momentuarekin», azaldu du Gasconek.

Hitzei dagokienez, diskoan ez da gai bakar bat nagusitzen. Gascon: «Badira gai gogorrak, igual minetik ateratzen direnak, desamodioa, haserretzen zaituen zerbait, zeure buruarekin daukazun elkarrizketaren bat... Nahiko ilunak dira hitzak eta gaiak». Baina iluntasun horren azpian kolorerik ere bada, izenburuak iragartzen duenez —diskoko kantuetako baten izena ere bada—. Eta bi kideak musikariak ez ezik diseinatzaileak ere badirenez, disko fisikora eraman dute ideia horren bueltan egin duten jolasa. Beltzez jantzi dute Koloreak lanaren azala, eta kolorez barrukoa; zortzi kolore baliatu dituzte diseinuan, kantu bakoitzari bat emateko.

Bi urteko bidea badu ere, dagoeneko «unibertso propio bat» ari da sortzen Habi, Kamioren ustez. «Kantuak hitz bakar batean laburbiltzen dituzte, eta, gero, hitza garatzean, film baten eszena oso bat sortzen dute; hitz horiek asko dute ezkutuan. Bai estetikoki, bai hitzekin, bai soinuarekin... gauza horiekin guztiekin unibertso propio bat sortzen ari da taldea, eta soinu propio bat definitzen».

Banan-banan forma emanez

Aurrez beste talde batean aritu zirela azaldu du Gasconek, eta, gerora, Artola eta bera hasi zirela lokalean bakarka elkartzen. «Lehen, musika mota oso desberdin bat egiten genuen, eta, bat-batean, ia nahi gabe sortu genuen Hitzak, lehen diskoko lehen kantua dena. Ikusi genuen zerbait berezia sortu genuela, geuk ere ez genekien nondik atera genuen soinu hori. Gure motxila bezala bilakatu zen, eta horrekin joan gara bidaia honetan». Kantak sortzen jarraitu zuten, eta urte amaieran ezagutu zuten Victor Sanchez. «Berak ere ez zekien zer asmo genuen, eta guk ere ez genekien zer egin nahi genuen musika horrekin». Baina egiten ari zirena erakutsi ahala, zerbait berezia ikusi zuen Sanchezek ere. «Beti egon da gurekin, hasieratik, lehen diskotik bigarren honetaraino».

Bigarrena «oso segidan» iritsi zen, Gasconen hitzetan. «Ez genuke banaketa handi bat markatuko; sortzen aritu gara beti». Lehen diskoa aurkezteko, aurreneko kontzertuan bertan jo zuten bigarreneko kantuetako bat. «Ia luzapen bat bezala ikusten dugu. Badu bigarren lan baten izaera: askoz ere gehiago landu dugu; denbora gehiago eskaini diogu, eta bagenuen aurrekoaren pisu hori, soinu propioa, egiteko era... horrek ere eragin du».

Joan den otsailerako, ia sortuak zituzten disko berriko kantuak. «Ez hartu duten azken forman, aldatuz joan baitira». Erabakia zuten pieza berriak grabatu nahi zituztela. Eta aurretik kontzertu gehiago egitea zen asmoa, baina pandemia lehertu zen. «Eta, azkenean, pandemia egoera honek bultzatu gaitu diskoa ateratzera», azaldu du Artolak. Izan ere, zuzenean jotzeko eta entseatzeko aukerarik gabe, sortuta zeukatenarekin zerbait egin nahian jo zuten Elkarrera, eta kantuak lantzea eta grabatzea proposatu zieten han.

Sanchez izan zuten alboan berriro, eta haren lana eskertu dute, «sekulako pisua» izan zuela iritzita. Banan-banan eman zieten forma piezei, eta, lehen diskoaren aldean, ezberdina izan zen prozesua. Artola: «Disko honetan, kantu bakoitza hartu, eta bere soinua bilatu dugu. Uste dut mimo handiagoz eginiko diskoa dela». Gascon: «Guretzat, Victor taldeko hirugarrena izan liteke. Diskoa bere proiektutzat hartu du, eta gurekin landu du. Lehenengoan ere berak lagundu zigun soinua definitzen, eta argi ikusi genuen bi izanda ere soinu asko egin daitekeela».

Emaitzarekin oso pozik geratu dira, eta zuzenean aurkezteko lau data lotu dituzte oraingoz: hilaren 5ean, Ahotsenean ariko dira, Durangoko Azokan; hilaren 6an, Donostiako Dabadaban, Denarekin; urtarrilaren 23an, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astran, Etxekalterekin; eta otsailaren 13an, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustinen, Zea Maysekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Labrit Ondareko Itziar Luri eta Gaizka Aranguren, eta Elena Aitzkoa artista, Uharte zentroaren egoitzan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Antzokia herritarrentzat zer den

Uxue Rey Gorraiz

Iruñeko Gaiarre antzokiaren iruditeria dute aztergai Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. Elena Aitzkoa artista eta Labrit Ondarea ari dira lanean; ekainean aurkeztuko dute emaitza

Gonzalez, Segura, Zugaza, Aburto eta Martinez, atzo. ©BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA

Bizkaiko ondarea ikertuko dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Eleiz Museoak

Ane Eslava

Hitzarmen bat sinatu dute bi museoen bildumetan eta lurraldearen historian sakontzeko. Luis Pareten erakusketa bat egingo dute udan.

 ©Euskadiko Orkestra
Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleak Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren sarien aurtengo irabazleekin ©Aritz Loiola/ Foku

Asier Hernandezek irabazi du Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren saria

Amaia Igartua Aristondo

'Kill, Kerra eta karma' lanari esker gailendu da. Gaur egungo hainbat gai umorez jorratzen dituzte Hernandezen obrako pertsonaiek; besteak beste, politika eta euskara batua. Martxoaren 4an, irabazi duen testuaren irakurketa dramatizatua egingo da Bilboko Bira kultur gunean, Lautan Hiru jaialdiaren barruan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna