Albistea entzun

Kategoriak arrakalatzera

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du

Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak.
Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, Erre emanaldiaren sortzaileak. LANKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2022ko urtarrilak 26

«Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi; bata beti bestearen muga eta definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Erre ditzakegu kategoriak batak bestea erre beharrean?». Halako galderak eginez, dikotomien logikan arakatu nahi du Erre ikuskizunak: gizartea antolatzen duten dualismoak abiapuntu hartuta, horiek mahaigaineratu, hala zalantzan jartzeko, arrakalatzeko.

«Saiatu gara mugetan arakatzen, eta dualismoen erdian dagoenari buruz hitz egiten», adierazi du Oihana Aranak. Haizea Arana, Aner Peritz eta Leire Vargasekin batera ondu du proiektua, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean. Lanak bertsolaritza du oinarri, baina beste adierazpide batzuekin osatzen da; Lanku enpresak ekoitzi du, eta otsailaren 5ean estreinatuko dute, Durangon (Bizkaia).

Ikuskizunaren abiapuntua bertsolaritza izan zen, lau kideak bertsolaritzan aritzen baitira. Hari horrek ez ezik, beste zerk ere batzen zituen hausnartzen aritu ziren, eta bi ildo nagusi aurkitu zituzten, Aranak azaldu duenez: «Batetik, belaunaldi berekoak garela; eta, bestetik, marikak edo bollerak garela. Ezaugarri horiek gure bizitzetan oso presente daudenez, hortik erlazionatu garenez, hortaz aritu garenez, horri buruz hitz egingo dugu: gaztetasunaz, bertsolaritzan marika eta bollera izateaz, bertsolaritzaz...».

Oinarri horiek zehaztuta, edozein pertsona ukitu dezakeen gai bat aukeratu zuten: dikotomiena. «Sarritan dualismoetatik sortzen dira zapaltzaile eta zapalduaren rolak; guk ere geure gorputzetan batzuetan zapalduaren rola jokatzen dugu, eta bestetan zapaltzailearena, eta interesgarria iruditzen zaigu hori mahaigaineratu eta hortik sortzea».

Taula gainean saiatuko dira galderak proposatzen, jendearen barruan zerbait mugiarazten, rolek bakoitzaren baitan sor ditzaketen kontraesanak azaleratzen... Funtsean, «kategoriak arrakalatzen».

Dualismoen erdian gelditzen denari buruz hitz egingo dute, beraz; zeren, haien irudiko, dualismo horiek «fikzioak» baitira: «Gehienak ez gara kategoria horietan sartzen, ezta dualismo sinpleenetan ere: gaztearen eta zaharraren artekoan, adibidez».

 

«Lurreko» gai bat hautatzeak «lur finko bat» emango diela dio Aranak: «Ukaezina delako dualismoak existitzen direla». Sortzeko orduan oinarri finkoak izatearen garrantzia aipatu du: «Behar dira baliabideak, horiek ematen dizun jendea, denbora... Lur finkoaren ideia sormenaren esparru askotara zabal daiteke».

Horrekin lotuta, nabarmendu du Lankuren babesa ezinbestekoa izan dela proiektua aurrera ateratzeko, proposamena jaso aurretik ez zutelako planteatu ere horrelako zerbait egin zezaketenik. «Lankuren aterki pean aritzeak dakar, batetik, kanpo onarpena, sortzen jarraitzeko beharrezkoa izaten dena; eta, bestetik, baliabideak. Geure kabuz egin izan bagenu, agian sortzeko gai izango ginateke, baina beste lan batzuk ezingo genituzke egin, eta ez ginateke baldintza duinetan arituko», zehaztu du Aranak.

Hori horrela, aldarrikatu du «interesgarria eta beharrezkoa» dela ibilbide profesional luzea duten sortzaileei ez ezik, beste batzuei ere plazak eskaintzea, beste ahots batzuk atera daitezen.

Forman ere mugak haustea

Ikuskizunean bertsoa izango da nagusi, baina antzerkia, musika, narrazioa eta poesiarekin uztartuko dute, edukian ez ezik forman ere «mugak lausotzeko». Diziplinartekotasunaren alde egiteko erabakia logikoa izan da taldekideentzat, haiek ere adierazpide batean baino gehiagotan aritzen direlako.

Emanaldiak ordubete inguru iraungo du, eta hamar piezak osatuko dute. Piezak independenteak dira, baina hari komun batek lotzen ditu guztiak, eta denetan dikotomiak planteatzen dituzte.

Antzokira doan ikuslearengan zerbait «mugiarazi» nahi dute, eta uste dute eragina ezberdina izango dela ikuslearen ezaugarrien arabera: «Guk jorratzen ditugun gaiei buruz zerbait hausnartu edo bizi izan duenari sinpatia edo umorea iritsiko zaizkio, eta, akaso, gozoa izango da harentzat; pertsona zurrunago batentzat izan daiteke erreduratxo bat».

Proposamena oholtzara eramateko Edurne Azkarate izan dute haiekin, zuzendaritza lanetan. Haren ekarpena «ezinbestekoa» izan dela dio Aranak: «Guk testuen sorkuntzan bagenuen esperientzia, baina taularatzeko orduan ez genekien ongi nola egin, eta Edurne etorri zenean, gure intuizioak azkar harrapatu zituen; haren ekarpena oso aberasgarria izan da».

Otsailaren 5ean estreinatuko dute Erre, Durangoko San Agustin kulturgunean (Bizkaia). Sarrera guztiak agorturik daude, baina izango da emanaldia ikusteko aukera gehiago: otsailaren 15ean Iruñean taularatuko dute, 18an Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta 19an Zizurkilen (Gipuzkoa); martxoaren 11n Zuian (Araban), 12an Tolosan (Gipuzkoa), eta 25ean Zarautzen (Gipuzkoa).

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi ©Jakin

Idoia Beratarbide eta Oier Guillan dira Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren irabazleak

Isabel Jaurena

'Artxibo biluzia' saritu dute, Torrealdairen artxiboen lapurreta abiapuntu duen proiektua.

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Paulo Ostolaza

Ireki ditu ateak Landako guneak. Ikasleak izango dira goizeko protagonistak, eta 14:30ean hasiko dira Ahotseneko ekitaldiak.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eztanda baten esperantzan

Iñigo Astiz

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

 ©Aritz Loiola, FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.