«Abenduko hauteskundeetan sorpresa hartu bagenuen ere, bigarren postua jada ez da nahikoa; irabaztea da gure helburua». Argi du Ione Belarra Unidos Podemos taldeko Espainiako Kongresurako lehen hautagaiak. Nafarroan, Ahal Dugu, Ezkerra eta Equo elkarrekin joango dira ekainaren 26ko hauteskundeetara. Atzo egin zuten hautagaien aurkezpena, eta, Belarraren arabera, Nafarroako «pluraltasuna irudikatzea» lortu dute: «Bereizten gaituenetik harago, bat egiten dugunean elkartzeko gai izan gara». Helburua garbi dute: «UPN-PP blokea gainditzea».
Ahal Dugu-ko Eduardo Santos da kongresuko zerrendako bigarrena, eta Eliana Aleman hirugarrena (independentea). Senaturako, berriz, Iñaki Bernal izango da zerrendaburua (Ezkerra), Aurora Sanz bigarrena (Ahal Dugu), eta Aitor Pescador hirugarrena (independentea). Espainiako Gobernuan aldaketa lortu nahi dute. Halere, Belarrak baieztatu duenez, «etsaia ez da PSOE, PP baizik».
Santosek aditzera eman du PPren politikak «bertan behera uzteko» hautagaitza «indartsua» aurkeztu dutela: «Lidergoa lortzea izango da benetako aldaketarako berme bakarra». Hala, hautagaiek nabarmendu dute ekainean «aukera historikoa» izango dutela orain arteko bidearekin hausteko. «PSOEk eskura izan du aldaketaren giltza, baina ez da gai izan zaharraren eta berriaren artean erabakitzeko», gehitu du Santosek.
«Herritarren esanetara»
Bernalek ziurtatu du erakundeak erreskatatu eta «herritarren esanetara» jarri nahi dituztela: «Ez enpresa handien eta Ibex 35en zerbitzura». Irabazteko «behar etikoa» dutela ohartarazi du, ustelkeria kasuak eta ate birakariak behin betiko amaitzeko. Halaber, politikari «ikuspuntu feminista» eman nahi dio Unidos Podemosek, Bernalek baieztatu duenez.
Azkenik, Aitor Pescador historialariak senatuak zertarako balio behar duen azaldu du: «Nafarroako Parlamentuan onartutako legeak aurrera joan daitezen, eta herritarren oinarrizko eskubideak berma daitezen, ezinbestekoa da senatuan egotea eta PPri lekua kentzea. Horretara goaz».
Bigarren postutik lehenengora jauzi egin nahi du Unidos Podemosek
Ione Belarrak adierazi duenez, hautagaitza «plurala eta indartsua» aurkeztu du koalizioak, UPN-PP blokeari irabazteko helburuarekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu