«Familiak hotzez hiltzen ari dira»

Azken hilabeteetan nabarmen ugaritu dira beren buruaz beste egin duten yazidien kasuak, besteak beste, errefuxiatu esparruetako egoera txarrak bultzatuta. Nazioarteak bakarrik utzi dituela salatu dute.

Gazte yazidiak, errefuxiatu gune batean. ULAS YUNUS TOSUN / EFE.
Orsola Casagrande
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ezin dut gehiago». Horiexek izan ziren 21 urteko ikasle gazte yazidi baten azken hitzak, bere buruaz beste egin aurretik idatziak. Gaztea Duhokeko iheslari esparruan bizi zen, Kurdistanen, Irak iparraldearen inguruan. Aita Estatu Islamikoaren kontrako borrokan hil zitzaion. Xengalgo emakume taldeko GhazalekBERRIAri azaldu dionez, gazte horrek zera nahi zuen gauza guztien gainetik: «Ikasten segitzea. Baina ez zuen horretarako aukerarik, familiak iheslari esparruan zuen egoera ekonomikoak zela kausa».

Azken hilabeteetan, kezkatzeko moduan ugaritu dira iheslari esparruetan beren buruaz beste egindako gazte yazidiak, batez ere Duhokekoan, Ghazalek baieztatu duenez. «Ezin okerrago daude han. Orain, neguan, familiak hotzez hiltzen ari dira, eta ez da esaera bat: orain dela sei urte jarritako denda berak dituzte bizileku, 2014ko abuztuaren 3an jihadistek Xengalen erasoa jo eta gero jarritako berberak».

Ghazalek gehiago kontatu du: «PDK gure herritarrak zapaltzen ari da esparruetan. Egiaz, presondegiak dira esparru horiek. Ez dakigu haietan zenbat bizi diren ere, baina uste dugu 200.000 lagun ere izango direla. Neguan hotz handia egiten du, eta udan, bero handia, eta errefuxiatuek egunean ordu gutxi batzuetan bakarrik dute argindarra. Gainera, iheslariek kexa egiten dute petrolio hobiak eta zabortegiak oso gertu daudelako esparruetatik; horrek arnas arazo asko sortzen ditu, kutsadura dela eta».

Osasun baldintzak txarrak dira arrunt, Ghazalek baieztatu duenez. «Beherakoa izaten dute oso maiz, azaleko infekzioak ere bai, eta, askotan, ez dute edateko moduko urik. Esparruetako osasun zentroek ez dute behar adina botikarik, eta erizain eta mediku espezializaturik ere ez».

2020an, zenbait emakumek eta gaztek beren buruaz beste egin dute. «Ez dakigu zehazki zenbat izan diren, zaila baita esparruetan dugun jendearekin komunikatzea». Jakina da martxoan hiru lagunek hil zutela beren burua. Kabarto2 esparruan, Dohuk probintzian, lau seme-alaba zituen emakume batek mezu bat utzi zuen, mezu etsia: nahiago zuen hil, ez baitzuen seme-alabak nondik mantendu. 17 urteko neska gazte batek su eman zion bere buruari, bizi zen kanpadendan. «Haren anaiak esan zigun gaztea zain egon zela, gurasoak irten arte», kontatu du Ghazalek. «28 urteko gizon batek bere buruaz beste egin zuen Khankiko esparruan. Bukatuak zituen unibertsitateko ikasketak, baina ez zuen lanik aurkitzen».

Ghazelek azaldu du Xengalgo Administrazio Autonomoa lanean ari dela jendea ahal den lasterrena itzul dadin etxera. Ia dena txikituta dago, ordea, EIren mertzenarioek birrinduta. «Koronabirusaren pandemiak are gehiago okertu ditu gauzak, eta estresa eta beldurra ekarri dizkie esparruetako yazidiei. Zauriak eta traumak ere hortxe daude oraindik. Are gehiago: zoritxarrez, familia asko bakar-bakarrik aritu dira trauma horiek menderatu nahian, batere laguntza psikologikorik gabe. Haurrek ez dute sostengurik traumak gainditzeko: gurasoak hilak dauzkate, heriotza bortitz ikaragarriz hilak, gainera. Haur askok ikusi dute nola mozten zioten lepoa aitari edo amari. Askok ikusi dute nola bortxatzen zuten ama, arreba edo ahizpa. Halako lazkeriak ezin dira gainditu laguntzarik gabe».

2020 amaierako txosten batean, berretsi dute familia yazidi guztietako kide batek gutxienez arazo psikologiko larriak dituela. «Milaka eta milaka pertsonak arriskua dute beren buruaz beste egiteko; beldurrak airean daude, eta askok atzeman ez zaizkien sindrome batzuk dituzte, eragina dutenak haien eta familiakoen bizitzan», dio Ghazalek.

Antolakuntza

Emakume Yazidi Libreen Mugimendua (TAJE) saiatzen ari da iheslari esparruetako emakumeekin harremanetan jartzen, haiek antolatu daitezen. Ghazalek dioenez, «Xengalen, emakumeak euren kabuz antolatu dira, eta TAJEren bidez emakumeen hezkuntza bultzatzen dute batez ere». Estatu Islamikoak eskolak ere suntsitu ditu, beste egitura publiko guztiak bezalaxe. TAJEk Binevs Edessa Martiriaren Akademia Independentea zabaldu du, eta hor emakumeek aukera dute hainbat arlotako eskolak hartzeko; baita entrenamendu militarra ere, defentsa pertsonalaren arloan.

2016an, Xengalera itzulitako lehen iheslariek Egid Afrin Akademia zabaldu zuten. Akademia horrek ikasgai eta eskola asko ematen ditu, yazidien erlijioari eta kulturari buruz batez ere, baina baita administrazio autonomoari buruz ere. Geroztik, behin-behineko eskolak zabaldu dituzte kanpadendetan. «Baldintzarik onenetan ez bada ere, Xengalgo umeek euren hizkuntzan jasotzen dituzte ikasgaiak. Oraintxe bertan hamar eskola daude, eta 40 ikasgela, seigarren mailaraino. 2020an, 600 bat umek eman zuten izena. Eskola horietan lan egiten duten 33 irakasleek hainbat gai irakasten dituzte; tartean arabiera eta ingelesa ere».

Elkarrizketa bukatu baino lehen, Ghazalek dei bat egin du: «Nazioarteari eskatzen diogu Xengal defendatzeko, eta baita hango herritarrak ere, zeinek Estatu Islamikoaren krimenak pairatu izan baitituzte, edo aurrez aurre ikusi. Administrazio autonomoa defendatzeko eskatzen dugu, eta yazidien eskubideak, euren lurraldera itzultzeko eta euren etorkizuna zein izango den erabakitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.